Osa: "San Pedroko kaia oinezkoentzat izateko apustua egingo dugu"
Joakin Telleria PPAko presidentearekin eta Arantxa Tapia sailburuarekin bildu da Loreto Osa. Herrian espazio estaliak sortzeko konpromisoa hartu du.
Loreto Osa alkategai jeltzaleak bilera bat egin du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuarekin eta Joakin Telleria Pasaiako Portu Agintaritzako presidentearekin, Pasaiako dartsenaren hurrengo helburu eta erronkei heltzeko.
“EAJk apustu sendoa egin du eta erabateko inplikazioa erakutsi du Pasaia ekonomia, hirigintza, gizarte eta kultura aldetik biziberritzeko. Gainera, aurreikusitako inbertsioek enplegua sortzen lagunduko dute”, adierazi du Osak. Inbertsio hori 12 proiektutan gauzatuko da, besteak beste, topoa lurperatzea, Lezo eta Pasai Donibane lotuko dituen bidegorria, edo Herrera iparraldeko SPRI Taldearen eraikin berria.
Bileran, Portu Agintaritzaren helburu nagusien berri eman du erakundearen presidente Telleriak. Aipatu dituztenen artean daude, besteak beste, kaietarako irisgarritasuna hobetzea, ingurunearekiko eta inguruko udalerriekiko (tartean, Pasaia) iraunkortasuna bultzatzea, eta ahalik eta portu eraginkorrena lortzea.
EAJren alkategaiak zehaztu du pasaitarren bizi kalitatea hobetzeko eta Pasaia eraldatzen jarraitzeko “ezinbestekoa” izango dela gainerako erakundeekiko harremanak bultzatzea eta sendotzea: “Hainbat administrazioren arteko lan-ildoak ezarriko ditugu, herritarren erabilerarako eta gozamenerako espazioak sortu eta aprobetxatzeko. Halaber, Pasaian aisialdiko jarduerak egiteko espazio estaliak sortuko ditugu. San Pedroko kaia berreskuratu eta oinezkoentzat jartzeko apustua egingo dugu”.