Etxeko eraginkortasun energetikoa hobetzeko diru laguntzak, abian
Birgaitze Bulegoan aholkularitza eskainiko diote etxeko eraginkortasun energetikoa hobetu nahi duenari, diru laguntzak eskura ditzan.
Errenteria-Oreretan Birgaitze Bulegoa izenarekin aurkeztu duten informazio gunea zabaldu du Oarsoaldea Garapen Agentziak, etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzeko Next diru laguntzak eskatzeko aholkularitza eskaintzeko helburuz. Zerbitzuaren xedea da Europako Funtsetatik datozen diru laguntzen kudeaketarako izapideak erraztu eta bideratzea.
Laguntza horiek martxan jarri dira norbanakoen eta bizilagun komunitateen eraginkortasun energetikoaren hobekuntzak finantzatzeko helburuz, eta bateragarriak dira bestelako laguntzekin. Eskaerak telematikoki (komunitateen kasuan) zein paperean (partikularren kasuan) egin daitezke.
Zalantzarik edota bestelako kontsultarik duenak Birgaitze Bulegora jo dezake informazio eske. Honako hauek dira bideak: aurrez aurre (Errenteria-Orereta, Olibet 6; astegunetan, 09:00etatik 14:00etara); telefonoz (943 34 41 60); eta posta elektroniko bidez.