[Elkarrizketa] “Aurrera doazen elkarteko haurren indarra da gure motorra”
10 urte beteko ditu aurten Juneren Hegoak elkarteak, eta orduan bezain funtsezkoa izaten jarraitzen du euren egitekoak. «Oxala ez balitz horrela, horrek esan nahiko bailuke beharrak aseta daudela».
Haurrak gaixo dituztelako edo hil egin zaizkielako zaurgarritasun egoeran dauden senideei laguntzea da Juneren Hegoak elkartearen helburua.
Hala da, hori da helburu orokorra. Gero, helburu horiek alda daitezke gugana jotzen duen familiak dituen beharren arabera, eta horren barruan modu batean edo bestean jarriko litzateke martxan elkartea. Hori izango litzateke aterkia, eta horren barruan gero beste helburu batzuk ere baditugu, adibidez, bat da sentsibilizatzea, eta beste bat ikerketa bultzatzea.
Zer-nolako laguntza ematen diezue?
Familiak gugana jotzen du, eta lehendabizi elkarrizketa bat egin ohi dugu elkar ezagutzeko, lehen hartu-emana izateko. Dituzten beharren arabera guk laguntza ematen diegu. Demagun tratamendu bat behar dutela, bada, hor, guk aztertzen dugu zer-nolako tratamendua den eta zein bide dauden. Adibidez, elkarte edota beste gizarte egitura batek hartarako laguntzak ematen baditu, bideratu ere egiten ditugu batzuetan.
Kasua hori ez bada, kanpainak sortzen ditugu dirua lortzeko. Kalean egin dezakegu jaialdiren bat, edo laguntza berezia eskatu tratamendu hori ordaintzeko… Aholkularitza edo terapia zerbitzu ezberdinak ere jartzen ditugu familien eskura, behar izatekotan. Edota, demagun gertuko seniderik-edo ez dutela, eta jendea behar dutela ospitalean txandak egiteko haurrarekin, laguntza hori ere ematen diegu.
Laguntza mota asko dira, ekonomikotik hasi, aholkularitza burokratikotik pasa eta akonpainamendura arte. Baina familiek gehien behar dutena da norbait beraien egoera entzuteko prest egotea, enpatia eta babesa sentitzea.
Oraintxe bertan, zenbat familia ari zarete zaintzen?
Aurten 25 familia ditugu aktibo, baina hasi ginenetik [ekainean hamar urte beteko ditu elkarteak] 60 familia inguru lagundu izan ditugu.
Geroz eta ibilbide luzeagoa duzue atzean, eta horrekin, geroz eta ezagunagoak zarete. Zuengana jotzen duten familia guztien artean, saiatzen zarete gipuzkoarretara mugatzen?
Gure misio edo helburuan jarrita dago Gipuzkoako familiak jasotzen ditugula gurean, baina badira bestelako kasu konkretuak; adibidez, bat izan genuen familia hemengoa zena, baina Iruñean bizi ziren. Horiek ere lagundu genituen.
Zenbat kidek osatzen duzue Juneren Hegoak? Eta nola antolatzen zarete?
Berez, boluntarioak, gutxi gorabehera 50 gara. Pertsona bat ere badago kontratatuta, badagoelako behar bat familiekin egoteko eta egiten den lan guztia koordinatzeko. Zeren, familiekin egoteaz gain, lan administratibo asko ere badago. Demagun familia bati laguntzen diogula tratamendu bat ordaintzen, bada, faktura horiek jaso behar dira, deklaratu… Horretarako espresuki pertsona bat dugu kontratatuta, eta beste gainontzekoak boluntarioak gara.
Formakuntza saioak egiten dituzue kide berri nahiz betikoentzat.
Tira, pandemiak hor ere ukituta utzi gaitu, baina saiatzen gara beti urtean behin formakuntza bat ematen boluntarioei. Izan daiteke dolu prozesuan laguntzeko formakuntza, edo ikasteko nola zaindu gure buruak zaintzaile garenez gero, edota gatazkak kudeatzeko aholkularitza… Uste dugu, azkenean, familia hau osatzen dugun boluntarioei ere formakuntza eman behar digutela. Lege-aginduz, nolabait esateko; funtsezkoa da.
Denok parte hartzen dugun? Ez. Hori ere esan behar da. 50 boluntario gaude, baina aktiboki ari garenak 25 inguru.
Eta nola koordinatzen zarete?
Telegram eta Whatsapp bidez asko. Batez ere, Telegram taldeetan gaude sailkatuta. Adibidez, ni bi talde espezifikotan eta zuzendaritzan nago. Hortaz, hiru Telegram ditut, gehi Whatsapp bat boluntarioena… [barrez esan du]. Tira, horrela saiatzen gara ahalik eta hobekien koordinatzen.
