Trintxerpe Illunbe Arraun Elkartea arraunean nahi dute
Hamarnaka herritar eta eragile mordoak babesa erakutsi diote gaur eguerdian Illunbe Arraun Elkarteari, eta berehalako konponbidea exijitu Pasaiako Udalari arraun kluba desager ez dadin.
Trintxerpe Illunbe Arraun Elkarteak hamarnaka herritarren babesa jaso du gaur. Arraunlari ohi, eta eragile mordo batek ere bat egin du Trintxerpeko arraun elkartearentzat berehalako irtenbidea eskatzeko Gernika Plazan egin duten elkarretaratzearekin. Illunbe Arraun Elkartea SOS zioten banderolak eskutan, elkartearen biziraupena jokoan dagoela salatu dute bildutakoek eta berehalako irtenbidea eskatu diote Pasaiako Udalari elkartea desager ez dadin.
Kinka larrian da Trintxerpe Illunbe Arraun Elkartea. Izan ere, portuan duen egoitza eraitsi nahi du Pasaiako Portu Agintaritzak, eremu horretan trenbide bat egiteko, eta erabaki horrek, kluba desagertzeko arriskuan jarri du, ez baitu bere jarduna eta material guztia jasotzeko bestelako egoitza alternatibarik.
Illunbe Arraun Elkarteko zuzendaritzako kideek ate ugari jo dituzte, eta beste hainbeste jotzeko prest agertu dira. Momentuz Pasaiako alderdi politikoekin hitz egiten ari dira egoeraren berri eman eta egunean jartzeko, baina momentuz ez dute inongo berririk jaso. Gaurko elkarretaratzearekin, elkarteak bizi duen egoera salatu nahi dutela azaldu du Xabi Goienetxea zuzendaritzako kideak, “eta irtenbide bat eskatu Trintxerpeko arrauna desager ez dadin”.
Pasaiako Udalak emandako bi aukerak ez direla klubarentzat onargarriak gogorarazi du Illunbekoak. Horren arrazoia nagusia ere eman du: “Ez dugu kluba deslokalizatu nahi, ez dugu Trintxerpeko arrauna gure barrutitik atera nahi”. Hortik harago, udalak planteatutako bi aukera ezegokiak izateko arrazoi gehiago ere eman ditu Goienetxeak “San Pedroko Kalparran bigarren pisua eskaini digute, eta ezinezkoa da haurrentzat batelekin igo eta jaisten aritzea”. Donibaneko eskabetxeria da bigarren aukera, “txikia gelditzeaz gainera, uretarako sarbiderik ez du”.
Trintxerpe Illunbe Arraun Elkarteak bi proiektu
Trintxerpeko arrauna ez desagertzeko proposamenak jarri ditu mahai gainean Illunbe arraun Elkarteak. Proiektuetako bat pantalan ondoan planteatu du zuzendaritzak; bestea, nautika azpian. Eraikinik ez dago, eta behin-behineko azpiegitura sortzea eskatuko luke bi horietakoren bat aurrera ateratzeak. Elkarteak bizi duen kinka larria desagerraraziko luke bi proiektu horietakoren bat onartzeak, eta arraunak Trintxerpen bizirik jarraituko lukeela bermatu, gainera. Etorkizunari begira, Herrerako proiektua aipatu du Illunbekoak, “proiektu horrek, baina, aldaketak izan ditu urtez urte, ez dugu horren gaineko informaziorik, eta ez dakigu azkenean zer izango den ere”
Ez dute lan erraza izaten, oro har, kirol elkarteek haur eta gazteak erakartzea. Lan eta indar handia inbertitzen dute harrobia sortzen eta sendotzen, eta ez dute normalean, salbuespenak salbuespen, laguntza handirik jasotzen egiteko horietarako. Illunbe Arraun Elkartea bizitzen ari den egoerak ia ezinezko egin du lanketa hori, eta aurten ez dute trainerurik atera, “ez baikenekien denboraldia bukatzeko aukerarik izango ote dugun. Haurrekin ere batel pare bat baino ez dugu izan”. Egoerak zalantzarik gabe, atzera pausua suposatuko du Trintxerpeko elkartearentzat, eta egindako lan zati handi baten galera; “argi dugu, egoera konpontzen bada, ikastetxeekin zerotik abiatu beharko dugula berriro ere lanketa guztia, baina hori asumitua dugu. Kalte kolaterala da, finean”.
Babesa sentitzen duten galdetuta, ez du zalantzarik Goienetxeak: “Herritarren eta eragileen babes handia jasotzen ari gara”. Gaurko elkarretaratzea ikustea baino ez zegoen hori baieztatzeko. Instituzioaren aldetik baina, oso bestelakoa izaten ari dela aitortu du, “udalak utzi eta utzi egin du, eta egoera konpontzea ez da erraza. Ez dugu konponbiderako borondaterik ikusten udalaren aldetik”.
Borondatea. Hori aipatu du Illunbeko zuzendaritzako kideak, “borondatea behar da. borondate politikoa badago, zer edozer lortu daiteke”.
Gaur Gernika plazara bildu diren herritarrek ere hori eskatu dute, borondatea arazori irtenbidea emateko. Borondatea, Trintxerpeko Arrauna desagertu ez dadin.