[Erreportajea] Energia burujabetza dute helburu
Ekiherri Energia Komunitateak bidea hasi du. Aurkezpen publikoa eginda, bazkidetza kanpainari ekin dio irabazi asmorik gabeko kooperatibak. Energia berriztagarrien garapenean erreferente izan nahi du.
Oarsoaldea, Irun eta Hondarribiko lehen energia komunitatea martxan da. Joan den hilabetearen amaieran aurkeztu zuten Ekiherri. Jakin-mina piztu zuen zalantzarik ez da, lepo bete zelako Errenteria-Oreretako Niessen Kulturguneko auditorioa haren berri lehen eskutik jasotzeko. Energia kontsumoa murriztea, energia faktura merkatzea, energia berriztagarrien garapenean erreferente izatea baliabide fosilekiko mendekotasuna murriztuz, energia subiranotasunaren alde egitea, eta hori guztia komunitatean eta komunitatearentzat egitea dute helburu. Hala azaldu dute Jose Mitxelena Ekiherriko presidenteak eta Aitziber Gartzia presidenteordeak: «Helburu nagusia eredu energetiko hau iraultzeko agente aktiboak izatea da».
Ekiherriren aurkezpen arrakastatsua egin ondoren, lurra hartzen ari dira orain. Kooperatiba izaera formaldu ostean proiektuak egi bihurtu ahal izateko bidea egiten. Bazkidetza kanpaina betean ari dira, argi baitute konplizeak behar dituztela, ahalik eta gehien, amets duten energia burujabetza egi bihurtzeko. Telefono deiak unean erantzuten dituzte —600 57 92 49 telefono zenbakira deitu dezakete interesdunek astelehenetik ostegunera 17:00etatik 19:00etara— eta webgunearen bidezko kontsultak jasotzen ari dira, baina maiatza jarri dute horiek banan-banan erantzuten hasteko abiapuntu.
Kooperatiba sortuta, helburuetara lotuta dabiltza orain bertako herritarrak hiru lantaldetan banatuta. «Orain arte lan talde ekonomiko-juridikoak izan du egiteko gehien. Estatutuak idatzi behar genituen, eta kooperatiba sortzeko gutxieneko 3.000 euroko kapitala lortu. Horiek eginda, une honetan, komunikazio lantaldea eta proiektuen lantaldea buru-belarri ari gara».
Proiektua gauzatzeko teilatu bila
Proiektuen lantaldea teilatu bila dabil orain, plaka fotovoltaikoak kokatu ahal izateko. Teilatu horiek baldintza jakinak behar dituzte Mitxelenak azaldu duenez. «Ez du edozein teilatuk balio, orientazio egokia behar dute, hegoaldera, 600 metro koadro ingurukoak izan behar dute, eta ez dute hirigunetik oso urrun egon behar. Gainera, lauak izan behar dute, teilarik gabeak».
Udalerriaren kasuan, Txirrita Maleo, Masti Loidi eta Egiburuberri industriaguneak begiz jo dituzte. Bertan dauden pabiloien teilatuak egokiak dira, eta gainera, hirigunetik gertu daude; izan ere, garrantzitsua da hirigunetik 2 kilometroko erradio batean egotea, Ekiherriko bazkide kontsumitzaileen hornidura bermatzeko. Horretan ari dira, teilatu egokien bila. Haiek detektatu, eta ate joka. Argi esan dute: negoziazioa hasi behar dute enpresa horietako jabeekin onuradun denak izan daitezen. «Idealena» biltegiak direla dio Gartziak, gastu energetiko handia ez duten jarduerak dituzten pabiloiak: «Plaken bidez ase dezakete beraiek duten beharra, eta gainontzekoa, autokontsumora bideratu komunitatearentzat».
«Helburu nagusia eredu energetiko hau iraultzeko agente aktiboak izatea da»
Aitziber Gartzia
Ekiherriko presidenteordea
Enpresa batzuk dagoeneko erantzun diete: «Teilatuak beren energia beharretarako aurreikusiak dituzte, ezingo ditugu, beraz, gure proiektu komunitariorako erabili». Beste batzuetan, berriz, ikerketa egin eta baldintza interesgarriak topatu dituzte: «100 kilowatteko instalazioa eginda, beraientzat bi kilowatt eta erdi baino ez lituzkete beharko, beraz, Ekiherriko komunitatearen autokontsumorako 97,5 kilowatt edukiko genituzke». Potentzia horrekin 100-120 pertsonentzako kontsumoa bermatuko lukete. Sortutako energia, gainera, unean bertan erabiltzeko nahi dute, eta ez metatu eta gordetzeko. Horren arrazoia azaldu du Mitxelenak: «Gutxieneko kontsumoa etxebizitzan 600-800 wattekoa bada, eta gure etxeko kontratura 2.000 atxikitzea nahi badugu, 1.200 watteko soberakina izango dugu, ez dugu kontsumituko. Soberakina horiek Iberdrolak 0,05 euroan ordaintzen ditu, eta kobratu, berriz, 0,25 euro bakoitza. Asko galduko litzateke».
Sortutakoa unean erabiltzea da, beraz, gakoa, eta gainera, gutxienekoa sortzea, soberakinik izan ez dadin; baina baita energia erabilera murriztea ere. Izan ere, energia berriztagarriak sortzeko moduak bai, baina energia erabilera murrizteko moduak ere kezkatuta ditu Ekiherriko kideak, bata zein bestea ezinbesteko direlako iraunkor izan nahi badute; egungo eredu energetikoa iraultzeko derrigorrezkoak direlako biak.
