Euskaraz, osasuntsu
Osasunari lotutako establezimenduetan euskararen erabilera areagotzeko kanpaina aurkeztu dute gaur, 'Euskaraz, osasuntsu'.
Osasunari lotutako establezimenduetan euskararen erabilera normaliza dadin bultzatzeko kanpaina aurkeztu dute gaur Oarsoaldeko lau udalek, nahiz herri guztietako merkatari, ostalari eta zerbitzu elkarteetako ordezkariek. Oarsoaldeko Euskara Batzordeak (bertan ordezkaritza dute eskualdeko lau udalek) hamahirugarrenez erabaki du sektore jakin batean eragitea, eta aurten, osasunari lotutako guneetan abiatuko dute kanpaina, Euskaraz, osasuntsu.
Lezoko Txapeldun fisioterapia zentroan eman dituzte gaur eguerdian xehetasunak arduradun politikoek eta merkatarien elkarteetako ordezkariek. Han izan dira euskara arloko zinegotziak, Itziar Ostolaza Errenteria-Oreretatik, Pasaiatik Loreto Osa, eta Lezotik Ion Pombar. Merkatarien izenean, berriz, Edurne Mitxeo (Lezokoak), Eli Urkia (Errenteria-Oreretako Errenkoalde), Sebastian Galardi (Oiartzungo Itturri) eta Raquel Dominguez (Pasaiako Laurak Bat) izan dira. Txapeldun fisioterapia zentroaren arduradun Xabier Peso Arzadunek ere parte hartu du agerraldian.
Pombarrrek aipatu du Oarsoaldeko lau udalek 26 urteko bidea egina dutela merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioaren aldeko urratsak egiten. Zentzu horretan, negozio horientzat hainbat zerbitzu eskaintzen dituztela adierazi du Lezoko Euskara zinegotziak, tartean informazioa eta ekintza zehatzak daudelarik. Ekintza horien artean, sektore jakinetan eragitea xede dutela azaldu du. Aurten, osasungintza zentroetan jarri dute arreta. Eskualdean jada 59 dira Euskaraz, osasuntsu-rekin bat egin dutenak. Kopuru hori handitu nahi dute, ordea: kanpainarekin bat egin dutenei esan diete tokian tokiko Euskara arloarekin harremana egiteko.
Euskarriak
Errenteriako Udaleko Hizkuntza Politiken zinegotzi Itziar Ostolazak, bere aldetik, jakinarazi du inportantea dela hizkuntza paisaia euskalduntzea, hizkuntza batek duen estatusaren berri emateaz gain, establezimendu bakoitzak hizkuntzekiko eta hiztunekiko duen begirunea erakusten duelako. Hala, aurkeztu berri den kanpainaren barruan, horretan eragiteko hainbat euskarri emango direla zehaztu du. Adibidez, Euskaraz, osasuntsu jartzen duen lanpasa edo felpudo bana banatuko diete kanpainarekin bat egin duten establezimenduei.
Horrez gain, 100 egun, 100 hitz hiztegia emango diete denda horiei: apirilaren 19tik uztailaren 27ra arteko egutegi-hiztegi modukoa da, euskaraz ez dakienek eguneroko orria pasatzearekin batera hitz bat edo salerosketarako esaldiak ikas ditzaten. Merkatari euskaldunek, berriz, esaera zahar bat topatuko dute euskarri horretan. Aldi berean, sektoreko produktu eta zerbitzuen hiztegia ere jasoko dute establezimenduek.
Lokalek eta euren jabeek bakarrik ez. Horietan izango diren bezeroek ere onurak izango dituzte euskara erabiltzeagatik: azaroaren 2tik 17ra giltzatakoa emango diete.
Merkatariak
Merkatariek euren iritzia plazaratzeko aukera izan dute gaurko aurkezpenean. Lezokoak elkarteko Edurne Mitxeok ez du aukera galdu adierazteko bezeroei, herritarrei esker egiten dutela aurrera tokian tokiko negozio txikiak, eta bezeroek ematen dutenari nolabaiteko erantzuna eman behar zaiela, kalitatearekin. “Gure bezeroei zerbitzua euskaraz ematea kalitatearen ezaugarri da. Bezeroak mimatu behar ditugu, gustuko izan behar dute gure establezimendua, eta horretarako, tratu pertsonalizatua ematea da komertzio txikiaren erronka”.
Laurak Bateko (Pasaia) Raquel Dominguezek, bere aldetik, komertzio eta ostalaritza guneetako arduradunei eskatu die aintzat har dezatela euskara. Hala, hizkuntzaren alde euren negozioetan eragiteko baliabideak badaudela adierazi du, lau udalek ematen dituzten euskarrien, aholkularitza zerbitzuen eta diru laguntzen bitartez. Kanpainarako sortu diren euskarri espezifikoak erabil ditzatela galdegin die kanpainarekin bat egin dutenei. “Kanpainarekin bat eginez, dendariek eta ostalariek euren zerbitzuaren kalitatea hobetzeko aukera dute. Bi hizkuntzetan zerbitzua ematea kalitatearen sinonimo da”.
Jada agerraldiko esparru formaletik kanpo, han izan diren dendariek gogoeta egin dute: herriak bizirik izan daitezen, haien presentzia ezinbestekoa da. Eta euskaraz bada, hobe.