[Erreportajea] Saneamendu sarea, bidean aurrera
Bonantzatik Santiago plazara arteko saneamendu-sarea ezartzeko hitzarmena onartu du udalbatzak. Obrak hastear dira, eta bizilagunen eskaerak ez daude bermatuta. Alkateak uste du «garaiz» dabiltzala.
Iragan astean Pasaian izandako ezohiko udalbatzarrean onartu zuten Donibaneko saneamendurako lehen faseko obrak (Bonantzako arkupeetatik hasi eta Santiago plazara bitarteko tramua) exekutatzeko hitzarmena.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pasaiako Udalak, Uraren Euskal Agentziak eta Añarbeko Uren Mankomunitateak akordioa itxi dute lanak finantzatzeko, lehen faseko (250 metro inguru) aurrekontua, BEZ barne, 1,4 milioi eurokoa delarik. Epeez, ordea, ezer gutxi esan daiteke gaur-gaurkoz; eta kezkatuta ditu horrek bizilagunak. Galdera nagusia, lanak noiz hasiko diren baino, nola hasiko diren da askorentzat.
Arduradunek aurreproiektua jendaurrean jarri zutenetik haserreak goritu izan dituzte obrarako planek. Urte luzez aldarrikatu izan dute sanjuandarrek barrutiko alde zaharreko ur zikinak badiara isurtzeari uzteko sare egoki bat, eta hori ezartzeko garaia heldu bada ere, ez daude prest edonolako instalakuntza onartzeko. Gutxieneko bermeak nahi dituzte.
2021eko urrian aurreproiektua Juanba Berasategin publiko egin zenetik gaur arte bor-bor mantendutako aldarriak hitz gutxitan laburtzearren, hiru eskakizun nagusi ditu Donibaneko Saneamendu Integralerako Herri Batzarrak: lanak gauzatzeko epeak murriztea (lehen aurreikuspenean gutxienez bost urteko epea ezarri zuten teknikariek); lur azpian ezarriko diren hoditeria berrien artean gas-sarea integratzea (Donibaneko alde zaharreko bizilagunek ez baitute gasik); eta saneamendu-sarea bizilagun guztientzako konponbidea izatea (zenbait etxebizitzetako ur zikinak ez baitira jasoko, zailtasun teknikoak argudiatuta).
2022ko urrian eta abenduan, eta 2023ko urtarrilean, udalean hiru idatzi erregistratu zituen herritar batzordeak gas hornidura bermatzeko eman beharreko pausoei buruz informazioa eskatuz, aurretik aldundian aurkezturiko alegazioen berri emanez (batetik taldearen izenean, eta bestetik 374 bizilagun, ostalari eta merkatariren alegazioak) eta udal gobernuarekin bilera bat eskatuz.
Erantzuna «kanpotik» etorri zitzaien. 2023ko apirilaren 24an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) Donibaneko saneamenduaren lehen fasearen onespenaren berri ematen zuen dokumentua argitaratu zuten. Bertan, herri batzarrak eta bizilagunek erregistratutako alegazioei erantzuna ematen zien Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, zeharka. Azalpen gehiago eman nahi izan ditu Izaskun Gomez Pasaiako alkateak. Banan-banan jardun da eleduna sanjuandarren ezinegona piztu duten hiru gaien inguruan.
Gasa garraiatzeko «objekziorik ez»
Ahoan bilorik gabe mintzatu da Gomez: gasa alde zaharreko etxeetara garraiatzea egingarria eta segurua bada, udal gobernua ez da oztopo izango instalazio hori gauza dadin. Gaurko egunean, baina, ez daude oraindik bermatuta ez bata ez bestea ere.
«Nortegas enpresa [inguruko herrietako gas instalazioen arduradun nagusia] proiektua aztertzen ari da oraindik», azaldu du alkateak. Kale bakarra eta estua da saneamendu sare berria hartu behar duena, eta konplexutasun ugari dakartza horrek lanak gauzatzeko ez ezik, lurpetik garraiatu beharreko azpiegitura guztiak kokatzeko ere. «Hasiera batean egingarria dela esan digute [enpresakoek], baina aukeren artean hausnartzen ari dira instalazioen arteko segurtasun tartea murriztea».
