«Hamabi urtez egindako bidearen aitortza izan da emaitza»
Bigarrenez izango da alkate Otaegi, buru duen zerrendak herritarren babes zabala jasota laugarrenez. Hauteskundeen emaitzaren atzean, hamabi urtez EH Bilduk egindako lanaren aitortza dagoela sinistuta dago.
Laugarrenez erabateko babesa jaso du EH Bilduk, eta abstentzioa gora-behera 2.000 botoko aldea atera bigarren indarrari. Igandekoa gau magikoa izango zela esan zenuen. Zein da irakurketa?
Babes handia jaso dugu, ia 7.000 boto izan direlako eta hautetsontzietara hurbildu direnen artean %4ko igoera izan dugu babes horretan. %41ak guk eskaini dugun hautu hori aukeratu izana guretzako oso garrantzitsua da. Bada hamabi urtez egindako bidearen aitortza, eta bada azken lau urte hauetan egindako kudeaketaren aitortza. Pozik gaude, gure hautua, nolabait, kontsolidatzen delako. Orain asko hitz egiten da ziklo aldaketaz. Gurean ziklo aldaketa 2011ko hauteskundeekin etorri zen. PSE-EEk 28 urtez gobernatutako herri bat izan ginen eta ziklo hori orduan itxi zen. Egin dugun bideak erakusten duena da EH Bilduren hautua ez dela izan unean uneko babes soila, baizik eta proiektu bezala hazten eta babesa indartzen joan den hautu bat.
Igandeko iluntze magiko horren alderdi iluna Gasteizko erailketa matxista izan da. Badirudi hauteskundeek dena estaltzen dutela, baina ez, egunerokoaren kronika beltza ez da eteten.
Abstentzioaren gorakada ere alderdi ilun horretan kokatuko nuke. 2019arekin alderatuta 2.500 bozka gutxiago izan dira; denera 14.000 herrikidek erabaki dute bozkarik ez ematea. Horrek autokritika eskatzen du, porrot kolektibo baten ondorioa da.
Auzo guztietan, bitan izan ezik, nagusi izan da buru zaren zerrenda. Herri bizigarriek auzo bizigarriak behar dituztela esan duzu askotan. Uste duzu bizilagunek jaso dutela ideia hori?
Baietz uste dut. Babesa ezberdina da auzo batetik bestera, baina indar politiko nagusi izateak babes handia dugunaren erakusgarri dela uste dut. Auzo bizigarrien ideiarekin lotzen dut; uste dut bizilagunak ohartu direla EH Bilduk auzotarrentzat eta auzoentzat badaukala benetan eskaintza egiteko, saiatzen garela ahalik eta modu orekatuenean hazi dadin gure herria, eta auzo guztiak hobetzeko borondate sendoa daukagula
Zein izan da herritarren konfiantza irabazteko gakoa, zure ustez ?
Kanpaina honetan behin eta berriz errepikatu dugu gaur herri hobeagoa garela eta benetan sinisten dugu hala dela, galdetu diegunean herritarrengandik jaso dugun erantzuna hori izan delako. Hori horrela da, hain justu, azken hamabi urteetan egin diren politika publikoen ondorioz. Egin dugunak bihurtu gaitu herri hobeagoa. Guztion ekarpenari esker garela herri hobea ere nabarmendu dugu, ez bakarrik udaletik egin den ahaleginari esker, lankidetzak sekulako papera jokatu du. Ireki dugu udala eta gobernantza herritarrengana hamabi urte hauetan, hori izan da transformazio handienetako bat, herritarrekin eta eragileekin politika publikoak diseinatzen eta inplementatzen saiatu gara. Horrek efektu biderkatzailea du, hau da, herritarrekin gobernatzen dugunean, askoz eraginkorragoak gara politika publikoetan. Herritarrek ikusi dute herria garatzen, herria herri hobea bihurtzen. Gure herria hobeagoa dela erakusteko lau elementu aipatuko nituzke: babes sozialaren aldeko lana, aniztasunean bizitzen ikastekoa, eta mugikortasunean oinezko ibilbideetan oinarritutako herria izan gaitezen egindako apustu sendoak. Horrekin batera, kulturak gure herrian suposatzen duen motorea aipatuko nuke.
Akordiorik aurreikusten duzue ?
Bai. Guk beti esan dugu Elkarrekin Errenteriarekin bere garaian egindako gobernatzeko akordioa estrategikoa zela aurrerakoia den eje bat egituratzeko. Ulertzen dugu eje hori eraiki izanak eta urte luzez elkarrekin gobernatzeak onura ekarri diola gure udalerriari, eta oso irekita gaude formula hori errepikatzera. Edozein kasutan, beti gobernatuko dugu akordioak bilatuz.
Bigarrenez izango zara alkate. Nola biziko duzu hilaren 17a?
Hunkitu egiten naiz. Oso oroitzapen ederra daukat 2019koaz, osagai asko zeuden, nik neronek nire burua alkate ikustea inpresioa egin zidan. Horrekin batera bi kontu oso presente dauzkat: lehendabiziko emakume alkate nintzela bat. Hori niretzat ohore bat izan zen, eta horregatik aitortu nuen egun hartan emakume askoren ahalegin eta ondorio zela ni alkate izendatzea. Niretzako ikaragarrizko ohorea izan zen horrekin batera, Julenen [Mendoza] segida izatea. Karisma ikaragarria zuen alkate gisa. Oraingoa ere berezia izango da. Kontsolidatzea, jendearen babesa eta konfiantza jasotzea, oso gauza ederra delako.