[Elkarrizketa] “Bartzelonan ikasten ari nintzela maitemindu nintzen bizikletaz”
Ibon Zugasti 18 urte zituela zaletu zen txirrindularitzara, eta ordutik ez da aldendu mundu horretatik. Lehiaketetan parte hartzeaz gain, gaur egun buru-belarri ari da Youtuben duen kanalarekin.
Euskal Herrian jaio bai, baina Katalunian hasi zen Ibon Zugasti (Lezo, 1972) bi pedalei begira. Mendiko bizikletan eman zituen lehen pedalkadak, baina profesionaletara iritsi zen errepidean, eta gravel modalitatean munduko txapeldun izan zen iazko urrian, 50 urtetik gorakoen modalitatean. Komunikatzaile senari helduta, sei urte daramatza Youtuben duen kanala kudeatzen, eta arrakasta handia izaten ari da. Bere eguneroko jarduna kontatzen du kanal horretan.
Zure egungo jarduna txirrindularitzarekin lotuta dago erabat. Nondik datorkizu zaletasuna?
Txikitatik gustatu izan zait bizikletan ibiltzea, baina nire gurasoak ez ziren zaleak, eta arrauna, pilota, futbola eta antzeko kirolak egiten nituen. Bizikleta gustuko nuen, baina gurasoek ez ninduten laguntzen, kontra nituen. Banekien ondo ibiltzen nintzela, osabari errepideko bizikleta lapurtzen niolako eta Jaizkibel igotzen dohainak nituela ikusten nuelako. Dena den, ez nintzen bizikletan serio hasi Bartzelonara bizitzera joan nintzen arte. Unibertsitateko ikasketak egitera joan nintzen hara; 18 urte nituela, emantzipatu egin nintzen, eta bizikleta bat erosi nuen. Garai hartatik hona ez naiz bizikletatik jaitsi; egunero ibiltzen naiz bizikletan.
Euskal Herrian txirrindularitza zaletasun handia izan arren, Bartzelonan hasi zinen, beraz.
Hala da. Unibertsitatera joateko hartzen nuen bizikleta. Bartzelonan nengoela, Collserola parke naturala ezagutu nuen. Kasualitatez topatu nuen, baina maitemindu egin nintzen parke naturalaz eta bizikletaz, eta txirrindularitzan lehiatzen hasi nintzen. Arraroa da euskaldun bat bizikletan Bartzelonan hastea, baina han hasi nintzen ni.
Mendiko bizikletan eman zenituen lehen pedalkadak, ezta?
Bai. Mendiko bizikletarekin hasi nintzen 1992an, eta entrenatzeari eta lehiatzeari ekin nion segidan. Baina argi nuen: lehenengo, ikasketak; ondoren, lana; eta azkenik, txirrindularitza. Lanean nenbilela, beraz, txirrindularitza hirugarren mailako zerbait zen niretzat, baina lehiatzen hasi, eta emaitza onak lortu nituen. 2004an, azkenean, dena utzi, eta erabat hasi nintzen bizikletarekin. Errepidera pasatu nintzen orduan.
Errepidera pasatu eta profesionaletaraino iritsi zinen. Nolako esperientzia izan zen hura?
1997an hasi nintzen errepideko bizikleta hartzen, entrenatzeko, eta ikusi nuen ondo moldatzen nintzela. Lasterketa batzuk egin nituen Katalunian, elite mailako probak, eta aurrean ibili nintzen, errepidean ia moldatzen jakin gabe. Estatu mailako lasterketa on bat izan zen nire lehen proba. Berrehun txirrindulari inguru atera ginen, eta 30ek bukatu genuen. Aurrean ibili nintzen, ihesaldian ere sartu nintzen, eta hor ikusi nuen ona nintzela, dohainak banituela.
Profesional maila oso urrun ikusten nuen, ordea, ez nuen pentsatzen profesional izatera helduko nintzenik ere. Diseinatzaile grafikoa nintzen, eta nire lanean zentratuta nengoen. Pozik nengoen nire lanarekin, eta bizikleta aisiarekin lotzen nuen bereziki. Egia da lehiatzen nuela, eta, esaterako, Kataluniako elite mailako mendiko txapeldun izan nintzela. Espainiako Txapelketan ere hiru aldiz sailkatu naiz lehen hamarren artean… Baina nire lana nuen nik, eta niretzat bigarren mailako kontua zen bizikleta.
