Papresako jardueragatiko kiratsagatik, beste errekerimendu bat egingo du udalak
Azken hilabetetako hirugarren errekerimendua izango da, joan den urteko azaroan eta aurtengo martxoan beste bi errekerimendu egin zizkion Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari. Arantxa Tapiak gidatzen duen saila arduratzen da Papresa egiten ari den ekoizpen aldaketak baimentzeaz, eta bere jardueraren ondoriozko eraginak kontrolatzeaz.
Errenteriako Udalak beste errekerimendu bat egingo dio Eusko Jaurlaritzari, Papresaren jardueraren ondoriozko usainengatik; azken hilabetetako hirugarrena izango da hori, izan ere, joan den urteko azaroan eta aurtengo martxoan beste bi errekerimendu egin zizkion Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari. Arantxa Tapiak gidatzen duen saila arduratzen da Papresa egiten ari den ekoizpen aldaketak baimentzeaz, eta bere jardueraren ondoriozko eraginak kontrolatzeaz.
Udalak aurkeztutako errekerimendu horietan, Eusko Jaurlaritzak Papresa eraldatzeko baimena eman zuenetik udalean zaratarekin eta usainekin lotuta jaso diren kexa eta erreklamazioak helarazteaz gain, eraldaketa horren behin betiko egoeraren berri, zarata eragozpenen azterketa eta kontrol zehatzagoa, eta usainen ebaluazioa eta kontrolaren egoeraren berri eskatu zuen.
Erantzunik ez duela jaso jakinarazi du orain Errenteriako Udalak, eta horrenbestez, “eragozpenek bere horretan jarraitzen dutenez” datozen egunetan beste errekerimendu bat egingo diola Eusko Jaurlaritzako sail eskudunari jakinarazi du.
Atzera begira jarri da udala eta gogorarazi 2020ko urrian Quantum Capital Parteners enpresak Papresa erosi zuenetik, konpainia birmoldaketan ari dela, prentsa paperaren ekoizpenaren zati bat enbalaje paperera dibertsifikatzeko: “Birmoldaketa hori hasi zenetik, eta enpresaren kokalekuak herritarren ongizatean dituen eraginak arintzeko udalaren kezkaren ondorioz, enpresak hainbat konpromiso hartu zituen publikoki, eta neurri batzuk abian jarri zituen, bereziki, zaratei eta kamioien trafikoaren gainekoak”.
Neurri horiek gora behera, oraindik ere enpresa horrek eragindako zaratak kexa eta erreklamazio ugari sortzen dituztela nabarmendu du udalak, “eta horri gehitu behar zaio azken hilabeteotan antzeman diren usainek sortutako eragozpenak”.
Eusko Jaurlaritzari egindako errekerimenduez gain, enpresari berari behin baino gehiagotan egin diola zaraten gainean hartutako neurrien gogorapena baietsi du udalak, “konpromisoak bete ditzan”, baita informazioa eskatu ere “usainen jatorriari buruz, egiten ari den kontrolari buruz, eta horiek arintzeko hartuko diren neurriei buruz, baina ez dugu erantzun zehatzik jaso”.
Papresak zein Eusko Jaurlaritzak kontrol eta zuzenketa neurri egokiak aplikatzea espero duela esan du azkenik Errenteriako Udalak, “industria jardueraren eta herritarren ongizatearen arteko beharrezko bizikidetza bilatzeko”.