[Elkarrizketa] «Paretan ikusten denak sormen lan handia du atzetik»
Munduko hamar mural onenen artean dago Nextor Otaño ‘Nexgraff’-ek (2003) Trintxerpen egindakoa, Illunberen enkarguz. 19 urte bakarrik dituela, eskualdeko muralistarik preziatuena da sanpedrotarra.
Street Art Cities nazioarteko plataformak 2022ko munduko ehun onenen artean sailkatu du zure Trintxerpeko murala. Nolatan? Zu aurkeztu zinen?
Urte bukaerako lehiaketa hori baino lehen, urtean zehar hilabetero egiten da halako sailkapen lehiaketa bat, hilabetez hilabete. Lehenengo hiruen artean gelditzen bazara, zuzenean sailkatzen zara urteko ehun onenen artean egoteko.
Abuztuan aurkeztu nintzen Trintxerpeko muralarekin, eta hirugarren gelditu nintzen. Esango nuke lehen aldia zela nire burua aurkezten nuena.
Dituzun guztien artean, zergatik Trintxerpekoa?
Trintxerpekoa, niretzako, egin dudan onenetarikoa da, edo niri gehien gustatzen zaidanetako bat. Pentsatu nuen jendearentzako ere hala izan zitekeela, bozkatzeko garaia ere kontuan hartuz. Azken batean niri gustatzen zait mural hori, horregatik aurkeztu nuen.
Lehen begi-kolpean, zer ikus daiteke?
Emakume baten erretratua, barbarin koru batekin buruaren inguruan. Eskaintzen ari zaio ikusleari itsasontzi bat, lurrunontzi bat, zehazki. Gorria eta berdea ikus daitezke kolore nagusi bezala, eta musikak inguratzen du hori guztia. Hori da, gutxi gorabehera, konposizioa.
Murala ez zenuten lehiaketarako egin. Illunbe Musika Elkartearen enkargu bat izan zen, 50. urteurrena ospatzeko. Zein izan zen eskaera zehatza?
Eskatu zidaten portuaren eta musikaren arteko nahasketa bat egiteko, beraientzako Pasaia hori delako: musika eta portua.
Koloreena beti izaten da, apur bat, diseinua sortzen zoazen momentuan ateratzen zaizuna. Kolore horiek ere badira itsasoan dauden itsasargiak, batzuetan izaten direlako berdeak eta gorriak. Bada, pixka bat sinbologia horrekin landu ditut koloreak. Gainera, kolore osagarriak dira gorria eta berdea, eta gero morea ere bai.
Diseinu digital bat egiten dugu beti lehenengo, iPad batekin. Hori gero aurkeztu egiten diogu eskaera egin digunari, eta esaten diogu, dena den, ez dela zehazki horrela geldituko, muralean, azkenean, gauzak eta koloreak beti aldatzen direlako.
Aita [Aitor Otaño] eta zure artean egin zenuten Trintxerpekoa ere, ezta?
Bai, bion artean aritzen gara beti. Gehiena nik egin nuen, baina bai, bion artean. Orain, aita, beste gauza batzuekin dabil, baina beti dago bera ere.
Baduzue lana banatzeko modurik?
Ez, lana egiteko garaian ez. Saiatzen naiz dena ni egiten, eta berak laguntzen dit. Erretratuak beti nik egiten ditut, eta agian ni horrekin ari naizenean bera joaten da fondoa betetzen, bestelako marrazkiren bat egiten…
Zortzi egun eman zenituzten Ziritza eraikineko fatxadako mural horrekin.
Bai, goiz-goizetik argia joan arte. Hori, bakarrik, paretan murala egiteko, baina bada beste lan bat atzean, ikusten ez dena, eta hori diseinua sortzearena da. Zeren, bai, murala egiteko zortzi egun eman genituen, baina diseinua egiteko ez dakit zenbat… Hori da, niretzat, lan zailena; diseinua lantzeak denbora asko eskatzen du, eta gero paretan ikusten denak sormen lan handia du atzetik.
