"Errenteriak merezi duen lekura itzultzeko, norabide berri baten aldeko hautua egiteko garaia da"
Isaac Palencia Caballerok 2012an hasi zuen ibilbide politikoa PSE-EErekin Errenteriako Udaleko zinegotzi gisa. Lehen aldiz da alkategai.
Zergatik eman behar diote botoa herritarrek zuk ordezkatzen duzun proiektu politikoari?
Errenteria eskualde burua da, Gipuzkoako hirugarren udalerria, eta gure iritziz, neurrira egongo den udala behar dugu, ezin dugu populazio eta komertzio galera zerrendan lehenengoak izaten jarraitu, ezta besteek baino datu ekonomiko okerragoak izaten segitu. Bestalde, Pasaian egiten ari diren bezala, topoaren lurperatzea merezi dugu. Errenteria eredu bilakatu behar dugulako berriro, kultura herri izaera eta egunerokotasun izaera berreskuratu nahi dugulako, Errenteriak zuen bizitasuna berreskuratzea ezinbesteko iruditzen zaigulako, eta uste dugulako egungo udalari anbizioa eta etorkizun erronka hauek guztiei aurre egiteko gogoa falta zaiola.
Kanpaina honetan herriko progresista eta inkonformistak interpelatzen ari naiz, bozkatu dutena bozkatu dutela, uste dugulako, Errenteriak merezi duen lekura itzultzeko gauzak aldatu eta norabide berri baten aldeko hautua egiteko garaia dela.
Alkate bazara zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Oso galdera zaila dela aitortu behar dut. Galdera horren erantzuna aldatzen joan da, kanpainan zehar, batez ere. Jendearekin askoz gehiago egoteko aukera izateak, kanpainak jendearengana gehiago hurbiltzeko aukera ematen baitizu, ikuspuntua aldatu dit, eta orain oso argi dut zein den erantzuna: udalaren ateak eta alkatetzarenak parez pare zabaltzea, artatuta eta entzunak sentitzen ez diren bizilagun horiei guztiei.
Kanpainan zehar jasotzen ari naizen kexa ohikoena da, egungo alkateak eta zinegotziek ez dietela arretarik ematen herritarrei. Udaletxean idatziak aurkeztu eta erantzunik ez dutela jasotzen esan dit herritar askok ere, eta hori onartezina da.
Premiazkoena beraz, alkate sozialistek, eta batez ere Miguel Buenek zuen izpiritu hori berreskuratzea da. Asko paseatu dut Migel Buenekin egun hauetan udalerrian barrena eta jendeak konparaketa hori egiten du: %90ean kalea zapaltzen zuen alkate bat zen Buen, eta beti eman dit aholku hori, denboraren %90 kalean eta %10 bulegoan, eta egun duguna, kontrako eredua da, inor ez duen alkatetza. Udalaren ateak parez pare zabaldu behar ditugu berriro, eta nik konpromisoa hartzen dut astean zazpi egunez, egunean 24 orduz bizilagunak eta auzoak artatzeko.
Populazioaren %25 65 urtetik gorakoa da. Eros ahalmena bermatzeko pentsio nahikoak ere ez dituzte kasu askotan, zer esanik ez emakumeak diren pentsiodunen kasuan. Zein politikak jarriko dituzue martxan adinekoei erantzuteko?
Udal talde gisa hainbat urrats egin ditugu bukatzear den agintaldian. 2020ko aurrekonturako akordio batera heldu ginen, eta mahai gainean jarri genuen eskaeretako bat izan zen martxan jartzea hautatua ez den bakardadearen gaineko diagnostikoa egitea. Guretzako ezinbesteko gaia zen, eta lanketa urgentziazkoa zen. Gure iritziz ez da nahikoa garatu, diagnostiko hutsean gelditu da, zehaztasun handirik gabeko neurriren batekin batera. Hala ere, pozik gaude gaia aurrera ateratzearekin. Datorren agintaldia garapenerako unea izango da, prebentzioa erdigunean jarrita.
Zuzkidurako etxebizitzen gaia ere hor dago. Agintaldi honetako beste porrot handi bat gure ustez. EH Bilduk hitz eman zuen etxebizitza horiek udal liburutegia zenaren eraikinean egingo zituela, eta ez du bete. Guk konpromiso horrekin jarraitzen dugu, zaila izango da liburutegia zenaren eraikinean egitea, kokaleku berria bilatu beharko zaio, baina uste dugu martxan jarri behar dugula proiektua, eta proiektu horrekiko konpromiso garbia du nire alderdiak.