Zer esan ez zekiela utzi zuen informazio horrek alkatea, «denok baitakigu gas-ihesaren arriskuen berri». Baina jakin badaki halako obretarako txostenek segurtasun ziurtagiri bat dutela beti, eta administrazioko profesionalek berme hori emango baliote proposamenari, agintariak «objekziorik jarriko ez» lukeela ziurtatu du; «ni ez naiz ingeniaria, ezta gutxiagorik ere!».
Beste iritzi batekoa da herri batzarraren izenean mintzatu den Kontxi Olaetxea. Sanjuandarrak uste du oztopoak jarri eta jarri ari dela udal gobernua, eta Nortegasen profesionaltasuna kolokan jartzea ez dela politikarien lana: «Mesedez, Nortegas enpresa espezializatu bat da, Euskadi, Kantabria eta Asturias guztian instalazio hauek egiten dituena, eta euren arautegi barruan badakite nola egin behar duten hori. Guri egin ziguten txosten teknikoan oso garbi adierazi ziguten arautegi horrek ahalbidetzen duela halako leku meharretan aritzea, segurtasun neurri guztiekin».
Inguruan ezaugarri bertsuko beste herri eta alde zaharrak badirela gogorarazi du bizilagunak, eta enpresak ziurtatu die, besteak beste, Mutrikuko hirigune historikoan barrena garraiatu izan dutela gasa.
Alkatea gasari buruz zalantzati duen beste alderdi bat ekonomikoa da. Ez du argi hornidura alde zaharrera garraiatzeko instalazioa eta horren mantenua errentagarri izango ote diren enpresa hornitzailearentzat. «Enpresak ikusi beharko du gastua efizientea zaion, edo ez».
Azken plenoan ere errentagarritasunari buruz aritu ziren Gomez eta Olaetxea, eta bigarrenak harriduraz bizi du alkatearen ardura: «Balorazio hori non egiten da horrela? Zuk [udalak] zerbitzu bat eramaten duzu, bere osotasunean ezartzen duzu, eta nahi duten bizilagunek hartzen dute. Akaso zuntza jartzen denean pentsatzen al da enpresari interesatuko zaion hori eramatea? Edo hala jarduten al da ur edo argiteriarekin? Ez. Zerbitzua instalatu, eta gero jendeari ematen zaio aukera nahi duenak hartzeko».
Hasiera batean, badirudi Nortegasek herritarren aldeko apustua egin nahi duela, eta horregatik ari dira aukera ezberdinak ikertzen. Zailtasunik ez dute falta bidean, ordea, aipaturikoaz gain, udalak baduelako hirigintza eta urbanizazio araudi bat, eta hori are zorrotzagoa da hirigune historikoetan. Mugatze horiek eragina dute, kasu, fatxadetako hodi edo galdaretan. Ezin dira edonolakoak izan. Udal gobernariak hori zailtasun gisa aipatu badu ere, sanjuandarrak borondate kontua dela sinetsita daude.
Saretik kanpo direnentzako bermea
Donibaneko etxe guztiak ez ditu barnebilduko uren sare berriak. Larrabide auzokoak eta «irisgarritasun edo zailtasun teknikoengatik» sarean integratzeko konplikatuen direnak jasotzea ez dute aurreikusi proiektuan. Gauzak horrela, alde zaharreko etxebizitzen %10 saneamendu sare orokorrera konektatu gabe utziko lirateke.
Horrekiko kezka ez dute soilik bertan bizi direnek adierazi, behin eta birritan argitara atera ditu Eguzki Talde Ekologistak manifestuak saneamendu proiektu «ez-integrala» gaitzetsiz. Azken idatzian hala mintzo dira: «Argi dago propaganda gutxiago eta anbizio handiagoa behar direla badiaren birgaitze integrala lortzeko».
