Oarsoaldea Berpizten, berrikuntzarako eta eraldaketarako programa berria
Jarduera ekonomikoa indartzeko eta enpleguari eusteko xedea du oinarrian egitasmoak. Aurkezpenak herriz herri egingo dituzte.
Oarsoaldeko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza enpresak laguntzeko Oarsoaldea Berpizten berrikuntzarako eta eraldaketarako programa berria abiatu du Oarsoaldea Garapen Agentziak. Merkatuaren etenik gabeko aldaketei aurre egin eta horietara egokitzeko programa da, “funtsezkoa da erronkei aurre egiten jakitea eta horiei egokitzea”. Jarduera ekonomikoa indartzeko eta enpleguari eusteko xedea du oinarrian egitasmoak. Oarsoaldeko lau udalen bultzada du, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Zuzendaritzaren laguntzarekin.
30 enpresa txiki eta ertainentzako tokia du egitasmoak, zehazki, merkataritza-zerbitzu sektoreko 15 enpresarentzat, eta ostalaritzako beste hamabostentzat egokitu dute lehenengoz gauzatuko den iniziatiba. Hala, izena eman nahi dutenek, otsailaren 6ra arteko epea dute hori egiteko, egitasmorako propio sortu duten webgunearen bitartez (egitasmoaren gaineko informazio oso-osoa dago hor).
Banakako esku-hartzeen bidez eta enpresa bakoitzaren egoera partikularra aztertuz, zerbitzu pertsonalizatu bat jarriko da martxan. Horretarako, metodologia mistoa aplikatuko da; hots, banakako saioak eta talde-saioak uztartuko dira, betiere enpresa bakoitzari egokituta. Prozesuari begira, hamabi prestakuntza-saio zehatz izango dira, bakoitza bi ordukoa: sei saio merkataritzarako edo zerbitzuetako enpresentzako izango dira eta beste sei saio, berriz, ostalaritzarako. Banakako aholkularitza-prozesuari dagokionez, hamalau ordukoa izango da enpresa partaide bakoitzarentzat.
Egitasmoaren berri emateko, informazio saioak egingo dituzte herriz herri, ordu eta erdiko iraupenekoak. Lau herrietako aurkezpen horietara, eskualdeko lau herrietako interesdunak joan daitezke, hau da, ez da derrigorrezkoa herri jakin bateko kideak herri horretako aurkezpenera joatea. Honakoak dira:
- Hilaren 23an, 10:00etan, Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan.
- Hilaren 23an, 14:30ean, Errenteria-Oreretako Reina aretoan.
- Hilaren 30ean, 10:00etan, Lezoko Kultura Aretoan.
- Hilaren 30ean, 14:30ean, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.
Horietan izateko, aurrez izena eman behar da 943 49 41 29 telefono zenbakira deituz, edo egitasmoaren posta elektronikora idatziz.