Saiatzea erabaki zenuen, hala ere.
Bai. Ondo moldatzen nintzenez, gero eta serioago hartu nuen txirrindularitza. Gutxika hobetzen hasi nintzen, eta 37-38 urterekin Espainiako rankinga irabazi nuen. Hirugarren mailako Argentinako talde batek fitxatu ninduen azkenean, eta bi urte egin nituen profesionaletan. Sekula ez dut ahaztuko nire lehen lasterketa. Argentinako San Luiseko itzulia izan zen, eta Alberto Contador, Vincenzo Nibali eta antzeko txirrindulariekin batera lehiatu nintzen. Erori egin nintzen, eta matxurak izan nituen, baina ez nintzen gaizki ibili; 47. postuan bukatu nuen nire lehen itzuli hura, 40 urterekin.
Mendiko bizikletan eta errepidean bai, baina beste modalitate batean ere aritzen zara: gravelean. Indartzen ari da gravela, baina zertan datza?
Izugarria da gravela. Modalitate sortu berri bat da; duela hamar urte AEBetan hasi zen. Errepideko bizikleta bat erabiltzen dugu, baina mendira egokituta. Ikusi nuen nire bi esparruak elkartu egin zirela: mendia eta errepidea. Errepidearen artea mendiko bizikletaren teknikarekin elkartu zait, eta oso eroso sentitzen naiz. Bi osagai ditu gravelak: abentura eta lehia. Abenturaren ildoari ez diot neurria hartu oraindik, baina graveleko bi lasterketa egin ditut eta oso esperientzia ona izan da. Gelditzeko etorri den modalitate bat da. Nire bikotekideari, esaterako, errepidean ibiltzea gustatzen zaio, baina, gravela probatuta, ez du errepidera itzuli nahi, autoak urrun nahi ditu. Oso lasai ibiltzen da gravelean. Asfaltoa uzteko aukera ematen dizu, pistak har ditzakezu, autoak urrun dauzkazu, zarata ezberdina da… Gravelaz maiteminduta nago.
Iazko urrian munduko txapeldun izan zinen gravelean, 50 urtetik gorakoen kategorian, Italian. Nola bizi izan zenuen?
Elite mailan lehiatu izan naiz beti, baina 50 urte egin nituen iaz [abenduaren 17an], eta maila aldaketa aprobetxatzeko helburuarekin ekin nion denboraldiari. Besteei segika ibiltzetik, lasterketetako ardura hartzera pasatu naizela esan daiteke, eta gaztetuta sentitu naiz. Denboraldi ona egin dut. Mendiko bizikletako Espainiako Txapelketan txapeldun izan naiz hiru modalitatetan: ultramaratoian, cross country-an eta maratoian. Ez da erraza, urteko garai ezberdinetan izaten direlako lasterketak, baina nagusitzea lortu dut. Maratoian bertan, berriz, bigarren izan naiz Munduko Txapelketan.
Hasieran, ez nuen graveleko txapelketara joateko asmorik, baina, probatu nuenean, bertan egon behar nuela ikusi nuen. Veneton [Italia] jokatu genuen Munduko Txapelketa. Irabazteko aukera nuela ikusten nuen, baina ibilbidea oso erraza zen, desnibel txikikoa; ez zuen gogortasunik. Ni hobeto moldatzen naiz lasterketa gogorretan, eta, aukerak banituen arren, oso zaila zen irabaztea. 150 kilometro ziren, laurehun metroko desnibelarekin, eta oso gutxi da hori. 30 txirrindulariko talde bat osatu genuen aurrean eta ez zegoen hori hausterik. Oso zaila izan zen, baina irabazi egin nuen. Oso pozik nago.
Bitxikeria bat ere badauka, gainera, nire garaipenak. Asteburu berean izan ziren Munduko Txapelketako lasterketa guztiak, eta gurea izan zen gizonezkoen lehen lasterketa. Hortaz, esan daiteke gravelaren historiako lehen munduko txapelduna naizela.