Alkateak aitortu du eskuartean duten proiektuan «ez dela posible izango» hondakin-ur guztien isuriak jasotzea, baina aldundiak etorkizunean lan horiek gauzatzeko konpromisoa hartu duela ziurtatu du. «Behin obra lizitatuta, konpromisoa hartu dute, aurreproiektu antzeko baten bidez, saretik kanpo geldituko diren etxe horiek nola lotu aztertzeko». Aipatzekoa da konpromiso horiek egungo agintariek harturikoak direla (PSE-EEko alderdikide Jose Ignacio Asensio da orain Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatua), eta ardura horiek udal eta foru hauteskundeetako emaitzen arabera alda litezke.
Epeak, «hitzartzeko»
Gomezek ahotan harturiko azken gaia epeena da. Orain arteko planetan aurreikusi dute saneamendurako lanak urtean zazpi hilabetez soilik izango direla martxan, eta gainontzeko bostak (Eguberritan bi astez, Aste Santuan beste bi, eta udaran lau hilabetez) lanik ez egitea da asmoa, bi arrazoigatik: Donibane barruti turistikoa dela iritzita, eta bisitari gehien datozen garaietan horien joan-etorriak erraztu eta tokiko merkataritza nahiz ostalaritzaren diru sarrerak bermatzeko; eta bizilagunei atseden hartzeko aukera emateko.
Aitzitik, badirudi ostalari, merkatari eta bizilagunak, orobat, ez daudela ados neurri horrekin. Izan ere, 374 alegazio erregistratu zituzten bizilagun, merkatari eta ostalarien artean bakoitzak bere eskakizunekin (horien artean dagoelarik lanen epeak murriztearena). Baina are: ostalari eta merkatariei zuzenean eta banan-banan galdetu diete zein iritzi merezi dien gai horrek, eta adierazi dutenaren arabera, adostasun ia erabatekoarekin diote sanjuandarrek obra ahalik eta laburrenak nahi dituztela. «Donibaneko ostalari ia denek sinatu dituzte alegazio horiek», zehaztu du batzordekideak.
Horren alde ilunenean jarri du arreta alkateak: «Geroz eta hilabete gutxiago, orduan eta murrizketa gehiago alde zaharrean. Jakina, irisgarritasuna bermatzeko ordezkoak bilatu beharko dira tarte horretan, motora bitartez edo, baina jakin behar da tarte horretan inork ezingo duela paseoan ibili Donibane kaletik».
Dena den, sanjuandarren gehiengoak nahi duena hori bada, egungo alkateak lanen epeak ahalik eta gehien murriztearen alde egingo duela ziurtatu du. Zehaztu du, edozein kasutan, gutxienez zortzi hilabeteko iraupena izango duela lehen faseak, «eskakizun teknikoengatik». Zortzitik hamahirura arteko tartea du udalak lizitaziora aterako den pliegoan egikaritze eskakizunak zehazteko.
Lehen lanak egiteko Bonantza ibilbideko arkupeetatik Santiago plazara arteko tartea hautatu dute «zailtasun gutxien dituen tartea» delako, GAOn argitaratutako zehaztapenen arabera. Lan horiei esker lortutako eskarmentua bigarren faserako hobekuntzak egiteko baliatu nahi da.
«Proposatutako zatiketak lehen fase bat aurreikusten du, eta hortik ondorio baliotsuak ateratzea espero da, bigarren fasearen gauzatzea optimizatzeko. Fase hori zailagoa izango dela aurreikusten da, jarduketaren luzera eta ezaugarriak direla eta. Ingurunea konplexua denez, ikuspegi hori beharrezkotzat jotzen da», lurraldeko aldizkarian.
Lanak noiz hasiko diren zehazten ez du jakin alkateak, eta aitortu du ate joka diren hauteskundeek hein batean baldintzatuko dutela prozesua. «Proiektua lizitaziora atera eta hori onartu arte denbora bat igaroko da. Beharbada oker nabil, baina esango nuke garaiz gabiltzala edozein kontsulta egin ahal izateko». Lizitazioa udal eta foru bozen ondoren izango dela uste du Gomezek.