Urtarrileko beherapenetarako kanpaina abiatu du Oarsoaldeak
Garapen Agentziak datozen asteotako beherapenetan tokiko saltzaileengana jotzeko eskatu die herritarrei.
Aurki Eguberrien osteko beheraldiak helduko dira. Oarsoaldea Garapen Agentziak hausnarketa ohar bat partekatu du, beherapenetan kontsumitzeko ereduaren inguruan. Honela hasi du hausnarketa garapen agentziak:
“Erosiko dugunaren jatorria zalantzan jartzen dugun bakoitzean, geure buruari galdetzen diogunean ‘nori egiten dion mesede horrek?’, edo gure planeta kutsatzen duen edo hura landu edo fabrikatu duten pertsonen eskubideak urratzen dituen produktu hori ukatzea erabakitzen dugunean, balioak eta etorkizun hobea oparitzen diegu pertsona guztiei”. Hortik abiatuta, gaur egun tokiko merkataritza kontsumitzea “gurea denari” eusteko modu bat dela oroitarazi du.
Hori dela eta, lankidetza estua du Lezo, Errenteria, Pasaia eta Oiartzungo saltokiekin. Erakundearen arabera, garapen sozioekonomikoa eta produktuen kalitatea bermatzen du horrek. Ondorioz, merkatarien elkartearekin batera kanpaina bat abiarazi dute, Beherapenetan ere, eros Oarsoaldean! lemapean, eta herritarrei haien produktuak merkaturatzen dituzten saltoki, artista, establezimendu eta sortzaileengana jotzeko eskatu diete.