"Indarkeria matxista ezabatzeko, ezinbesteko dugu sistema patriarkala errotik aldatzea"
Indarra prebentzioan eta erantzunean jarriko duela esan du mugimendu feministak, eta gizartea errotik aldatzera deitu du: "biolentzia, arrazakeria eta gorrotorik gabeko bizitza bizigarrien aldeko hautu erabatekoa egin dugu".
Indarkeria matxistaren adierazpiderik latzenak astindu zuen Euskal Herria alderik alde pasa den asteartean. Lourdes del Hoyo hil zuen haren bikotekide ohiak, Orion, eta gero bere buruaz beste egin. Samina, haserrea eta nekea kalera atera ditu mugimendu feministak enegarrenez, “nazka-nazka” eginda, eta argi utzita eraso bakoitza erantzungo duela, “bizia bera dugulako jokoan”.
Hamarnaka eta hamarnaka errenteriar egin zuten bat atzo arratsaldean Oreretako Mugimendu Feministak deitua zuen elkarretaratzearekin. Del Hoyoren hilketa irmo salatu zuten, eta samina eta elkartasuna adierazi zizkioten emakumearen familia eta gertukoei. Gogor salatu zuten indarkeria matxista, baina baita komunikabideen jarrera ere zabaldu dituzten irudiak direla-eta, “familia eta gertukoei eragiten dien mina doakoa ikaragarria da”.
Aurten Euskal herrian izan den lehen hilketa matxista izan da Orioko emakumearena. “Nirea delako hil dut” ideia “indarrean dagoela” agerian jarrita, gizon eta emakumeei ezarritako rol eta balioak irauli ezean, “sistema patriarkala errotik aldatu ezean”, ezinezkoa izango dela indarkeria matxista ezabatzea, “begirada iraingarritik hasi, heriotzara garamatzan eraso bortitzeneraino, egungo sistema patriarkala irauli beharra dugu indarkeria matxistarekin amaitzeko”.
Emakumeek ezin dutela aske bizi salatu zuten atzoko elkarretaratzean, “ukatzen zaigu gure nortasuna libre bizitzea, aske bizitzea, munduan zein Euskal Herrian, egunez egun emakumeak iraindu, bortxatu, kolpatu, eraso, eta hil egiten gaituztelako”. Beste behin ere patriarkatua jarri zuten jomugan mugimendu feministako kideek, “izan ere hark jartzen ditu arriskuan gure bizitzak”. Horrenbestez, gizartearen egituraren oinarriari eragitea dela giltzarria nabarmendu zuten eta arazoa gizarte osoarena dela gehitu, “emakumeon gorputzetan gauzatzen bada ere”.
Ardura, beraz, gizarte osoarena da arazo estrukturala den neurrian, baina zalantzarik ez dute erakundeei dagokiela emakumeen biziak duinduko dituzten prebentzio eta konponbiderako neurriak egituratzea, beste eginkizunen artean.
Udal eta foru hauteskundeen garaia bete-betean mezu argi bidali zion atzoko elkarretaratzean mugimendu feministak alderdi politikoei: “Hauteskunde garaian alderdi guztiek egiten dute bat politikoki zuzenak diren diskurtso feministekin, baina denak ez du balio. Jakinarazten diegu, adi izango garela, ez hainbeste diskurtsoetara, agintaldi osoan egindako praktika instituzionaletara baizik. Amorrutik eskaera zuzena egin nahi dugu: izan zaitezte koherente, modu eraginkorrean eta ez sinbolikoan, gaurtik, bizia dugulako jokoan”.
Prebentzioa eta indarrean jarri zuten fokua gainera, “autodefentsan egingo dugu lan, erasoen aurrean ezin garelako ez isilik, ez besoak gurutzaturik gelditu ere. Gure auzo eta herrietatik erasotzaileak baztertzen jarraituko dugu, aski delako, nazkatuta gaudelako”.
Feminismoaren bideak gizartea errotik aldatuko duela gaineratu zuten bildutakoek, “autodefentsarako deia egiten dugu, hil ala bizikoa da gizartea errotik aldatzea. Biolentzia, arrazakeria eta gorrotorik gabeko bizitza bizigarrien aldeko hautu erabatekoa egin dugu”.
Atzoko elkarretaratzean, bestalde, elkartasun osoa helarazi zioten joan den larunbatean Villabonan eraso zuten bikoteari, baita haien familiei ere. Ozen esan zuten Indarkeria matxistak eta LGTBI+fobiak ez dutela lekurik gure gizartean.