III. Mikroipuin Lehiaketaren sariak eman ditu AEK-k
Saritutako ipuinekin, eta eskualdeko hainbat sortzaileren ekarpenekin, liburuxka egin dute AEK-ko kideek, ikasleen artean banatzeko.
Hilaren 11n banatu zituzten Oarsoaldeko AEK-ko kideek III. Mikroipuin Lehiaketako sariak, Errenteria-Oreretako Lekuonan. Epaimahaiak saritutako hamar sorkuntza lanak irakurri zituzten egileek edo haien ingurukoek, eta noski, ondoren merezitako saria jaso zuten. Iñaki Labakak girotu zuen ekitaldia, haren musikarekin.
Ipuinen harrabotsa ez da Lekuonako ekitaldian geldituko. Izan ere, hamar lan saritu horiekin eta eskualdeko hainbat idazlek egindako lanekin osatutako liburuxka aurkeztu zuten ekitaldian. Lezoko Oroitzeneko, Antxoko Txirritako, Oiartzungo Intxixuko, eta Oreretako Xenpelarreko ikasleei emango dizkiete.