Allerruk gaztetxoei ateak zabaldu dizkie
Hilaren 9an eta 16an gaztetxoei begirako saioak antolatu dituzte Plazetan, lehena neskentzat eta bestea mutilentzat.
Allerru Kirol Elkarteak ate irekien bi egun antolatu ditu ekainerako, Plazetan. Herriko nahiz kanpoko gaztetxoei begirakoak dira, kluba, instalazioak eta duten lan egiteko era ezagutzeko. Hala, ekainaren 9an neskentzako jarduera egingo dute, 18:00etan hasita: 2012tik 2015era artean jaiotakoei begirakoa da (bi urte horiek barne). Mutilen txanda, berriz, hilaren 16an izango da: 17:00erako 2014-2015 urteetan jaiotakoak deitu dituzte, eta bi ordu geroagorako 2012an eta 2013an jaiotakoak.
Bestalde, Allerruko ordezkariek oroitarazi dute Julen Lobete Campusean izena emateko epea zabalik dela. Hilaren 27tik uztailaren 1era artekoa da futbolean trebatzeko jarduera, eta 2009 eta 2015 artean jaiotako neska-mutilei zuzenduta dago. Izen emate kuota orokorra 95 eurokoa da, 90ekoa Allerruko jokalari direnena.
