Baldintza hobeak San Pedroko adinekoen egoitzako langileentzat
LABek jakinarazi du zentroko langile guztientzat (40 inguru) lortu dituztela hobekuntzak, garbiketa eta sukaldaritzan ari direnak barne.
Zaintzen enpresak Pasai San Pedron duen adinekoen egoitzako batzordeak akordio berri bat itxi du enpresa kudeatzailearekin, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Soldatak igotzeaz gain, iazko atzerapenak jaso eta antzinatasuna hobe ordainduko diete.
Zehatzago esanda, honako hobekuntza hauek lortu ditu ordezkaritza sindikalak bertan lan egiten duten langile guztientzat: %12,76-ko igoera soldatetan; 2022ko atzerapenak jasotzea, 2660,42 euro, guztira; eta antzinatasunagatiko ordainsaria 4 euro igotzea.
Hobekuntza horiek San Pedroko egoitzan lan egiten duten soldatapeko guztiek jasoko dituzte; ez zaintzaileek soilik, baita garbitzaile eta sukaldariek ere. LABetik zorionak eman dizkiete enpresa-batzordeari eta langile guztiei, “merezitako soldata igoerak eskuratu izanagatik”.