Gero, noski, bilera presentzialak ere egiten ditugu. Azken larunbatean hemen boluntarioen topaketa bat izan genuen eta 25 pertsona inguru elkartu ginen denera. Koordinatzea zaila da, bakoitzak dugulako gure lana, gure familia… Argi utzi nahiko nuke boluntario gisa lanean ari garenon seme-alabak ez daudela gaixo, nik alaba bat dut eta hura guztiz osasuntsu dago. Ez dugu hau egiten, beraz, gure kasu konkretuek bultzatuta, baizik eta proiektuak berak ukitu gaituelako modu batera edo bestera.
Zuri zerk ematen dizu indarra?
Nire bulkada familiei laguntzea da; horretarako jaio ginen, eta beti diogu: oso utopikoa izan daiteke, baina gauza txikiek mundua alda dezakete. Eta beharbada umiltasun gutxikoa da, baina nik uste dut gure esku dagoela mundu honi buelta bat ematea.
Hori da nire indarra. June [Sanchez] ere bada nire indarra; hura hil zenean nire alabak urtebete zuen… Ez dakit, oso barnetik irteten zaidan zerbait da.
10 urte beteko ditu aurten elkarteak. Hasieratik ari zara zu bertan. Zer-nolako bilakaera izan du ordutik hona?
Informalki esanda: flipatzen dugu. Txundituta gaude, hasi ginelako ideia askorekin, antolatu behar zen dena, familiak hor genituen… Eta hamar urte hauetan denetarik bizi izan dugu; gure haur batzuk hil egin dira. Uf, hori oso gogorra da…
Baina beste askok aurrera jarraitzen dute, itxaropenez; haien indarra, aurrera doazen elkarteko haurrena, da gure motorra. Noizean behin ikusten ditugu eta guretzako zoragarria da hori. 10 urte dira, eta gauza asko gertatu izan dira denbora horretan guztian, baina bada zerbait aldatu ez dena: beharrezkoa ikusten genuen Juneren Hegoak sortzea, eta oraindik jarraitzen du beharrezkoa izaten Juneren Hegoak egotea. Oxala ez balitz horrela, horrek esan nahiko bailuke behar guztiak aseta daudela, eta familia guztiak babestuta. Baina ez da horrela, tamalez.
Zer falta da?
Alde batetik, badakit oso zaila dela, baina enpatia landu beharko litzateke. Besteen tokian jartzea ezinbestekoa da besteak ulertzeko. Gero, dirua ere behar da. Edozein tratamenduk, eta berezia bada are gehiago, dirua behar du; baliabide ekonomikoak ezinbestekoak dira. Ikerketa ere indartu beharko litzateke. Instituzio guztiak edo gizartea ere inplikatzea, sentsibilizatzea…
Nik uste, eta hau hausnarketa pertsonala da, pandemiarekin pentsatzen genuela askoz hobe aterako ginela denok, baina, orokorrean, ez da horrela izan. Gure eguneroko beharrak asetzeko bizi gara, askotan, gutako bakoitza, eta batzuetan ahaztu egiten dugu zer gertatzen den hemen inguruan.
Martxan dituzuen lan lerroen artean dago IV. June Sanchez Tolaretxipi Beka.
Ikerketa sustatzeko helburua du beka honek. Zein ikerketa mota? Minbizia duten haurren bizi kalitatea hobetzeko ikerketa. Aipatzekoa da orain arteko ikerlari guztiak [aurretik hiru eman dituzte] emakumezkoak izan direla.
Beka da martxan dugun lan lerroetako bat, eta beste bat, esate baterako, Arnastu proiektua izan daiteke. Oraindik burutu gabe dago, baina ideia asko ditugu. Familiei arnasgune bat ematea da helburua, eta horren barruan jarduera bati Zorionak zuri izena jarri diogu: gure haurren urtebetetzea denean, boluntarioetako batzuk euren etxeetara doaz tarta batekin, globoak puzten dituzte… Tira, euren urtebetetzea ospatzeko da, askotan ez baitute ospatzen, eta gu hara joan eta beraiekin egotea oso polita da. Hori da proiektu handi horretako jardueretako bat.
Nola egin dakioke inork ekarpena elkarteari?
Ekarpen ekonomikoa egin daiteke bekarako, eta nik uste horrek, gaur egun, lehentasuna duela. Gero badugu beste aukera bat Teaming bidez; hilean behin zure kontu korrontetik euro bat ateratzen dizute, eta euro horrekin guk gurea egiten dugu! Oraindik ez gara heldu 700 teamers-era eta hori izango da aurtengo erronka. Gero dohaintza puntualak egiteko aukera ere badago, edota elkartasun produktuak ere baditugu salgai.
Bestalde, norbaitek ideiaren bat badu, edota laguntzeko prest badago, esku berriak beti behar dira. Boluntarioak beti behar dira, beraz, edozein animatu nahi dut gurekin harremanetan jartzera.
Joan den asteartean, urteroko poesia solidarioko saioa antolatu zuen Noski! liburu dendak; aurtengoa, Juneren Hegoak elkarteari eskainia. Elkarteko boluntario batzuek irakurraldi poetikoa egin zuten.