[Galeria] Eta lortu dute!
Ereintzako emakumeen talde nagusia Ohorezko Zilarrezko Mailan arituko da datorren denboraldian.
Ereintzako emakumeen talde nagusia Ohorezko Zilarrezko Mailan arituko da datorren denboraldian. Igoera fasea jokatu dute asteburuan herrian, eta Ereintzakoek dena eman dute partida bakoitzean, orain arte bezalaxe, eta igoera erdietsi. Historia egin dute, berriro. Euskadiko txapeldun izan dira eta orain maila igoera heldu da. Errenteria-Oreretak jaso duen azken urteetako kirol ekitaldi garrantzitsuenetakoa izan da asteburukoa.
Oso merezita lortu dute igoera. Faseko hiru partidak, oso borrokatuta, baina irabazi egin dituzte. Ostiralean 16-14 gainditu zuten Nafarroako San Antonio; larunbatean, 17-16 Kantabriako Sinfin; eta atzo, 23-19 Zaragozako Dominicos. Sufrimendua ez zen falta izan partida guztietan, baina azkenean, izerditutakoak eta borrokatutakoak emaitza eman zuen. Igoera. Eta zaleak, nola ez, zoratzear taldeak egindakoarekin. Azken partida irabazita, harrera egin zieten udaletxean udal ordezkariek, eta herritarrek. Handia izan zen.
Ilusioz eta gogoz joan dira asteburuko partida denetara Ereintzako emakumeak, baina presiorik gabe, Jesus Romero entrenatzaileak HITZAri esan zion moduan, “Sasoi hasieran gure asmoa zeun Euskal Ligako txapeldun izateko borrokan aritzea. Txapeldun izan gara. Orain esku artean duguna gozatzeko saria da”. Gozatu dute, ez dago horretan zalantzarik, eta egindako lan handiaren uzta jaso ere.
Jokalariak fin, eta fin zaleak. Harmailak animoz eta ilusioz bete dituzte horiek hiru egunetan; ez da gutxiagorako, lorpen itzela izan baita Ereintzakoena.
Udalak parez pare zabaldu zizkien ateak Ereintzako txapeldunei, atzo arratsaldean bertan harrera eginda.
Ostiraleko papereko astekariko erreportaje nagusietako bat, Ereintzako emakumeen talde nagusiko jokalariekin argitaratuko du HITZAk.
Argazki galerian azaltzen diren argazkiak June Romatet kazetariarenak dira.