Oroimena, aitortza eta aldarria egitera dator Francisaldia
LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna —hilaren 17an— Francisen hilketaren 44. urteurrena —ekainaren 10ean— eta Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna —ekainaren 28an— barnebilduko ditu Francisaldiaren bigarren ekitaldiak.
LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna —hilaren 17an— Francisen hilketaren 44. urteurrena —ekainaren 10ean— eta Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna —ekainaren 28an— barnebilduko ditu Francisaldiaren bigarren ekitaldiak.
Errenteriako Udalak antolatzen duen programazioa aurkeztu dute Gaur Itziar Ostolaza Berdintasun zinegotziak, eta Iñaki Queralt LGTBI+ politiken zinegotziak. Agerraldirako Francisen omenez jarritako oroigarria eta ortzadar zebrabidea aukeratu dute, eta Xabier Susperregi idazle izan dute ondoan. Izan ere, Susperregik Francis, Vicente Vadillo Santamaria zenaren gaineko liburua idatzi berri du.
Urtebeteko bidea egin du Francisaldiak, eta hilabete honetan zein ekainean zehar hamaika ekintzekin osatu duten egitarauarekin dator bigarren ekitaldia. LGTBI+ politiken ekintza planean, herritarrak osotasunean ahalduntzea eta sentsibilizatzea LGTBI+ gaien inguruan izan dela jaso zen helburuetako bat esan du Ostolazak, “oso garrantzitsua da LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko. Horrelako programazio bateratu batek inflexio puntu gisa balio digu urtean zehar gaiak herriratzeko, kaleratzeko, batzuk modu ludikoagoan, beste batzuk beste formatuetan publiko zabalari irekitzeko. Finean, gai hauen gainean hitz egiteko eta gogoeta egiteko aitzakia da”.
Nazioarte mailan zein tokian-tokian mugarri diren datekin bat egingo dute ekintzek.
Iaz egindako ekintzetako batzuk segida izango dute aurtengo egitarauan Queraltek azaldu duenaren arabera. Musika, poesia, zinema, literatura eta beste hainbat diziplina lotuko ditu programazioak. Zineforuma aipatu du LGTBI+ politiken zinegotziak, eta horren barruan, udalak eta Ozzinemaren arteko elkarlana nabarmendu du. Hilaren 23an My way out filmaren proiekzioa antolatu dute, eta ondoren solasaldia Izaskun Arandia zuzendariarekin. Programazioaren lehenengo ekitaldi horrek hasiera “potentea” emango diola zikloari nabarmendu du.
Liburu aurkezpena
Zinegoarekin ere elkarlanean aritzen da udala: “jaialdi horretatik bi lagin ere ekarriko ditugu gurera, film laburrak eta dokumentalak, zehazki”.
Alabergako Jai Batzordeari esker ona azaldu dio zinegotziak, gainera, izan ere jai egitarauaren barruan eta Francisaldiari keinu eginez, LGTBI kutsua duen DJ La Fulanaren emanaldia txertatu dute. Hilaren 27an izango da hori. Horrekin batera, erakusketa, liburu aurkezpena, transmaribollo kalejira, edota musikala antolatu ditu udalak programazioaren barruan. Hemen klik eginda kontsulta daiteke programazio osoa.
Xabier Susperregi idazleari aipamen egin dio ondoren Queraltek: “Gauden tokian, Francisen omenezko zebrabidea eta oroigarria kokatutako gunean sortu zitzaion liburua idazteko ideia Xabier Susperregiri. Guretzat oso garrantzitsua da, orain arteko Francis eta hari egiten diogun aitortza pertsonaren ingurukoa izan da, gertaera haietatik jaso genuen historia horri. Orain aukera izango dugu, Susperregiren lanaren bidez ezagutzeko pertsonaiaren atzean zegoen pertsona, Francis Vicente Vadillo Santamaria zen etaSusperregik egin duen ikerketaren bidez aukera izan dugu ezagutzeko benetako pertsona”. Francis izenburua du Susperregiren liburuak.
Memoria ariketa oso garrantzitsua den zalantzarik ez du Queraltek, mugarri izango dela.
Susperregi berak ere hartu du hitza, eta azaldu du, egun batean Iztietako sarbidean gelditu zela, ortzadar koloreko zebrabidea gurutzatu eta Francisen oroigarriaren ondoan, “bere bizitzaren gaineko zein ezagutza eskasa nuen pentsatzen hasi nintzen, hil zuten garaiko gertaeraren berri baino ez nuen. Egun hartan lanean hastea erabaki nuen, eta liburu bihurtzea”. Horretarako ezagutu zuen jendea topatzen saiatu da Susperregi. Lehenik Francisen hilketaren lekuko izan zirenak, “hiltzailea topatzen ere saiatu naiz, baina ez dut lortu”, baita Francisen hurbileko pertsonak ere. Aurpegia jarri nahi ziola Francisi dio idazleak, “irudi bakarra, pintada batena da, duela urte askokoa, eta egunkarian atera zutena, hilda jada, lurrean tiroa begian zuela. Ez nuen irudi hori nahi liburuaren isla izateko. Ezinezkoa egin dut bere argazkiak lortzeko ere”.
Elkarrizketatuetako batzuk aipatu ditu Susperregik, eta zorte handia izan duela haiekin topo egin izanaz eta euren testigantzak bildu izanagatik baietsi du: “Mikel Martin Conde zenaren testigantzak jasota daude, Julen Zabalarenak ere, Imanol Minerrenak ere… Hien testigantzak idatziz uzteak balio handia du, zalantzarik gabe”.
Liburuaren aurkezpena ekainaren 22an izango da Lekuona Fabrikan 18:30ean. Herritar guztiak animatu dituzte bertaratzera liburu aurkezpenera zein antolatutako gainontzeko ekitaldietara.