Gaztañoko jai egitaraua aletzen hasi dira
Jaietako lehen eguneko egitaraua zabaldu du dagoeneko Gaztañoko auzo elkarteak. Gainontzekoak, pixkanaka zabaltzen joango dira, egunez egun.
Hilabete pasa falta da oraindik Gaztañoko jaietarako—ekainaren 16an hasiko dira—. Hala ere, horien ingurukoak pixkanaka aletzen ari dira. aurtengoa gaia zein izango zen jakinarazi zuen lehenik auzo elkarteak, eta aurten Palestinari keinu egingo diotela azaldu zuten. Gaiarekin lotuta urtero antolatzen duten kamiseta lehiaketa heldu zen gero, eta horrek ere badu irabazlea: Asier Veintemillasen lana aukeratu zuen epaimahaiak Gaztañoko jaiak iragartzeko.
Orain berriz, tantaka hasi dira jaietako egitarauaren berri ematen, eta lehen egunerako ondu duten ekintza sorta zabaldu dute. Pailazo emanaldia, txupinazoa eta Maritxuren jaitsiera, Gaztañoko trikitilarien emanaldia, buruhandiak, Iratxo iturriaren irekiera, munduko bazter denetan ospetsua den patata tortila txapelketa eta Gaztaño Rocken seigarren ekitaldiarekin josi dute jaietako lehen eguneko egitaraua.
Honakoa, aurrerapen bat baino ez da. Oraindik ekainaren 17, 18 eta 23koak falta dira. Horiek ezagutzeko baina, pazientzia apur bat eskatu dute, pixkanaka jakinaraziko baitituzte Gaztañokoek antolatutakoak.
Ekainak 16ko egitaraua
- 18:00: Pontx pailazoaren Bestaz besta emanaldia, Gaztañoko erabilera anitzeko gunean.
- 19:00: Txupinazoa eta Maritxuren jaitsiera Gaztañoko trikitilari eta pandero joleen doinuek lagunduta. Ondoren buruhandiak auzoan barrena.
- 20:00: Iratxo iturriaren irekiera.
- 20:30. Patata tortilla txapelketa.
- 22:30. VI Gaztañorock kontzertua: Añube, Herdoil, eta Kontralde taldeak karpa nagusian. Ondoren DJa Gaztetxean.