Markel Amat sanpedrotarrak historia egin du Espainiako eskriman
15 urtetik beherakoen kategorian Espainiako Banakako Sable Txapelketa irabazi duen lehen euskalduna izan da Amat.
Markel Amat Baztarrika sanpedrotarrak historia egin du, Espainiako Banakako Gizonezkoen Sable Txapelketa irabazten lehen euskalduna izan baita, 15 urtetik beherakoen kategorian. Aurrekaririk gabeko garaipen bikoitza erdietsi du asteburuan Amatek, Fortuna KE kluba (bertako ordezkari da) ere txapeldun izan baita taldekako sailkapen orokorrean.
Madrilgo Tres Cantos herrian egindako lan “historikoa” goretsi dute klubeko prestatzaileek. Izan ere, Euskal Herriko eskrimaren historian kategoria horretan Espainiako Txapelketa bat poltsikoratzen den lehen aldia izateaz gain, ez baita bakarra izan: Espainiako hiru txapeldun eta txapeldunorde batekin bueltatu da etxera Fortuna KE.
Amat sanpedrotarrak 15-8 irabazi zuen finala Antonio de Andres kirolariaren kontra. Ondoren, June Ruiz Belategi hernaniarrak bere taldekidearen bidea jarraitu zuen eta Espainiako Txapeldun bihurtu zen hura ere Ines Higuera tiratzaileari 15-13 irabazita.
Guztiarekin, Fortuna KEk taldekako Espainiako Txapelketa irabazi zuen Gizonezkoen Sablearen kategorian, sanpedrotarraren lanaz gain, baita gainontzeko taldekideen lan txukunari esker ere: Romain Toucoure, Adur Aldaya eta Eki Esnalek osatutako taldeak Barajas eskrima klubari 45 eta 44 irabazi zion. Amat, beraz, bitan txapeldun.
June Ruizek, Maialen Arinek eta Lezoko Beleak taldeko Gala Amorena pasaitarrak osatutako emakumezkoen taldeak zilarrezko domina lortu zuen, Madrilgo Arma Aretoaren aurkako finalean 45-44 emaitzarekin galdu ondoren. Asteburu esanguratsua Euskal Herriko eskrimarentzat, hiru urre eta zilar bat poltsikoratuta.
Sailkapenak
- Sable gizonak: 1. Markel Amat Baztarrika (Fortuna KE); 2. Antonio de Andres (CE Barajas); 3k. Leon Garcia (Fed. Valentzia) eta Hugo Garcia (CE Segovia); 28. Adur Aldaya Bassagaisteguy (Fortuna KE); 51. Eki Esnal Huegun (Fortuna KE); 54. Eneko Castillo Martinez. de Zabarte (Lezoko Beleak); 61. Nabil de Miguel Trebiño (Irun Gladius).
- Sable neskak: 1. June Ruiz Belategi (Fortuna KE); 2. Ines Higuera (SA Madril); 3k. Alejandra Jativa (SA Madril) eta Maria Lora (CB Cadiz); 8. Maialen Espinoza-Arin (Fortuna KE); 32. Lupe Hernandez (Irun Gladius); 33. Gala Amorena Lavado (Lezoko Beleak).
- Sable gizonak, taldeka: 1. Fortuna KE; 2. CE Barajas; 3. SA Madril.
- Sable neskak, taldeka: 1. SA Madril; 2. Fortuna KE; 3. EH Pontevedra.