Gaur, Jostakeitanen hirugarren saioa
Goiko Plazak jasoko du gaurkoan ere familia giroan eta euskaraz aisiaz gozatzeko eskaintza. 17:00etan bilduko dira gaztetxoenak.
Jostakeitan egitasmoaren aurtengo saioek erdia baino gehiago beteko dute gaur. 17:00etatik aurrera, Goiko Plazan, haurrek eta haien ondokoek kalean aisia euskaldun sortzaileaz baliatzeko aukera izango dute. Jostakeitanen hirugarren saioa da gaurkoa; aurrekoak maiatzaren 10 eta 17an egin ziren, eta azkena ekainaren 7rako gorde dute.
Aurrekoetan bezala, bi taldetan banatuko dira gaurkoan. 17:00etan Zotz taldekoen txanda izango da, hau da, 3-5 adin tarteko haurrena eta haien senitartekoena. Ondoren, 18:00etan, Potz taldekoen txanda: 6-9 adin tartekoena eta haien hurbilekoena. Txirbilla Aisia Taldekoek gidatzen dituzte saioak.
Euskara Talaia, Txirbilla Aisia Taldea, Lezo Herri Eskola, Hezikuntza Guraso Elkartea, eta Lezoko Udala dira egitasmoaren bultzatzaileak. Hala, Euskara Talaiak ikasturtean zehar egiten dituen jardueren jarraipena da Jostakeitan, kurtsoaren bukaera aldera egin ohi dena.