Etxebizitza hutsak alokairu sozialera bideratzeko diru laguntza
Hutsik dauden etxebizitzei erabilpena eman eta bide batez, haien beharra dutenei erantzuna emateko diru laguntza lerroa zabaldu du Errenteriako Udalak.
Hutsik dauden etxebizitzei erabilpena eman eta bide batez, haien beharra dutenei erantzuna emateko diru laguntza lerroa zabaldu du Errenteriako Udalak. Laguntza horien helburua, hutsik dauden etxebizitza horiek alokairu sozialera bideratzea da eta horretarako 3.500 euro arteko diru laguntzak emango ditu udalak etxebizitza bakoitzeko, birgaitzeko lanak egin, ekipamenduak erosi edo instalatu, edo ziurtagiri energetikoa lortzeko.
Laguntzak eskatzeko, hutsik dauden etxebizitzek, gainera, hainbat baldintza bete beharko dituzte. Errenteria-Oreretan egotea, ASAP edo Bizigune programetan sartuta egotea edo horiei atxikitzeko konpromisoa hartzea, etxebizitzak gutxienez hiru urtez alokatzeko konpromisoa ASAP programara atxikita egonez gero, eta sei urtez alokatzekoa, berriz, Bizigune programari atxikita badago.
Diru laguntzen lerro horretarako 50.000 euro bideratu ditu aurrekontuan udalak, eta eskaerak egiteko epea azaroaren 30era arte izango da zabalik.
Informazio zehatza hemen klik eginda kontsulta daiteke.