Haatik konpainiak bost izendapen jaso ditu Max sarietan
Arte Eszenikoetako Max Sarietako zerrendan da, estreinakoz, konpainia. Lau kategoriatan jaso dute aipamena 'Ur' eta 'Ur bizitan' ikuskizunek.
Haatik Dantza Konpainia pasaitarrak bost izendapen jaso ditu XXVI. Arte Eszenikoetako Max Sarietan, ‘Ur’ eta ‘Ur bizitan’ ikuskizunengatik. Hogei kategorien artean lautan jaso dute aipamena: bana kaleko ikuskizun onena, dantza ikuskizun onena, eta produkzio lan onenen artean; eta bi gizonezko dantzari onenen zerrendan.
Izena emandako 529 (inoizko zifrarik altuena) ikuskizunetatik 168 hautatu dituzte Max sarietako lehen fasean; horietako bost, Haatikenak: ‘Ur’, kaleko ikuskizun onena bezala, eta ‘Ur bizitan’ honako lau merituengatik: dantza ikuskizun onena, produkzio lan onena, Jon Arsuaga gizonezko dantzari onena, eta Iñigo Etxeberria gizonezko dantzari onena.
“Ilusio handiz” jaso dute berria pasitarrek, lehen aldia baita arte eszenikoetako sari sonatuaren hautagai direna. Lehen fasea igarota, epaimahaiak edizio honetan parte hartuko duten hogei kategorietarako finalistak hautatuko ditu 168 horietatik.