[Erreportajea] Lan gogorrak zilarrezko bihurtu ditu
Euskadiko Ligako txapela eta Ohorezko Zilarrezko Mailara igoera lortu ditu Ereintzako emakumeen talde nagusiak. Lan gogorraren emaitza izan da, eta orain gozatzea dagokie. Historia egin dute.
Historia egin dute. Ereintza Eskubaloi Taldeko emakumeen talde nagusia Ohorezko Zilarrezko Mailan arituko da datorren denboraldian, joan den asteburuko igoera fasean jokatutako hiru partidetatik hirurak irabazita. Eskubaloiaren festa handia, emakumeen kirolaren eskutik heldu zen. Izan ere, azken urteetako kirol ekitaldi garrantzitsuenetakoa izan da Galtzarabordako kiroldegiak hartu duen ligaxka. Hori etxera ekartzeko ere lanketa handia egin du eskubaloi klubak. Alai, hunkituta eta fisikoki zein mentalki nekatuta daude Ereintzako jokalariak.
Euskadiko txapelketa irabazita —lehen aldia da Ereintzako emakumeek lehia hori irabazten dutela— presiorik gabe joan dira igoera jokatzera, eta hori ere etxean gelditu da. Galtzarabordako kiroldegiko aldagelan egin du Hitza-k juntadizoa Ereintzako jokalariekin. Giro berezia sumatzen da haien artean, konplizitate ikaragarria. Hori ziurrenik ere bada izan dituzten lorpen handietako gakoetako bat, denboraldiko lan handiarekin batera. Zilarrezko Mailara igotzeak zer suposatu dien galdetuta, argi dio Enara Alfonso kapitainak: «Ez genuen espero hain biribila ateratzea asteburua bera. Hirutik hiru, nola izan den, harmaila beteta ikustea… Dena izan da hain biribila, inoiz imajinatu ere egin ez dugun poztasuna eragin digula. Gozada bat da jokatzea harmailak lepo ikusita». Hori posible egiteko lanean aritu direnak ere aipatu dituzte Ereintzako jokalariek, «haien lanik gabe ez zen-eta posible izango dena hain ondo ateratzea».
Maila igoerarekin, sasoian nahi gabe landu duten zerbait indartu dela aitortu du Alfonsok: «Gugan sinistea. Sinistu dugu gai izan garela, guk egin dugula posible lorpen hau, eta hori ikaragarria da». Udane Barreiro jokalariak argi du «esperientzia» ekarriko diela maila igoerak: «Hurrengo sasoian bidaia luzeagoak izango dira, eta gaur egun nahikoa talde izaera badugu ere, denbora gehiago elkarrekin pasatzeak gauza onak ekarriko dizkigu, nahiz eta partidak exijenteagoak izango diren. Aurten bezain ondo ez gara joango emaitzetan, eta erronka hori aurrean izatea positiboa izango da».
Errespetua aipatu du, bere aldetik, Ines Garcia jokalariak. Lan handia dagoela lorpenaren atzean nabarmendu du, azken hiru urteetan ondu dela batez ere, baina aurretik ere badatorrela azaldu du: «Orain arte inork ez gaitu serio hartu lehiatzeko talde gisa. Mutiletan Espainiako Lehen Mailan ari den taldea dugu, baina nesketan ez dugu orain arte halakorik lortu. Honek berak errespetu bat eman digu egiten dugun lanarekiko».
Herrian arrastoa utzi
Igoera fasea Errenteria-Oreretan jokatzeak ase ditu, hala aitortu du Alfonsok: «Bagenuen gogoa gure arrastoa uzteko herrian bertan jokatuta. Asteburu honetan egin ditugun hiru partidetan gustura jokatu dugu, gustura izan gara harmailak lepo ikusita, jendea animatzen. Uste dut ale hori jarri dugula herrian nolabait, eta arantza hori atera dugu».
Futbola ez den kirol batera jendea erakar daitekeela erakusteko balio izan duela asteburuak esan du Garciak, «eskubaloiaren bueltan sortu den giroa ikaragarria izan da, eskubaloia baloratu dute». Harago jo du Ekiñe Otegi jokalariak: «Ez gara Gipuzkoan eskubaloiaren erreferente bat. Zarautz edo Elgoibar izan dira beti, eta orain gu ere erreferente bihurtzea, fasea hona ekartzea, eta harmailak betetzea, oso garrantzitsua izan da».
