Madalenek badute irudia
'No te pierdas nada' –Etzazu ezer galdu– lanak irabazi du. Egilea Cristobal Aguilo Dominguez da, Cartagenakoa (Murtzia, Espainia).
Madalenetako kartel lehiaketak badu irabazlea. Gaur bertan eman du bere erabakiaren berri Arkaitz Barriola eta Koro Herrero diseinatzaileek, Garbiñe Ramirez Xenpelar tailerretako irakasleak, Jose Manuel Martinez Jai Batzordeko kideak eta Maite Gartzia Kultura zinegotziak osatutako epaimahaiak. No te pierdas nada –Etzazu ezer galdu– lanak irabazi du. Egilea Cristobal Aguilo Dominguez da. Cartagenakoak (Murtzia, Espainia) 1.050 euro jasoko ditu sari, eta 150 lanen artean aukeratu dute. Horrenbestez, Aguiloren lana izango da madalenak iragartzeko baliatuko duten kartela.
Haurren kategorian Joanes Arrieta Izagirre errenteriarraren Madalenetan gaude lana hautatu dute. Azken hori, haurren programazioa iragartzeko erabiliko dute. Arrietak 150 euro jasoko ditu eskola materialean gastatzeko.
Hirugarren sari bat ere banatu dute. Azken hori, publikoaren saria izan da, eta Nora Guijarro Sosa errenteriarrak jaso du Danborra kartela lanarengatik. Sariaren truke uztailaren 21ean izango den madalenetako herri bazkarirako bi gonbidapen jasoko ditu.
Ekainaren 3ra arte izango da zabalik kartel erakusketa Xenpelar Etxean.