[Erreportajea] Beldurrek eragindako absurdorako bidaia, oholtzan
Orratx! Antzerki Taldeak estreinaldi bikoitza egingo du asteburuan Gezalan: ‘Ai, ai, ai, badatorrela!’ obrarekin umore ilunenari tartea emango diote lezoarrek. Bihar eta etzi egingo dituzte emanaldiak, 20:00etan.
Orratx!-ekoak, astelehenean, Gezalan egin zuten entseguan. Ai, ai, ai, badatorrela! obra estreinatuko du asteburuan Orratx! Antzerki Taldeak Gezala Auditoriumean. Bi aukera izango dituzte lezoarrek eta antzerkiaren zaleek lezoar aktoreen aurtengo uztarekin gozatzeko: bihar eta etzi, 20:00etan. Sarrerak Lezoko Udalaren webguneko tiket salmenta zerbitzutik eskura daitezke, 8 euroan. Betekada espero da herriko antzokian.
Baina, zer da datorrena? «Istorio hau beldurrari buruzko gogoeta da, kanpoan, kaleetan dagoen beldurraren gainekoa, kanpotik gure etxeetara etor daitekeen horrena. Bai pertsonalki zein gizarte mailan gugan eragina duten beldurrak ditugu hizketagai, ai, ai ai, badatorrela esaldia oinarri izanda»; Lierni Fresnedaren hitzak dira honakoak, Orratx!-en zuzendariarenak.
Umore iluna, eta ia-ia absurdoa izango dute lanabes kontatu nahi dutena jendartean zabaltzeko. Eszenografian, bi solairuko etxebizitza bat, goiko eta beheko bizilagunekin. Urte Zahar eguneko ospakizunetan kokatu dute istorioa. Goiko solairukoek bisita espero dute, lagun batena. Baina beldurrez bizi dira, uste dute etxetik kanpo dena dela arrisku, dena txar, dena bortizkeria. «Horregatik, kanpokoari dioten beldur horregatik, bisitan datorrena hiltzen dute», zehaztu du Fresnedok.
Beheko solairuko bi ahizpei, berriz, ate azpitik gutun bat sartzen diete. Haiek ez dira kanpora ateratzen, burbuila batean bizi dira. «Gutunean jartzen du haiek hilda daudela. Ez zaie axola. Ez diote jendeari esan nahi bizirik daudela. Etxean jarraituko dute, euren burbuilan, kanpoko bizitzaren beldurrik gabe, seguru, nahiz eta hilda egon», laburbildu du zuzendariak. Komedia beltza, paranoikoa, ia zentzugabea, absurdoa. Gizakiaren alderik ilunenaren gogoeta Gezalan bihar eta etzi.
Hiru aktore
Hiru aktorek landuko dituzte Fresnedak esandako guztiak Gezalako sakontasunean: Edurne Agirrezabala, Araitz Larrea eta Amaia Herrero dira. Aurtengo estreinaldirako antzezlarien zerrenda murritzagoa dela aipatu du zuzendariak, hainbat kidek urtea sabatiko hartzea erabaki dutelako, helburu bati begira: 2024an 25 urte beteko ditu Orratx! Antzerki Taldeak, eta horri begira indarra metatzen ari dira.
Oholtzan ez, baina laguntzen bai: Mertxe Larrea, Begoña Azpiazu eta Joseba Salaberria taldekideak inguruan izan dituzte behar zenarekin babesa ematen; musika teknikaria Amaia Legorburu da; argiena Txema Rivera; eta atrezzoaren erantzule Joxemi Intziarte izan da.
Aste osoan zehar Gezalan bertan entseatzen izan dira Orratx!-ekoak. Agertokiari beldurra kendu diote, are gehiago jakinda biharko eta etziko emanaldietan jende asko eta ezaguna izango dutela aurrez aurre besaulkietan. «Beti da hunkigarria etxean aritzea, gustu handikoa. Herriak ikus gaitzala nahi dugu, herriko lana delako».
Asteburu honetan, Orratx!-en talde nagusiaren txanda da. Ekainaren 17an, berriz, Orratx! Txikikoena izango da, eta 18an, Oarsoaldeko antzerki eskoletako kideen elkarlanarena, estreinakoz.