Emakume izanik erreferente izatea gehiago kostatzen dela esan du Garciak: «Gizonen kirolak jende gehiago mugitzen du, oro har, emakumeenak baino. Asteburura arte ez dugu jendea hainbeste disfrutatzen ikusi gure partidetan, eta uste dut orain buelta eman diogula horri. Gozatu dute gure jokoarekin, eta errespetua ere irabazi dugu. Finean, ondo jokatzen dugu, beste modu batera egiten dugu, eta hori baloratzea ere lortu dugu». Oarsoaldeari ere eman diote begirada emakumeen eskubaloiaren osasun egoeraz mintzatzeko: «Lezon Munttarpe dago, baina hortik kanpo ez dago besterik. Bi talde baino ez gara».
Harmailak aipatu dituzte behin baino gehiagotan eskubaloi jokalariek, horiek beteta ikusteak eman dien bultzada. Zaleen babesaz galdetuta zalantzarik ez du izan taldeko kapitainak: «Beldur apur bat sentitu genuen, normalean harmailak nahiko hutsak izaten direnez, jende asko bertaratu eta presioak kalte egingo ote zigun. Alderantziz izan zen, indarra jaso dugu. Brutala izan zen. Nik inoiz imajinatuko ez nuena bizi izan nuen. Duela 11 urte-edo mutilek igoera fasea irabazi eta Espainiako Lehen Mailan hasi zirenean, 15 urte nituen eta harmailetatik bizi izan nuen hori. Orduan pentsatu nuen, ‘noizbait bizituko dut hori berriz ere harmailetan?’. Barruan izan naiz orain, kantxan. Izugarria izan da».
Txupinazoa botatzea, ginga
Irati Bautista jokalariak bat egin du Alfonsoren hitzekin. «Babesa uneoro izan dugu, baita kale egin dugunean ere. Animoak uneoro jaso ditugu, eta horrek indarra eman digu». Erreportajerako gerturatu diren hamazazpi jokalariek bat egin dute, beraz: «Babestuta sentitzen gara, oso». Babes horren ginga zein litzatekeen ere aipatu du kapitainak, «aurtengo madalenetako txupinazoa botatzea». Jokalari guztiek babestu dute Alfonsoren proposamena, «beste talde edo eragileren batekin partekatzeko prest gaude, noski» [Barre egin dute].
Zilarrezko Mailan aritzeko lehiakor ikusten duten euren burua. «Gogoz gaude, eta orain arte bezala gogo hori jarriko dugu partidetan. Etorriko da etorri behar dena. Oraintxe bertan dakiguna da gai izan garela erronka hau lortzeko. Gero, gerokoak. Mailara egokitu eta disfrutatzea izango da kontua. Konpetitzen disfrutatu egiten dugu, eta lanean jarraituko dugu».
Emaitzaren atzean taldearen lana dago zalantzarik gabe, «lanketa serioa da gurea marka horiei eusteko». Sasoi hasieran egungo agertokia irudikatu ote zuten galdetuta, aho batez erantzun dute ezetz: «Bazegoen gogoa zer edo zer lortzeko. Duela hiru urte hasi ginen. Ez da aurten zortea izan dugula, aurreko urteetan egindako lana dago atzean. Merezi genuen zerbait irabaztea. Liga irabaztea zen sasoi hasierako erronka, eta hori lortuta konforme ginen, egin behar genuena egin dugu. Gero igoera faserako sailkapena heldu zen, eta lehiatzera joan gara. Hau ez genuen espero inondik inora ere. Gogotsu ginen zer edo zer polita egitearekin, eta hain polita izango zenik ez genuen uste. Baina heldu da, eta lanaren emaitza da».
