Lapurtu eta erretako Olentzeroren ordezkoak 2.932 euroko kostua izango du
Lezoko Udalak adierazi du Olentzero lapurtu eta erre zutenen bila ari direla, ikerketa zabalik dagoelako.
Lezoko Udalak jakinarazi du 2022ko abenduaren 28ko gaualdean Olentzero lapurtu eta ondoren erre zutenen bila dabiltzala, ikerketa zabalik duela. Jesus Mari Martiarena alkatea: “Ekintza bandaliko horiek egin zituztenak zeintzuk izan diren jakin nahi dugu, neurriak hartu eta berriz ere horrelakorik gerta ez dadin. Gau horretan gertatutakoa onartezina da, herrian zaintza-kamerak daudela jakinda ere, ez zuten Olentzero erretzeko lotsarik izan”. Alkateak erantsi du gertakariaren hainbat bideo eta argazki iritsi direla udalera.
Alkateak gertakari horrek kalte sozial eta ekonomikoa izan dituela zehaztu du. Hala, berria egiteko, 2.932 euroko inbertsioa egin beharko dela azaldu du. Gainera, zehaztu du 2022ko martxoan beste 700 euro erabili zirela erre zuten Olentzeroren panpinari eskuak konpontzeko: “Hau da Lezoko herriari egin zaion kalte ekonomikoa!”.