"Gure proiektua pertsonen zaintzan oinarritzen da"
Eskarmentua du udalean moreen alkategaiak, izan ere, amaitzear den agintaldian, Kultura eta Kirol zinegotzia izan da Gartzia, baita udal taldearen bozeramailea ere. Lehen aldia du alkategai gisa errenteriarrak.
Zergatik eman behar diote botoa herritarrek zuk ordezkatzen duzun proiektu politikoari?
Apalki, gauzak ongi egiten badakigula eta aukera izan dugunean gobernatzen badakigula erakutsi dugula uste dut, hori zintzoki esan behar dut. Hauek ez dira hitz hutsak, udal gobernuan parte hartu dugun aldi honetan, argi gelditu da gure lehentasuna pertsonak direla.
Lehen unetik esan dugu, gure DNAn pertsonak daudela eta erdigunean jartzen ditugula. Hori da gu saiatu garena egiten, azken lau urte hauetan batez ere. Aurretik ere, baina azken lau urteetan zentratu nahi dut.
Gure proiektua esan dudan bezala pertsonen zaintzan oinarritzen da, eta jendeak badaki. Asko errepikatu dugu, argi utzi nahi izan dugulako guk zein politika publikoak egingo ditugun: gure politika publikoak Errenterian eta bertan bizi eta lan egiten duten pertsonei begirakoak izango dira. Oso garrantzitsuak dira hurbiltasun politika horiek, gure eguneroko bizitzan zuzenean eragiten diguna, gure auzoetan eta gure herrian eragiten duena ezagutzeko eta ekiteko. Hor garatzen da gure egunerokoa, eta horrek egiten gaitu gu ezberdin. Izan ere, politika eraldatzailea izan nahi badugu, badakigu gauza txikiekin arduratu behar dugula; gauza txikietatik hasita, gauza handietara helduko gara. Orain arte hala erakutsi dugu.
Alkate bazara zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Gauza asko dugu egiteko. Egia da gure programan neurri zehatzak daudela eta zaila zait bakarra aipatzea, baina egia da egingo dugun lehenengo gauzetako bat izango dela Eusko Jaurlaritzari eskatzea Errenteriako udalerri osoa tentsio handiko eremua izenda dezan. Etxebizitzaren arloan hainbat proposamen zehatz ditugu eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu Euskadiko eta Estatuko etxebizitza legeak aplikatzen hastea. Hau da gaur egun Errenterian dugun arazorik larrienetako bat, etxebizitzarena. Gizartearen hainbat geruzari eragiten dio arazo horrek: gazte, adineko, baita egoera zaurgarrian dauden familiei ere.
Tentsio handiko eremu izendatzeak suposatuko du udalak eskumena izatea alokairuen prezioetan mugak ezartzeko, eta hori eskatu egin behar da. Orain arte Errenteria ez da sartu eremu horretan, eta uste dugu udalerriak badituela auzoak eta herritar asko etxebizitzarik gabe, alokairuak oso garestiak direlako, etxebizitzak oso garestiak direlako. Hori horrela, gazteek ezin dute etxetik atera, asko kostatzen da. Hori izango da egingo dugun lehenengo gauza.
Populazioaren %25 65 urtetik gorakoa da. Eros ahalmena bermatzeko pentsio nahikoak ere ez dituzte kasu askotan, zer esanik ez emakumeak diren pentsiodunen kasuan. Zein politikak jarriko dituzue martxan adinekoei erantzuteko?
Kezka handia eragiten digu gai horrek, asko kezkatzen gaitu gure adinekoen ongi izateak. Pandemia garaian bakarrik bizi ziren pertsonei arreta emateko sistema bat jarri genuen martxan, beharrezkoa zela ohartu ginelako. Harremanetan egotea haiekin, komunikazioa eta arreta galdu gabe, eta horren harira, zaintza publiko komunitarioko sare bat abian jarri genuen.
Bakarrik bizi nahi ez duten pertsonentzat berriz, etxebizitza proiektu bat dago martxan. Azken hori oso garrantzitsua izango da, batez ere, euren etxean bizi nahi duten pertsonentzako. Izan ere, etxe hauek berezitasun bat izango dute: gaixotzen direnean ez dituzte zaharren egoitza batera eramango, etxe horiek prestatuta daudelako sartzen zarenetik bukaerara arte duin bizitzeko, eta arreta egokia jasotzeko. Egia da, ez garela bakarrik horretan geldituko, gure programan argi eta garbi planteatzen ditugu neurri zehatzak.