Lehia kontuak alboratuta, nolatan hasi zinen Youtubeko kanalarekin? Nondik nora sortu zitzaizun ideia hori?
Betidanik izan naiz komunikatzailea. Asko gustatzen zait hitz egitea, pertsonak ezagutzea eta nire istorioak kontatzea. 1990eko hamarkadan eguneroko bat idazten hasi nintzen; niretzako idazten nuen, ez nuen publikatzen. Baina, ondoren, 2007an, blog bat idazten hasi nintzen, Diario ciclista izenekoa. Estatuko blogetan gehien bisitatua izan zen, eta bertatik Facebookera eta Instagramera egin nuen jauzi. Azkenik, Youtuben murgiltzera animatu nintzen, eta nire egunerokoa erakusten duten bideoak egiten ditut.
Pozik zaude emaitzarekin?
Sei urte daramatzat dagoeneko, eta oso pozik nago, jende askok jarraitzen dit. Bizikletaren munduan gaztelaniazko kanaletan gehien ikusia da nirea. Milioi bat erreprodukzio izaten ditut hilabetero. Harpideak ez dira horrenbeste; 300.000 dauzkat oraintxe. Txirrindularia naiz, baina Youtuben buru-belarri nabil. Lan bat da hori ere, eta horrela hartzen dut egunerokoa.
Zure eguneroko kontuak aipatzen dituzu bideo horietan. Esaterako, entrenamendu, erronka, aholku edo lasterketen gainean aritzen zara hizketan. Zergatik lantzen dituzu eduki horiek?
Nire bizitza, esperientziak, lasterketak, bidaiak, tristurak eta poztasunak kontatzen ditut alde batetik. Baina, horiez gain, nire helburua da jendea entretenitzea eta haiek bideoekin ondo pasatzea. Eta beti esaten dut gauza bera: zerbait irakatsi edo gehitu badezaket, ongi etorria izango da. Asko hitz egiten dut nire komunitatearekin, mezu guztiak erantzuten ditut, eta jendeak galdera asko egiten dizkit. Pandemiarekin txirrindularitzak sekulako boom-a eduki zuen, eta ezagutzen ez nuen jendea etorri zen niregana. Jende berri horrek, gainera, aholku asko eskatzen zizkidan, eta, hain zuzen ere, horregatik hasi nintzen nire Youtubeko kanalean aholkuak ematen. Jendeak eskatzen didana egiten dut nik, ez dut planifikaziorik. Jendearen iruzkinak irakurtzen ditut, eta eskatzen duten lekura joaten naiz.
Telebistan ere egin izan dituzu sartu-irtenak. Besteak beste, ETB2ko ¿Qué pasa, Gallo? programan aritu zinen. Nolako esperientzia izan zen?
Oso polita izan zen. Eguberriak ziren, eta ETBk hiru programa egiteko tarte bat zuen. Ekoiztetxe batek deitu ninduen aukera hori eskaintzeko, eta hartzea erabaki nuen. Esperientzia gisa asko ikasi nuen telebistan, ikaragarria izan zen dena. Aukera horrekin asko ikasi nuen nire Youtubeko kanalerako.
Baduzu proiektu berririk esku artean?
Bizkarrezurreko bi hezur hautsi nituen iragan astean, eta hortik ateratzea da nire erronka. Sustraietara itzultzea zen aurtengorako nuen proiektu nagusia. Orbearekin, nire taldearekin, hitz eginda neukan proiektu horri buruz; eskualde berriak ezagutzea zen asmoa, bideo onak egitea… Gravelaren proiektua ere hor dago, baina oraintxe bertan zutik jartzea eta oinez ibiltzea dira nire proiektuak; oso izorratua nago.
Baduzu bestelako erronkarik?
Aurten altu utzi dut langa. Eroso nabil 50 urtetik gorako mailan, eta gravela egitea gustatuko litzaidake aurrerantzean ere. Aurten Australian da mendiko bizikletako Munduko Txapelketa, eta ez dakit joaterik izango dudan, baina polita litzateke han egotea. Baina lesiotik ateratzea da lehen helburua, eta, ondoren, esperientzia berriak bizitzea eta kontatzea, kirol emaitzen gainetik. Euskal Herrira itzuli eta bertan ere zerbait egin nahiko nuke.