Blas de Lezoko bizilagunak astelehenean bueltatuko dira etxera
Gaur jakinarazi diete Antxoko 42 bizilagunei astelehen arratsaldean bueltatu ahalko direla euren etxebizitzetara.
Sei gau daramatzate etxetik kanpo lo egiten Antxoko Blas de Lezo kaleko 6. atariko 42 bizilagunek, eta azken albisteen arabera, badirudi orotara hamar izango direla etxetik kanpo emango dituzten gauak, astelehen arratsaldean bueltatuko baitira etxebizitzetara.
Egoeraren berri eman du hura bertatik bertara bizitzen ari denetako batek: Ander Zalduak. Laugarren pisuan bizi da hura, eta bizilagunen ordezkaritza lanetan aritzea egokitu zaio, Alfredo Simon bizilagunarekin batera; haiek dira azken astean eraikinera sartzeko baimena izan duten bakarrak, Zalduak adierazi duenez. «Perimetroa ezarrita du Udaltzaingoak etxearen inguruan, eta bertara sartzeko identifikazioa eskatzen diote edonori. Bizilagunen artean Alfredo [Simon] eta ni gara eraikinera sartzeko baimendutako bakarrak».
«Pazientziaz» bizitzen saiatu da antxotarra egunotako kaosa, jakitun baitzen itxaron besterik ezin zutela egin: «Egun hauetakoa igeltsero eta arotzen lana izan da, eta azkenik baloratu dute astelehen arratsaldean etxera bueltatzeko moduan izango garela». Aita-amaginarreben etxean bizi izan da egunotan familia — emaztea eta bi semeekin—.
Ostiral iluntzeko «eztanda»
Eraikineko pilarea zartatu zenean etxean zen Zaldua. «Entzun baino, sentitu genuen», azaldu du, «bonba baten eztandaren hedapena balitz bezala sumatu genuen, edota karrusel bat martxan jartzen den lehen segundoetako sentsazio hori bezala, airean zaudenean… eta berehala jaitsi nintzen». Zenbait bizilagunek topo egin zuten une hartan eskaileretan, bakoitza gertatutakoa azaltzeko hipotesi batekin: «Baten batek zioen gas bonbona batek eztanda egingo zuela, besteak auskalo…».
Lehen solairura heldu zirenean egin zuten topo parez pare erantzunarekin: pisuko eskuineko zutabe bat erabat zartatuta zegoen. «112ra deitu genuen eta esan genien: ‘ekarri denetarik’». Eta hala izan zen. Ertzaintza, suhiltzaileak, anbulantzia… horiek denak azaldu ziren, eta berehala aterarazi zituzten bizilagunak. Atariaren parean elkartu ziren denak. Ostiraleko 19:00ak ziren.
Antza denez, lehen solairu horretako pilarean gertatu zen pitzadura, eta horrek eragina izan du etxabean dauden merkataritza establezimenduetan.
Iluntze hartan «soinean zutenarekin» utzi behar izan zituzten etxeak, Zalduak kontatu duenez, eta hurrengo egunean hasi ziren, goizean goiz, adituak habetze lanak egiten. «Zentzu horretan erantzuna oso azkarra izan zen, hori egia da», mintzatu da. Egun horretan bertan, larunbatarekin, zenbait arropa hartzen utzi zieten bizilagunei.
Asteazken goizean, 08:00etan, hasi ziren igeltseroak lanean, gero arotzak berea egin zezan. Orduan ezarri zituzten, halaber, etxepeko lokaletan pilarea egonkortzeko burdinak. Hurrengo egunean, ostegunarekin, egin zuten lehen solairuan lan bera. Asteburuan zehar lanean jarraituko dute adituek, astelehen arratsaldean euren etxeetara segurtasun osoz buelta daitezen antxotarrak.
Pitzaduraren arrazoia
Pilarea zergatik zartatu ote zen ez daki inork oraingoz. Udalak ikerketa bat egiteko enkargua egin dio aditu bati, baina oraindik ez da, jakina, horren berririk.
Arroketan zimentaturiko eraikina da, eta horren eraginez mugimenduren bat izan ote den hausnartu du Zalduak. Argi du, ordea, eraikineko fatxada eta teilatua berritzeko egiten ari ziren lanek ez dutela zerikusirik izan, ez eta topoa lurperatzeko obrek ere.
Arrazoia edozein izanik ere, astelehenean euren etxeetara bueltatu ahalko dira bizilagun guztiak; haietako 18 Lintzirin hotelean daude gaur-gaurkoz; udalak beregain hartu ditu gastuak oraingoz.