Horrekin batera politika fiskal berria diseinatzen ari gara, eta bidea egiten ari gara zerga politika birbanatzailearen ezarpena zabaltzen; horrekin aurrera jarraituko dugu ulertzen dugulako, gehien daukana dela gehien ordaindu behar duena, eta gutxien daukana da gutxien oradindu behar duena, edo ezer ere ez.
Zerbitzu publikoak herritar guztien benetako ongi izatea bermatzera bideratuko ditugu eta gizarte zerbitzuen zorroa handituko dugu, bestalde. Eta orain arte planteatu ez den zerbait ere aurreikusi dugu gure programan: adinekoen arlo espezifikoa sortzeko konpromisoa hartu dugu.
Hamar Errenteriarretik batek egiten du euskaraz kalean. Ezagutza %42koa eta erabilera %10,9koa. Neurririk aurreikusi duzue erabilera sustatzeko?
Egia da erabilera ez doala ezagutzaren eskutik, eta horrek kezkatzen gaitu lan handia egin delako udaletik desoreka hori ezabatzeko, baina kostatzen ari da.
Hizkuntza topagunea edo euskararen erabilera sustatzeko neurriak hartuta ere ez dela nahikoa argi gelditu da, horregatik, euskara eta kalearen inguruan gogoeta egin eta proposatuko dugu euskararen doakotasunaren jarraipena C1 mailaraino. Ulertzen dugu bide horretatik lortuko dugula kalean jende gehiagok erabiltzea euskara.
Herri bat, 15 auzo. Zein garrantzia dute auzoek zuk ordezkatzen duzun proiektu politikoan?
Apustu garbia egiten dugu guztiontzako Errenteria baten alde. Pertsona guztiak erdigunean, auzo guztiak erdigunean. Guretzako ez dago kategoria ezberdineko auzorik eta adibide bat jartzearren Agustinak eta Kaputxinoetako jolastokien estalpeak bezalako neurriak bultzatu ditugu. Beste plaza ezberdinen estaldura jartzeko konpromisoa hartu dugu, halaber. Kirol instalazio berriak, sortu ditugu; Beraunen, bertako zelaia berritu da. Beharrezkoa zen eta positiboa izan da auzoari eta adin ezberdinetako erabiltzaileei osasun fisikoan lagundu dielako. Goizez adineko pertsonak joaten dira paseatzera, arratsaldez taldeak aritzen dira entrenatzen… erabiltzaile asko ditu. Auzo guztiak zaintzen ari gara.
Kultur, aisialdi eta kirol eskaintza berriak egingo ditugu auzo guztietan, aukera berdinak izan ditzaten pertsona guztiek etxetik gertu.
Batez ere zerbitzu publikoak ematen jarraituko dugu, herritar guztien benetako ongizatea bermatzeko. Puntu honetan, ideia zehatz baten inguruan sakondu nahiko nuke. Neu oso harro naiz Errenterian dugun mugimendu feministarekin, Emakumeen Etxearekin. Txikia gelditu zaigu eta handitu beharra dago, baina horrekin batera auzoetara eraman nahi dugu, ulertzen dugulako emakume batzuk ez direla gerturatzen, ezin dutelako, edo bizitza euren auzoan egiten dutelako. Emakumeen Etxea erabiltzeko aukera hori auzoetara eraman behar ditugu.
Bestalde, Zu zerbitzua ere Beraunen jarriko da, laburrean, bertako herritarrek gertu izan ditzaten udal zerbitzuak.
Alkatetza erdiesteko edo eroso gobernatzeko alderdi arteko itunak aurreikusi dituzue. Norekin?
Norekin ez dizut esango. Egia da ordea, guk orain arte egin dugun bezala, programatan eta gure programan oinarrituko garela. Antzeko programa proposamenak baldin badaude, akordioak lortu ahal izango ditugu; itxiak ez gaude.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie. Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte.
Honakoa Errenteria-Oreretako bigarren elkarrizketa da.