Taldearen egonkortasunari erreparatu diote. «Hasieran urtero zeuden aldaketak eta horrela ezinezkoa zen. Joan den urtean taldea mantentzea lortu genuen, eta uste dut horregatik espero genuela zerbait gehiago lortzea». Sasoiko gogorrena tentsioa izan dela aitortu dute jokalari guztiek, «partida guztiak gol batengatik irabaztea», aipatu du Garciak: «Partida bukatu eta esaten genuen hurrengoan tarte handiagoarekin irabazi behar genuela. Tentsio hori nekagarria da». Partida bakoitzari behar zuen garrantzia eman diote, Aiora Aguadok azaldu duenez: «Partida bat irabazi, bi, hiru, lau… Inoiz ez gara gehiegizko konfiantzaz atera kantxara, partida bakoitzean hasi gara zerotik argi izanda lana egin beharra dagoela, eta hori ere alde izan dugu, inoiz ez dugulako irabazitzat eman partidarik, irabazi dugun arte. Horrek ere izan du bere gogortasuna».
Une bereziak denboraldian
Denboraldi osoaren une bat, bereziena aukeratzeko eskatuta, denak bat etorri dira berriz ere, «joan den asteburuko partidak». Leioan (Bizkaia) jokatutako partida bat ekarri du gogora kapitainak: «Taulan azkenak ziren, eta gol bakarrarengatik irabazi genien, azken segundoan gainera. Gugan sinistu genuen, irabazi behar genuela bai edo bai, eta ez dakit nondik atera genituen indarrak, baina egin genuen. Aldagelara heldu ginenean Diana abestu genuen, eta ospakizun hori izan daiteke berezienetako bat». Zarauzko garaipena ere aipatu du, «Zarauzko eskubaloiak badu izen bat Gipuzkoan, eta bertan erakustaldi bikaina egin genuen. Aldageletan ederki ospatu genuen hori ere».
Kontziente izan edo ez, denboraldi honetan bereziki, haur eta neska gazte askorentzat erreferente bilakatu dira Ereintzako emakumeen talde nagusiko jokalariak. Historia egin dute. «Harmailak zeuden bezala ikusita halako zer edo zer egon daitekeela pentsa dezakezu. Harrotasuna, poztasuna sentitzen dugu, ale hori harrobiarentzat eta herritarrentzat uztea ikaragarria da. Lan egin, seniorretara iritsi, eta begira zein momentu bizi dugun kirolari dagokionean zein talde bezala. Igoera faseko partidak bukatu, eta lehian aritu ziren beste hiru taldeetako jokalariekin bildu, eta kiroltasunez egin genuen ospakizuna; hori ere bada eredua, eta ale hori ere utzi dugu, nahi gabe izan bada ere».
Alfonsoren hitzetatik harago jo du Otegik: «Gazteek goian aritzeko aukera ikusten badute, kirol ibilbide osoa Ereintzan egitea dutela, herrian jarraituko dute, Zarautzera edo herritik kanpo joan gabe. Hemen hasi eta bukatzeko aukera izango dutela ikustea garrantzitsua da, profesionaltasuna ere badagoela erakustea. Hori oso garrantzitsua da harrobiari begira».
Taldeari jarraikortasuna ematea gakoa izan da Alfonsorentzat, haien arteko giro ona lortzeko, «gure ardatza izan da». Ardatz dute euskara ere, emakumeen kirola eta euskara eskutik doaz euren kasuan, eta hori ere, finean, bada eredu.
Lan handiaren eta lorpenen ondoren, deskantsatzeko tartea hartuko dute orain. Enara Alfonso: «Fisikoki zein mentalki aje emozionala dugu. Aldi berean, lortu dugunaz gozatzea eta ospatzea dagokigu. Uztailean, berriz, txupinazoa botako dugu [barrezka], eta abuztuan abian jarriko gara berriro».
EREINTZAKO EMAKUMEAK
Jokalariak
1. Ines Garcia
2. Irene Garcia
3. Ainara Huizi
4. Eider Martiarena
5. Ekiñe Otegi
6. Aiora Aguado
7. Olatz Sanchez
8. Maren Vieites
9. Mireya Calvo
10. Nora Orgilles
11. Irati Bautista
12. Leyre Romero
13. Ainhoa Alonso
14. June Zuloaga
15. Udane Barreiro
16. Iratxe Blanco
17. Enara Alfonso
18. Amaiur Olaiz
Talde teknikoa
Jesus Romero (entrenatzailea)
Urko Elustondo (bigarren entrenatzailea)
Eider labaka (delegatua)
Joxan Etxeberria (ofiziala)