Uztailean hasiko dira Lezo-Donibane bidegorriaren azken zatia egiten
Apirilean ziren hastekoak bidegorria osoki bukatzeko lanak, baina Tourra uztailaren 2an pasatzen delako, ordura arte atzeratu dituzte.
Uztailean hasiko dira Lezo-Donibane bidegorriaren azken zatiko lanak, era aurreikuspena da abendurako bukatuta izatea, hau da, obren epea bost hilabetekoa da. Bizikleta eta oinezkoentzako pasabidea izango da, 270 metro luzekoa eta hiru metro zabalekoa. 1,5 milioi euroko kostua izango dute lanek.
Gaur goizean aurkeztu du egitasmoa Rafaela Romerok Mugikortasuneko eta Lurralde antolaketako diputatuak. Azaldu du, berez, apirilean zirela hastekoak lan horiekin, baina “Mugikortasun Departamentuarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik” atzeratu behar izan dutela. Arrazoi horien berri ere eman du: “Frantziako Tourraren etapa GI-3440 errepidetik igarotzen da, eta horrek administrazioak lankidetzan aritzera behartzen ditu, kirol-ekitaldi hori igarotzen den ibilbidean ezingo baita obrarik izan”. Etapa hori uztailaren 2an da.
Romerok nabarmendu du oinezkoen eta bizikleten mugikortasunerako “funtsezkoa” izango dela obra: “Herriguneen arteko mugikortasun aktiboko interkonexioaz gain, aurrerapauso handia da segurtasunaren arloan. Proiektuak oinezkoentzako espazioa nabarmen zabaltzea aurreikusten du, eta ibilbidea bizikletaz osatu nahi dutenei espazio seguruago bat eskaintzea, galtzadatik aparte”. Horrela, Pasaiako badia osoaren inguruan bidegorria izango dela zehaztu du diputatuak.
Trazadura egitean, “inguruko bizilagunen bizitzan ahalik eta nahasmendu gutxien eragitea” aurreikusi dute aldundian, “eta helburuen artean dago epeak ahalik eta gehien laburtzea, egoerak ahalbidetzen duen neurrian. Azpiegitura amaitutakoan, mugikortasun aktiboa garatzeko badiaren inguruko konexioak herritarren bizi-kalitatea hobetzera bideratutako errealitatea izango dira”.
Hiru fase
Hiru fasetan egingo dituzte lanak. Lehenengoan, egun inguruan dagoen saneamendu zerbitzua desbideratuko dute, Donibanetik Lezoranzko erreian bidegorria kokatu ahal izateko egiturak espazioa behar duelako. Izan ere, zati berria portuaren ‘gainetik’ joango da, porturantz hegal antzekoa egingo dutelako, errepideari ezin baitzaio espazioa kendu. Horrela, lehen faseko lanak egin bitartean oinezkoek eta bizikleta zaleek “ibilbide alternatiboa” izango dutela jakinarazi dute gaurko aurkezpenean, portuko lurretatik bertatik joango dena: obraren bi muturretan aldamioz egindako bi arrapala jarriko dira portuko ibilbide alternatibo horretara jaisteko, bost metroko kota-aldekoa Donibaneko muturrean, 15 metrokoa Lezokoan.
Bigarren fasean, hegala bera jarriko dute, eta hirugarrenean behin hori jarrita egingo diren lanek hartuko dute.
Romerok bidegorria guztiz bukatzea Pasaiako badiaren “erabateko birsorkuntza” prozesuaren barruan kokatu du. Aipatu du hura buru duen departamenduak azken lau urteotan 10,5 milioiko inbertsioa egin duela zeregin horretan, aurretik jarritako 9 milioiei bidegorriaren 1,5ak gehituz.