Barruti guztietan gailendu da EH Bildu
Bigarren indarra EAJ izan da San Pedro eta Donibanen, eta PSE-EE Trintxerpe eta Antxon. 500na boz-emaile galdu dituzte PSE-EE eta Podemosek.
EH Bilduk beste alderdiekiko alde handiarekin irabazi ditu aurten ere Pasaiako udal hauteskundeak. Bozkatu duten herritarren %39,4k egin du koalizio abertzalearen alde, lehen indar kokatuz berdeak zortzi zinegotziren ordezkaritzarekin. Azken legegintzaldian ere, boto kopuruari erreparatuta, EH Bildu izan zen herriko indar nagusia, baina 3,12 puntuko gorakada zenbatu dute aurtengoan.
Aldaketa nagusia bigarren eta hirugarren indarren artean gertatu da. Bai EAJk eta bai PSE-EEk orain lau urte baino babes gutxiago jaso dute, baina beherakada oso nabarmena izan da Izaskun Gomezen aldekoen artean; hori horrela, aurrea hartu diote jeltzaleek sozialistei. Bozen %24,3 izan da Loreto Osaren zerrendarentzat aurten (2019an %25,5), eta %20 sozialistentzat (orain dela lau urte, %27,7). Loreto Osa buru duen zerrendak, beraz, 1,19 puntutan egin du behera, baina gainbehera are nabarmenagoa izan da alderdi gorrian, 7,72 puntu babes galdu baitu legegintzaldi batean.
Podemos-Aliantza Berdea alderdiak ere hausnarketarako tartea atera beharko du, 2019ko %12,78tik %4,88ra igaro baita 2023an. Bestela esanda, orain dela lau urte 840 boz jaso zituzten moreek, eta atzo 326 bizilagun soilik hurbildu ziren bozkalekuetara euren alde egitera. 500etik gorako aldea dago, beraz, legegintzaldi batetik bestera.
EH Bildurekin batera botoetan gora egin duen zerrenda bakarra Ezker Anitza izan da, bi legegintzaldien artean 27 boto-emaile gehiago bereganatuz. Babes gehien Trintxerpen izan ditu Ana Alfagemeren zerrendak (138), gero Antxo, San Pedro eta Donibanen. Orotara 247 aldeko paper zenbatu ditu koalizioak, baina ez da gutxienekora iritsi udalean ordezkaritzarik eduki ahal izateko.
Horiek horrela, zinegotzietan ere aldaketa nabarmena. Hamazazpi eserleku ditu Pasaiako udalbatzak, eta horietako bi gehiago hartuko dituzte aurten bilkideek, sei ordezkari izatetik zortzi izatera pasako baitira. EAJ, arestian aipatu bezala, bigarren indarra izango da, iazko zinegotzi kopuru bera mantenduta, lau. Eta lau eserleku, aldi berean, sozialistentzat; 2019an lortutakoetako bat eman beharko dio EH Bilduri. Podemosek zinegotzien erdia galdu du, bitik batera igaroaz; azken eserleku hori ere EH Bildurentzat.
Barrutiz barruti
Barruti bakoitzeko datuei erreparatuta, aldaketarik handiena Trintxerpen gertatu da, PSE-EEren aldeko barruti bakarra izatetik, EH Bilduren aldekoa izatera pasa baita aurten, lauen erabakia bateratuz. Azken hauteskundeetan 727 boz eman zizkioten PSE-EEri barruti urdinean, eta 561 EH Bilduri. Aurten badirudi batek galdu duen babesa besteak irabazi duela, izan ere, 701 paper zenbatu baitituzte EH Bilduren alde, eta 536 PSE-EEren alde.
Trintxerpen, hurrenkeran hirugarren EAJ (485 aurten eta 538 azkenetan), gero PP (146 aurten eta 83 2019an), atzetik Ezker Anitza eta azkenik Podemos.
Sanjuandarrek orain dela lau urteko bide beretik bozkatu dute aurten ere, baina askoz ere gutxiago. Hurrenez hurren, EH Bildu, EAJ, PSE-EE, Podemos, PP eta Ezker Anitza irten dira. Alberroren zerrendak beherakada jasan duen barruti bakarra da hau, 2019ko 532tik 481era. Beherakada hori, ordea, orokorra izan da Donibanen, jende gutxiago hurbildu baita hauteslekuetara —edo, behintzat, sei zerrenden alde bozkatzera—, 1.069 izan ziren 2019an eta 885 aurten. Hortaz, jeltzaleek ere bozak galdu dituzte (sei), PSE-EEk 53 eta Podemosek 63.
San Pedro eta Antxon, joera bera: EH Bildu gora, eta EAJ, PSE-EE eta Podemos behera; bereziki azken biak. Bigarren indarrean jeltzaleek jarraitzen dute San Pedron, 2019an bezala, eta hirugarren PSE-EEk. Antxon, alderantziz: bigarren indarra sozialistak, eta hirugarrena EAJ (hiru bozkako aldearekin, 2019ko 171ko aldearen aurrean). Babes handia galdu du Gomezen koalizioak Pasai Antxon.
Abstentzioa, ia biztanleen erdia
2019ko abstentzio datua (%39,7) kezkatzekoa bazen, are eta larriagoa da datu hori aurten. Hautesle erroldako pasaitarren %46,5k ez du botoa emateko eskubidea baliatu aurten; hots, 12.286tik 5.712 bizilagunek abstentziora jo dute.
Donibanen parte hartzea 1069tik (zuriak eta baliogabeak zenbatu gabe) 885era jaitsi da; San Pedron 1365etik 1212ra; 2440tik 2121eta Trintxerpen, eta 2440tik 2146ra Antxon. Boto zuriek bizilagunen desengainuari buruzko informazio asko ematen dute, 119 pasaitar bertaratu baitira hauteslekuetara, espresuki, hori adieraztera. 2019an 93 izan ziren zuriak. Baliogabeak, berriz, 100 2019an eta 91 aurten.