Sorterrian, ‘Beldurrarekin dantzan’
Ilargik 'Beldurrarekin dantzan' bigarren diskoa aurkeztuko du igandean Gezala Auditoriumean. Gaur, haurrentzat antzerkia.
Ilargi abeslariak, bere taldearekin, 2022aren bukaeran kaleratutako Beldurrarekin dantzan diskoaren zortzi abestiak lezoarren aurrean defendatuko ditu etzi (igandea), 19:30ean eta Gezala Auditoriumean. Kontzertuan horiek eta beste asko izango dituzte entzungai lezoarrek. «Txikitatik beldur asko izan ditut. Oso sentsiblea naiz. Pandemian, gainera, beldur sentsazioa ere izan dut. Askatzea izan da niretzat beldurra ardatz izanda sortu ditudan kantak, eta diskoa», azaldu zuen diskoaren aurkezpen ekitaldian Ilargik.
«Nire beldurrak zerrendatu, eta haiek sorrarazten zizkidaten irudien gaineko lanketa egin dut abestiak sortzeko. Pisua kendu dut. Askatzea lortu dut neurri batean. Nolabait, terapeutikoa izan da niretzat diskoko abestiak sortzea», zehaztu zuen lezoarrak. Disko berriko letra guztiak sortzaile gaztearenak dira, bat kenduta, Juan Ramon Makuso poeta lezoarrarena delako.
Gaur, antzerkia
Lezoko Udalaren asteburuko kultur egitarauaren barruan, gaur (ostirala) haurrentzako antzerki saioa jasoko du Gezala Auditoriumak. 17:15ean hasita (3 euro) Josune Llamasen konpainiako kideek Maskota izeneko antzezlana eramango dute herriko antzokiko oholtzara.