Pasaia eta Galtzaraborda artean etenda dago topoa
Errenteria-Oreretako Galtzarabordako geltokitik Antxorako bidean dagoen topoko manta termikoa askatu da. Ondorioz, bidaiak eten dituzte.
Pasaia eta Galtzaraborda arteko topo-trenbideko tuneleko manta termikoa askatu egin da gaur goizean zehar. Hori dela eta, etenda daude Antxo eta Galtzarabordako geltokien arteko joan-etorriak, bide horretan geldiarazita baitago topoa.
Hendaiatik zetozen bidaiariak Errenteriako erdialdeko geltokian jaitsi eta autobusera bideratzen ari dira Euskal Trenbide Sareko arduradunak, bertan transbordoa eginda Herreraraino mugi daitezen. Donostiatik Hendaiara doazenek Herreran jaitsi behar dute, transbordoa autobusarekin egin eta Errenteriako erdialdeko geltokian berriro topoa hartu ahal izateko.
Mantaren askatzea gertatu den unean bagoietan ziren bidaiariak burdinbideetatik oinez mugiarazi dituzte geltokietara arte, muturreko egoerak behartuta. ETStik adierazi dutenaren arabera, egoera normaltasunera bueltatuko da “berehala”, baina atzerapenak sortzen ari dira orduotako lineetan.