EAJ: "Etorkizunari anbizioz eta konpromisoz begiratzen dion programa da gurea"
Loreto Osa EAJren alkategaiak, eta gidatzen duen taldeak, Pasaiarako ondu duen programa aurkeztu du. Etorkizunari "anbizioz, konpromisoz eta erronka berriekin" begiratzen dion programa dela jeltzaleena esan du Osak.
Loreto Osa EAJren alkategaiak, eta gidatzen duen taldeak, Pasaiarako ondu duen programa aurkeztu du. Etorkizunari “anbizioz, konpromisoz eta erronka berriekin” begiratzen dion programa dela jeltzaleena esan du Osak, “Pasaiari behar duen bultzada emateko apustu sendoa egiten duen programa. Eta hori lortzeko talde sendo bat osatu dugu, kudeaketa zorrotz, zintzo eta gardena ardatz izango duena”.
Pasaiaren garai dela, “bete ez diren promesen” garaia atzean gelditu dela eta ezin dutela “berriz ere Pasaia inmobilismoan erortzen utzi”, gaineratu du.
Programak hainbat ildo estrategiko ditu: Gizarte Politikak eta berdintasuna, gobernantza, ekonomia, mugikortasuna, hirigintza eta ingurumena, eta euskara, kultura eta gazteria. Gizarte politiken arloan Adinberri zahartzarorako erreferentziako zentroa Herrera Iparraldea biziberritzeko punta puntakoa izango dela esan du Osak: “azpiegitura aitzindaria izango da , eta 124 plaza eta 18 apartamendu babestu izango ditu. Zaintza ereduan erreferentea izango da, eta lurpeko aparkaleku bat izango du 460 plaza baino gehiagorentzat”. Pasaia herriLab kontzeptu aitzindaria dela baietsi du Osak, “arreta eta zaintza eredu berri bat bultzatzen dugu, pertsonarengan zentratua, bere beharrak eta nahiak kontuan hartuta bizitza ibilbidea prestatzeko. Zainketa eredu komunitarioago baterantz goaz”.
Garapen ekonomikoa bultzatzeko, berriz, Merkataritza eta Ostalaritza biziberritzeko Paln Berezia garatzea proposatu du EAJk, “eta LAurak bat elkarteari lagunduko dio plan horrek. Gainera, Herrerako eraikin berria estrategikoa izango da Adinberri eta Ekonomia Urdinarekin lotutako iniziatibak eta enpresak hartzeko”.
Herritarren gozamenerako espazio berriak ere aurreikusi ditu EAJk bere programaren barruan, hala, San Pedroko lonjako obrak amitu, eta Esnabide kaleko estalkia eta hegala urbanizatzearekin aisialdirako espazio berria sortuko dela azaldu du alkategaiak, “erakundeen arteko elkarlanari esker gainera, Pasaiarako pasealeku eta aisialdirako gune berri bat sortzeko obrak ari gara bukatzen, topoaren sarbidearen ondoan dauden pabiloien estalkietan”.
Biziberritzea eta irisgarritasuna lehentasun direla esan du gainera, eta Eusko Jaurlaritzatik jasotako diru laguntza baten bidez Andonaegi auzoko eraikinetarako irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko obrak finantzatzen lagunduko duela azaldu du jeltzaleak, “ur biltegi zaharrean, garaje eraikin bat egingo dugu eta zonaldea urbanizatu”.
Antxo “atseginago” baten aldeko apustua egin dute halaber jeltzaleek, “berdegune eta aisialdirako espazio gehiago izango dituena”. Gainera, Luzuriagako bulego eraikinari “bizitza berri bat” emango diotela azaldu du, “herritarrekin elkarlanean”. ez da neurri bakarra, aisialdiko jarduerak egiteko espazio estaliak sortzea aurreikusi dute Pasaian, eta San Pedroko kaia berreskuratu eta urbanizatzearen aldeko apustua egin.
Donibaneko saneamendua
Donibaneri dagokionean, barrutiko saneamenduaren lehen zatiko obrak urte amaieran hasiko direla aipatu du Osak eta ezinbesteko obra dela baietsi. Donibaneko goiko auzoak komunikatzeko eraikiko diren bi igogailuetako lehenengoaren obra martxan jarri dutela ere esan du jeltzaleak, “herritarren bizi kalitatea hobetzeko aurrerapauso handia”.
Aipatutako beste proiektuen artean, Pasaiako aparkalekuen benetako beharra eta mugikortasunaren hobekuntzarako azterketak egitea, “egoiliarren mugikortasunaren eta aparkaleku arautuaren ordenantza bat sortzeko”, edota euskara eta berdintasuna zeharkako ardatz bihurtzea aipatu ditu Osak, “euskara kohesiorako funtsezko osagaia da. Horregatik hainbat programa eta laguntza bultzatzen jarraituko dugu. Sare komunitarioak indartzen, eta berdintasuna, emakumeen ahalduntzea eta genero indarkeriaren aurkako borroka bultzatzen jarraituko dugu”.
Jeltzaleen beste helburuetako bat, Pasaiako nortasunari, historiari eta kultur ondareari balioa ematea izango da, “Itsas festibala bezalako ekintzak eta memoria historikoa berreskuratzeko sustatutako beste iniziatiba batzuk bultzatuko ditugu. Pasaitarren harrotasuna eta komunitate sentimendua indartzea da helburua”.