[Erreportajea] Bide berbera, beste hitz batzuekin
Euskal preso gehienak Euskal Herriko espetxeetan daude. Horrek eragin du herrietako sostengu taldeen dialektika eta mezua aldatu behar izatea. Presoen eskubideak berma daitezen sozializatzeko, egoera eta termino judizialak garbi azaltzean jarri dute azpimarra.
Espainiako Gobernuak 1988ko azaroan ezarri zuen euskal presoen kontrako sakabanaketa politika. Ordutik, presoen sostengurako borroketan erabilitako mezuek enbor nagusi bat —adar askokoa— izan dute: presoek euren bizilekutik hurbilen den espetxean bete beharko luketela ezarritako espetxe zigorra. «Gaur, Euskal Herriko bazter guztietatik iritsitako milaka eta milaka herritarren aurrean, esan dezakegu zaila izan dela, baina etapa hori irabazi egin dugula. Eta guztion artean irabazi dugu. Mendekuaren kontrako bataila irabazten ari gara. Gorrotoaren eta errebantxaren gainetik presoen etxerako bidea hurbilago jarri dugu. Astiro bada ere, aurrera egiten ari gara, inoiz baino gehiago gure indarrean sinetsi behar dugu, eta aurrera egiten segitu behar dugu».
Aurrekoak Sarek urtarrilaren 7an Bilbon egin zen nazio manifestazioan esandakoak dira. Aro baten bukaera iradokitzen dute, baina beste baten hasiera, edo jarraipena, behintzat, azaltzen dute. «Euskal presoak gure gizarteko parte diren heinean, herri honi dagokio erabakitzea noiz eta nola itzuliko diren etxera eta nola gizarteratuko diren. Modu horretan, guztiok bergizarteratuko gara, terminoaren zentzurik baikorrenean», esan zuten.
Esandako horiei datu objektiboak erantsi behar zaizkie, Etxerat-ek emandakoak (urtarrilaren 19ko datarekin). Egun, 172 euskal preso daude (25 emakume eta 147 gizon), eta horien %94 Euskal Herriko espetxetan ari dira betetzen zigorra. Hogei iheslari daudela ere du jasota Etxerat-ek, eta bost deportatu: bina Kuban eta Cabo Verden, bat Velezuelan. Preso horietatik guztietatik, ordea, 46 dira kondenaren hiru laurdenak beteta dituztenak, beraz, legediaren arabera aske beharko lukete. Baina bada beste datu bat ere: 50 preso dira Frantziako Estatuan zigorraren zati bat bete, eta Espainiaratzean urte horiek aintzat hartu ez zaizkienak.
Fokua Oarsoaldean eta Irun nahiz Hondarribian jarrita, osotara hamalau dira bertako euskal presoak (ondoan dago zerrenda): lau irundarrak dira, sei oreretarrak, bi lezoarrak, eta bana Pasaia eta Oiartzungoak. Bi dira Euskal Herriko espetxeetan ez daudenak, Jaione Jauregi lezoarra eta Xabier Goienetxea oreretarra. Gainera, hiru preso etxean kunplitzen ari dira espetxealdia, larri gaixo daude horietako bi.
Presoen eskubideen aldeko mugimenduak nazio mailan bai, baina herrietan batez ere izan du indarra. Hamarkadak dira herriz herri askotariko dinamikak garatu direla, hainbat erakunde, talde, plataforma edo mugimenduk bideratuak. Milaka izan dira unean uneko aldarriei jarraituz kalera atera diren herritarrak, eta presoen sostengurako mugimenduetan ari direnen ustez, egun euskal presoek bizi duten egoera nabarmen hobetu bada ere, bada zer egin oraindik. Mezuan, edo jendearengana iristeko unean, berriz, zalantza. Presoen Euskal Herriratzearen mezua ia iraungitzat eman delako. Orain, bestelako ideiategia zabaltzea eta ulertaraztea izango dute helburu.
Herrietan
Aro berria euskal presoen eskubideen aldeko borrokari eusteko. «Nik zailago ikusten dut presoen gaiaren lanketa orain», esan du Bidasoko Sareko Eli Aragonek. Baieztapen horren atzean, irundarrak azaldu du indarrak metatzeko eta herritarrek aldarrikapenekin bat egiteko Euskal Herriratzearen mezua garbia eta ulertzeko erraza zela: «Orain gaia teknikoagoa da. Gradu progresioak, baimenak… Horiek zertan diren ulertu behar da, eta horrek kaleko eragina pixka bat lausotu dezake. Gainera, gazteek gero eta urrunago ikusten dute gaia, eta hainbat aldetatik iradokitzen dute presoen gaia tresna elektoral bihurtzen ari dela. Horrek kaleko indarra ken dezake». Beraz, aurrera begira lan asko dagoela nabarmendu du Aragonek, «zailagoa, baina aurrera egin behar dugu».
