Ekainaren 19tik aurrera, Lezoko aparkaldi mugatua kontrolpekoa izango da
Ordura arteko epea sistemara egokitzekoa izango da. Ekainaren 19tik aurrera aparkaldi mugatuko hiru eremuetan egoiliarrek bakarrik utz ditzakete ibilgailuak.
Lezoko Udalak iragarri du ekainaren 19tik aurrera ezarri berri diren aparkaldi mugatuko eremuak kontrolatuko dituela. Hau da, data hori arteko egunak egokitzekoak izango dira, eta hortik aurrera hiru eremuetan 20:00etatik 08:00etara nork aparkatzen duen aintzat hartuko dute, eta baimenik izan ezean, isuna jaso dezakete hori ez dutenek.
20:00etatik 08:00etarako denbora tarte horretan egoiliar txartela bakarrik dutenek aparka dezakete zonalde horietan. Eremuak, honakoak direla oroitarazi du udalak: Tomas Garbizu kalea; Polentzarrene, Guillermo Lazon eta Hipolito Gezala kaleak; eta Zubitxo kaleak eta Elisa Salaberriak osatzen duten eremua.
Egoiliar txartel hori 10 euroan eskura daiteke udaleko erregistroan (astegunetan 08:30-13:30), edo Internet bidez. Hainbat baldintza bete behar dira eranskailu moduko agiria eskuratzeko: eskatzailea eta ibilgailua Lezon erroldatuta egotea; udalarekin zorrik ez izatea; eta kotxeko asegurua indarrean izatea.