Ehun kilowatteko plaka fotovoltaikoa ezartzeko egin beharreko inbertsioaz ere hitz egin dute Gartziak eta Mitxelenak: «Kilowatt bakoitzeko 1.000 eta 1.200 euro arteko inbertsioa egin beharko da. Diru laguntzak izan badira, eta dezente merkeago atera daiteke. 100 kilowatteko plaka bat jartzeko, beraz, 100.000 euro inguruko inbertsioa egin beharko litzateke». Inbertsioa eginda, aurrezkia sumatzen hasteko zenbat denbora behar den jakiteko hasierako kalkulu bat ere egin dute, «baina hori ere findu beharra dago baldintza guztiak kontuan hartuta». Instalazioa jartzeko inbertsioa, plaka fotovoltaiko horretara «engantxatuko» diren bazkide kontsumitzaileek egin beharko dute.
Tokian ekin
Ekiherri definitzeko garaian esaldi bakarra baliatu du Gartziak. «Globalki pentsatu eta tokian ekin. Gure modu bat da maxima hori». Urtebeteko bidea luzea izan den zalantzarik ez dute, eta gakoa, lehen proiektua martxan jartzea litzakeela diote: «Horrek sona emango lioke kooperatibari, gure asmoari. Zerbait zehatza, ikusi eta ukitu daitekeena izango genuke eskaintzeko, eta errazagoa litzateke jendea gureganatzea». Ez dute, hala ere, espektatiba faltsurik sortu nahi. «Gauzek bere denbora behar dute, baita prozesu honek ere. Horrelako instalazioa egin ahal izateko kontsumo partekatua kudeatzeko muga eta epe batzuk daude. Arlo ekonomikoa ere hor dago, proiektua eraikitzearekin lotutakoak edota tramite administratiboak bezala. Bere denbora behar du».
Ezinbesteko bidelagunak
Herritar xumeak direla errepikatu dute behin eta berriz Gartziak eta Mitxelenak, «energia subiranotasunaren aldeko urratsa» egin nahi duten herritarrak: «Komunitatea osatzen dugun bizilagunak gara, mundu hobeagoa nahi dugunak, eta horretarako, energia berriztagarria nahi dugu. Badakigu nondik gatozen, badakigu non gauden, eta badakigu ere nora joan nahi dugun».
«Gurea, komunitatea asetzeko irabazi asmorik gabeko proiektua da»
Jose Mitxelena
Ekiherriko presidentea
Urtebeteko bidean, Ekiherri Kooperatiba martxan jartzeko bidelagun izan dituztenei erreferentzia egin diote bi kideek. Haien «ezinbesteko» laguntza izan dutela diote. Joan den urteko otsailaren 9an egin zuten lehen bilera udalak sustatuta. Ordutik 23 bilera egin dituzte, eta Niko Bengoetxea udaleko Jasangarritasun teknikaria aholkulari aritu da. Hasiera aldean Farapi Koopen laguntza ere izan zuten Ekiherrikoek, eta Goienerrek aholkularitza tekniko administratiboarekin lagundu die. Talaios Koop aipatu dute, bestalde: «Ekiherriko bazkide kontsumitzaile izateaz gain, ezinbestekoa izan da kooperatiba eratzeko prozesuan, baita estatutuak idazteko garaian ere eman digun laguntza». Guztiei esker ona erakutsi diete Gartziak eta Mitxelenak.
Plaka fotovoltaikoen instalazioa lehenetsi du kooperatiba sortu berriak, komunitatearen beharrak asetzeko. Izan ere, hori ere nabarmen jarri dute, Ekiherrik proiektu komunitarioak sustatuko ditu, «ez pribatu edota partikularrak, gurea komunitatea asetzeko irabazi asmorik gabeko proiektua da».
Plaka fotovoltaikoen proiektua egi bihurtu artean, energiaren erabileraren gaineko informazio interesgarria biltzen duen dokumentazioa jarri dute herritarren eskura — helbide honetan kontsulta daiteke— «egunerokorako erabilgarria da eta herritarra ahalduntzeko modua ere bada».
Orain arte egin duten bidea partekatzeko prest azaldu dira energia komunitateak sortu nahi dituzten eta horretan ari diren herriekin. «Orexa, Legorreta eta Hernanira jo dugu kooperatiba sortzeko prozesuan; Oiartzun eta Lezorekin ere harremanetan gaude. Baten bati baliagarri bazaio guk egindakoa, partekatzeko prest gaude».
Komunitateari irekia
Energia krisiagatik «kezka eta sentsibilitate bereko jendea» batu dela komunitatera nabarmendu du Gartziak, eta herritar orok dituela ateak zabalik Ekiherrirekin bat egiteko erantsi. Horretarako, bazkide laguntzaile edo bazkide kontsumitzaile izateko aukera eskaintzen dute. Batzarretan aktiboki parte hartu edo lantaldeetan engaiatzea beste aukera bat da. Informazio guztia, eta bat egiteko bete beharreko galdetegia ekiherri.eus web orrian dago.
Proiektua martxan jarriko duten zalantzarik ez dute Mitxelenak eta Gartziak. «Behin bat eginda, eredua errepikatzea izango da. Gogoa eta indarra ditugu» azaldu du Gartziak. Energia enpresa handiak kritikatzen dituztenak «urratsa egitera» animatu ditu Mitxelenak, «energia kooperatiba honekin bat egitera». Harago jo du Gartziak: «Esperientzia hauek guztiak arrakastatsuak izatea lortzen badugu, erregai fosilekin dugun menpekotasuna murriztea lortuko genuke, eta horrenbestez haien prezioa jaistea. Beste maila bat da hori, baina zergatik ez… Denbora beharko dugu horretara iristeko, baina hori ere bada gure helburua».