Igoerarako postuetatik puntu batera da Donibane
Sailkapenean hirugarren da Donibane Bonantza. Asteburuko berdinketak emandako puntuari esker, Elgoibar eta Bayona gertuago ditu.
Donibane Bonantzak lehiari berrekin dio asteburuan, hilabete baino gehiagoko geldiunearen ondoren, 36ko berdinketari esker puntu bat lortuaz Hernani Anexo Elektrotresnak taldearen kontra. Klub sanjuandarreko arduradunek ziurtatu dute “jardun arbitral negargarriak” baldintzaturiko partida izan zela.
Puntu horri esker, talde arrosa sailkapeneko hirugarrena da, aurreko bi taldeengandik —Elgoibar eta Bayona— puntu bakarrera. Horiek biak dira, gaur-gaurkoz, igoerarako txartelak dituztenak.
Arrosen bigarren taldeak, Donibane Kalaburtzak, ezin izan zion aurre egin Txingudi Goserri, 35-33 galduaz etxetik kanpo. Beste behin ere, emaitza positiboa lortzetik oso hurbil. Edozein kasutan, zelaira baja dezenterekin bertaratu baziren ere, onena eman zuten sanjuandarrek etxetik kanpo.
Donibaneko gazteen taldeak ez zuen aurreikusitako lehiarik jokatu Legazpiren kontra, arbitroa ez zelako agertu eta, ondorioz, norgehiagoka bertan behera utzi behar izan zutelako. Epaileak ez zuen aurretiko abisurik eman, eta zelaitik etxera bueltatu behar izan zuten jokalariek ondorioz.