Irundarrak garbi du kaleko mobilizazioekin jarraitzea «nahitaezkoa» dela, eta aitortza egin die azken urteetan, herriz herri, kalean izan direnei. «Baina egunerokoan izan behar du presente presoen gaiak. Konplexuagoa da orain jendeari azaltzea zergatik egin behar duten presoen eskubideen alde. Niri batzuetan ere zaila egiten zait den-dena ulertzea». Adibidetzat, Iratxe Sorzabalen kasua jarri du. «Irunen dugun zailena da. Kondena bat ezarri berri diote Espainiako Estatuan, eta oraindik hainbat epaiketa ditu zain… Ez dakigu zertan bukatuko den».
Lezoko Presoen Aldeko Sostengu Taldekoa da Axier Irastortza. Zabalik den aro berriak herrietan nola eragin dezakeen galdetuta, azaldu du orain arteko aldarrikapen nagusia ia desagertzear egoteak—euskal presoak Euskal Herriaretzearena— zaildu dezakeela herritarrekin egin beharreko lanketa. Baina adierazi du Jaione Jauregi lezoarra ez dela Euskal Herriko espetxe batean, Madrilen delako. «Erdizka eragiten digu, beraz, nolabaiteko aro berri horrek. Dispertsioak eragina du oraindik ere Lezoko preso batean, eta haren senide eta lagunengan. Hala ere, gatazka bat edo arazo bat dagoela bisibilizatzea zailagoa izango da. Orain beste gai batzuk jorratu beharko ditugu. Edonola ere, Espainiako Auzitegi Nazionalaren lana hor dago. Erabaki politikoekin eta mendeku irizpideekin jarraitzen dute han. Hirugarren graduak, adibidez, ezabatzen ari dira. Epaile batek emandako aginduak deusezten ari da».
Kaleko mobilizazioen garrantzia bere horretan dela adierazi du Irastortzak: «Beti beharrezkoa izan da kaleko presioa, eta oraindik ere hala izaten jarraitu behar du. Kaleko indarragatik ez balitz inork ez luke behatz bat ere mugituko».
Jaione Jauregiren gaineko nobedadeak eman ditu: «Belgikatik Espainiaratu zuten, eta Madrid II espetxean dago. Baina orain, Belgikako epaile batek ebatzi du Espainiaratze hori irregularra izan zela. Kalean egon beharko lukeela esan dute Belgikan. Baina presondegian jarraitzen du». Horrekin esan nahi du oraindik ere presoen eta errepresaliatuen eskubideak berma daitezen ziurtatzeko badagoela zer egin, Lezon eta Euskal Herrian.
Josu Galarraga Oreretako Sarekoa da. Gauzak «hobera» aldatu direla uste du. «Ia preso guztiak daude Euskal Herriko espetxeetan. Familientzako lasaitasun handia da hori. Urrats garrantzitsuak egin dira azken boladan». Xabier Goienetxea oreretarra, ordea, etxetik 330 kilometrora dagoen presondegi batean dagoela nabarmendu du, Frantziako Estatuko Lannemezanen.
«Orain, etxerako bidearen ideia landu nahi dugu», adierazi du. Zentzu horretan, adierazi du lehen ez bezala preso bakoitzaren kasua landu behar dela, banan-banan: «Lanketa indibidualizatua egin beharko da, lehen arazo komun bat zegoelako, eta orain kasu gehienetan ez da hala. Preso guztien egoera ez da berbera. Nolabait esateko egoera aldrebestu egin da, zailagoa da azalpen kolektiboak ematea».
Zehaztu du presoak etxeratzearen kontrako neurriak hartzen ari dela Espainiako Auzitegi Nazionala, eta hirugarren graduak ezartzeko erabakiei ezezkoa ematen ari zaiela hainbat preso berriz ere espetxeratu direlarik: «Sortzen ari dena borroka judiziala da. Oreretako Saren indarra jarri nahi dugu ezagutzan. Hau da, ezagutu nahi dugu zehazki gure presoen egoera zein den, eta hori transmititzen jakin behar dugu. Gure asmoen artean dago, beraz, hitzaldiak-eta antolatzea hemengo presoen gaineko egoera judiziala zein den azaltzeko. Horren gainean egon behar dugu, eta hori izango da gure zereginetakoa: herritarrei ondo azaltzea, ondo sozializatzea zertan den presoen egoera. Hori izan da gure lana beti, orain ere bai».