Erretiratuen elkarteetako egoera kezkatzen agituen beste kontuetako bat da. Agintaldi honetako aldarrikapen handietako bat izan d,a eta uste dugu udalak hartu dituen erabakiak ez direla egokiak izan. Tartean horietako askotako tabernak kentzea erabaki du. Horrek ekarri du, ezinbestean, elkarte horiek degradatzea, eta erabiltzaileen kexak. Hainbat zailtasun izan dira, gainera, Olibeteko egoitzako lanekin, eta Galtzarabordakoekin. Azken horretan hauteskundeen aurretik amaitzea espero dugu bertan bozkatu behar delako. Jubilatuen elkarteei begirako politikaren gaineko hausnarketa egin behar dela uste dut, oro har, eta kasu askotan tabernak berreskuratu, erabiltzaileen beraien esanetan, horiek zirelako elkarteei bizitza ematen zietenak.
Asko eskatu diguten beste gauza bat, txikikeria dirudien arren, eta programan txertatu duguna adinekoentzako dantza programa izan da. Sakondu beharra dago, eta gure konpromisoa da, berreskuratzea eta astean behin auzoz auzo antolatzea jubilatuekin adostuta.
Hamar Errenteriarretik batek egiten du euskaraz kalean. Ezagutza %42koa eta erabilera %10,9koa. Neurririk aurreikusi duzue erabilera sustatzeko?
Gogoeta orokor bat egin nahiko nuke, lehenik eta behin gaiaren gainean. Uste dut aldatu beharreko kontuak badaudela arlo honetan. Izan ere, hamabi urte dira EH bildu gobernatzen hasi zenetik, gero Podemos batu zitzaion, eta martxan jarri zituzten politikak huts egin dute. Neurri horietako batzuk kontinuistak izan dira eta beste batzuk murriztaileak; lanpostu batzuetan laugarren hizkuntz eskakizuna ezarri da, eta guri ez zaigu egoki iruditzen. Datuak ikusita txarrak direla argi dago, baina gainera joera bat dago, hau da, erabilera jaitsiko dela; lau puntu jaitsi da azken bost urteetan. Esango nuke, erabilera egun baxuagoa dela EH Bildu alkatetzara heldu aurretik baino.
Uste dut aurrera egiten jarraitu behar dugula, udal euskaltegiaren doakotasunera heltzeko, erabilera sustatzen jarraitu jende gaztearen artean, eta erraztasunak ematen behar duenari.
Herri bat, 15 auzo. Zein garrantzia dute auzoek zuk ordezkatzen duzun proiektu politikoan?
Gure alderdiarentzat auzoek berebiziko garrantzia dute, eta uste dugu, eta horrela esaten ari zaizkigu bizilagunak, auzo asko ez direla artatu merezi behar zuten moduan azken urteetan. Helburu horrekin, gainera, herritarrekin, auzo elkarte, eta kirol, gizarte eta kultur eragileekin partekatutako proiektua egin dugu fokua auzoetan jarriz. Hamabost auzoetako bakoitzarentzat proiektu zehatzak egin ditugu, beraien bereizgarritasunak eta dituzten beharrak aintzat hartuta.
72 proiektu dira guztira. Horien artetik nabarmendu, Aita Donosti, Mauricio Ravel, Galtzarabordako parkearen edo Barandiaran plazaren berroneratzea; aparkaleku zonalde berriak eraikitzea Olibet, Beraun, Esnabide-Kaputxinoetan, edo igogailu berriak Pontikan, Igantzi eta Gaztañon.
Baina proiektuetatik harago, begirada eta fokua itzuli behar zaie auzoei, berreskuratu elkarrizketa auzo elkarte eta bizilagunekin eta dauden behar eta ezaugarriei jaramon egin.
Alkatetza erdiesteko edo eroso gobernatzeko alderdi arteko itunak aurreikusi dituzue. Norekin?
Zaila da galdera hau ere. Gu beti izan gara akordioaren aldekoak, oposiziotik saiatu gara ekarpena egiten jasotako guztiari, eta adostasunera heltzen, beti ere, udalerriaren hobe beharrez. Pandemia garaian, eta uste dut ez dela oposizioa eta udalerri guztien adibide, beti jarri gara udalaren esanetara adostasunera heltzeko helburuz. Neurri guztiak aho batez onartu dira. Gobernuan egon edo oposizioan, jarraituko dugu berdin guretzako garrantzitsua delako denekin hitz egitea, eta proiektuak aurrera ateratzea, bereziki, bizilagunekin.
Ikusi beharko dugu herritarrek zein lekutan jartzen gaituzten alderdi bakoitza, momentuz herritarrekin adosten saiatzen ari gara, gure proiektuarekin bat egin dezaten, eta gero ikusiko dugu zein aukera dauden akordioetara heltzeko gobernagarritasunerako.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie. Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte.
Honakoa Errenteria-Oreretako laugarren elkarrizketa da.