Ameztik eta Etxetxok Satrustegiko lurrak desjabetzeko eskatu diote Lezoko Udalari
Duten balio ekologikoagatik, nahiz memoria historikoarekin lotutako gaiengatik, udalari eremua herriarentzat izan dadila eskatu diote.
Eskaera zehatza egin diote Amezti Baso Biziak Jaizkibel taldeak eta Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren taldeak udalari: Satrustegiren lurrak desjabetu ditzala, herri erabilerarako. Espropiazioak Jaizkibelen den 22 hektareako eremuari eragingo lioke, Iparragirre izenez ezaguna dena. “Lezoarrentzat interes berezikoak dira lursail horren balio ekologikoa, hidrologikoa eta memoria historikoari lotutakoa. Horregatik, Udalari laguntza eskatu nahi diogu, izaera partikularreko lur eremua espekulaziotik askatu, eta herritarren ondasun bilakatzeko”.
Ameztik, espropiazioa gauza dadin ingurumen lorreko arrazoiak eman ditu. Aipatu dute bertako basoa garatzeko lur eremu aproposa dela, eta aurrez egindako auzolanei esker, bertako tokiko basoa berreskuratzen ari dela, haritzak eta ametzak landatuz. Gainera, flora eta fauna aldetik ere bioaniztasun handiko gunea dela adierazi dute Jaizkibelgo Kontserbazio Bereziko Eremuaren mugakide den zonaldea. “Herritarrek aisiarako maiz erabiltzen dute lezoarrak Jaizkibelera joateko bide erabiliena baita”.
Ameztirentzat, bertako basoak ezinbestekoak dira ur baliabideak kalitatezkoak izan daitezen, berotegi efektuko gasak harrapatzeko, eta lurzoru galera eragozteko. “Azken hori oso garrantzitsua da Jaizkibelen. Izan ere, hareharria erraz desegiten da, eta euriak arrapaladan eraman dezake hamarkada ugaritan pixkanaka sortutako lurzorua. Horregatik, eta oso malkartsua izateagatik, Iparragirreko eremuan ezin da egurra intentsiboki ustiatu, eta bertako basoa babestea ezinbestekoa da higadura arazorik eta lurzoru galerarik egon ez dadin”.
Memoria historikoa
Etxetxok, bere aldetik, Iparragirreko eremua herri lur izan dadin Lezoko memoria historikoari lotutako arrazoiak eman ditu. Nabarmendu dute garrantzitsua iruditzen zaiela frankismo garaiko errepresioaren arrastoak kontserbatzea. Izan ere, Iparragirre eremuan dauden barrakoietatik 2.000 preso baino gehiago izan ziren bizitzen frankismo garaian, behartuta besteak beste Jaizkibelgo errepidea egin zutelarik 6.000 errepresaliatuk. “Orduko errepresioaren aztarnak berreskuratu ditugu azken urteetan (hormak, eskailerak, tresnak…), eta ingurua egokitu herritarrek ezagutu dezaten. Makina bat auzolan egin dira Memoriaren Basoa herritarren artean osatzen joateko, eta barrakoien hormak frankismoak herrian erabilitako bortxaren eta injustiziaren lekuko zuzenak dira”.
Etxetxok zehaztu du Iparragirreko eremu hori, Satrustegi sendiarena dela. “Lurjabe handiak izan dira beti, eta une historiko guztietan haien pribilegioei eusteko hautu politikoak egin dituzte. Hala, familia hau beti egon da lotuta eskuin kolpistarekin, kolonietako sarraskiekin, eta frankismo garaian bando frankistarekin. Orduko errepresioaren memoriarako gunea kontserbatzeko eta langileen erreparaziorako, aproposagoa iruditzen zaigu lurrak espropiatzea. Trabajadoreei justizia egitea litzateke 80 urteren ondoren, sarraski hartatik aberastutako familia lurjabe bati lurrak espropiatu eta herritarren onurara bideratzea”.