Mugikorrean izaten duzu diseinua, eta hori kopiatzen, esku hutsezko marrazketa bidez, joaten zara murala osatzen. Ez al zaizu deserosoa egiten?
Bada, bai, egia esan bai [barrez esan du]. Mobida bat da, baina erosoa da aldi berean. Egia da, nik diseinua beti iPadean egiten dudala, eta hortik telefonora pasatzerako momentuan koloreak aldatzen dizkit, eta telefonotik inprimaziora ere, berriro aldatzen dira. Orduan, bai, nahaste bat da azkenean.
Telefonoarekin funtzionatzen ari naiz, baina nik uste hoberena litzatekeela diseinua paperean inprimatzea. Baina, noski, gero papera puskatzen zaizu, berriro inprimatu behar duzu… [barrez]. Eta, orduan, mugikorrarekin gelditu naiz, baina bai, nik uste egokiena inprimatzea litzatekeela.
Muralgintzaz gain, Arteko Gradua ikasten ari zara, Bilboko Euskal Herriko Unibertsitatean. Nola uztartzen dituzu lana eta ikasketak?
Aurten hasi naiz graduarekin. Batxilergoa bukatu eta urte sabatikoa hartu nuen; autonomo egin ninduten eta lanean hasi nintzen serioago muralekin.
Orain, ikasten nabilela, asteburuetan egiten ditut muralak gehienbat. Adibidez, Eguberrietan, Ibarran egin dugu beste bat, eta jaiegun guztiak eman ditut margotzen.
Ez al zaizu pisutsua egiten duzun denbora librea lanean ematea?
Bai, egiten zait. Egin izan ditut paroi edo deskantsuak, baina atsedenaldi txikiak izan dira.
Izan ere, kaleko lanaz gain, estudioan ere aritzen baitzara enkarguak eta bestelakoak egiten. Jendeak, normalean, zer eskatzen dizu gehien?
Jendeak, orokorrean, ez du ideiarik mundu honetaz. Adibidez, Donostia inguruan, gaur egun, ez daude muralista asko. Orain ni ari naiz hedabideetan agertzen, eta beraiek nahi dutena margotzeko bakarrik deitzen didate. Nire ustez, jendeari berdin zaio nork margotzen duen, edo nola, axola zaien bakarra da beraiek nahi dutena egitea. Gehienetan izaten dira paisaiak, erretratuak… Baina ez dute benetako arreta jartzen egiten dudan horretan.
Ez al zaizu inoiz gertatu, norbaitek pareta huts bat eman, eta nahi duzuna marrazteko eskatzea? Ez al da hori, akaso, zailagoa?
Bai, gertatu izan zait, baina oso-oso gutxitan agertzen dira halakoak [barrez esan du]. Eta egia da, zauden momentuaren arabera, zailagoa edo errazagoa izan daitekeela. Batzuetan hobetu izaten da gai batzuk esatea, baina momentuaren araberakoa da; agian, orain, makina bat marrazki bozeto ditut prest, eta gustatuko litzaidake izugarrizko pareta handi bat izatea eta bertan hustea.
Baina, beste batzuetan, gerta daiteke burua hutsik izatea, ideiarik ez zirriborratuta, eta ez dakit zer egin.
Street Arten top 10ean dago gaur [ostirala] zure murala; zehazki, seigarren postuan. Otsaila hastearekin bukatuko da bozkatzeko epea; nola egin daiteke hori?
Oso erraza da. Street Art Cities aplikazioa instalatu behar da mugikorrean eta bertan kontu bat ireki, tranparik ez dadin egin. Baina kontua irekitzeko aski da gmail helbide bat jartzearekin. Hor ikus daiteke nire murala, eta horren alde botoa ematearekin nahikoa da.
Berez, app horren jabearen helburua da pareta mural onenen mapa antzeko bat sortzea. Geografikoki daude muralak kokatuta, eta jendeak horren araberako turismoa egin dezake.