Jesus Mari Martiarena: "Ohorea izan da Lezoko alkate izatea"
Jesus Mari Martiarenak gutun bidez eskerrak eman dizkie lezoarrei, alderdikideei, gobernukideei, gainontzeko alderdi politikoetako ordezkariei, eta udal langileei.
Igandeko udal hauteskundeetan bigarren izan zen Jesus Martiarena buru zuen EAJ. Gainera, EH Bilduren esku geldituko da alkatetza eta udal gobernua, gehiengo osoa lortu baitzuten. Hala, azken bi agintaldietan Lezoko alkate izan den Martiarenak gutuna helarazi die herrikideei, hauteskundeetan parte hartu dutenei, eta azken urteetan bidelagun izan dituen guztiei. “Ohorea izan da Lezoko alkate izatea”, esan du.
Nabarmendu du, EAJK alkatetza eta udal gobernua bere egin zituenetik “Lezo hobea” dela, “bide onetik doan herria da, pertsonengan inbertitzen duena. Zorrik gabea, eta aberatsagoa. Emaitzak begi bistan dira”. Adierazi du ekainaren 17tik aurrera —orduan izendatuko da alkate berria, baita udalbatza berria osatu ere— “alkatetza eta udal gobernua utzita, udalbatzan lanean segituko duela” adierazi du egun jarduneko alkate denak. Eta azken bi agintaldietan bidelagun izan dituen den-denei eskerrak eman dizkie, alderdikideei, gobernu taldean kide izan dituenei, gainontzeko alderdi politikoei, udal langileei, eta bereziki, lezoarrei
Honakoak dira, hitzez hitz, Martiarenak esandakoak
Nire izen propioan eta Eusko Alderdi Jeltzalearen izenean eskerrak eman nahi dizkiet guregan konfiantza jarri duten herritarrei, 977 lezoar horiei, ia mila lagun horiei. Eta eskerrak ere hauteskundeetan parte hartu duten lezoar guztiei. Parte hartzea eskertzekoa baita, beti.
Ohorea izanda Lezoko alkate izatea bi legealdi hauetan, eskerrak eman nahi dizkizuet horretarako aukera eman didazuen herritarrei eta Lezoko herri osoari. Aipatu moduan, ohore handia izan da zuen ordezkari gorena, zuen alkate izatea, eta udal gobernua osatzea.
Talde lana izan da, EAJ-PNVko zinegotzi taldearena, gobernu taldearen buru, Lezoren alde lan eginez. Denoi eta zuetako bakoitzari eskertzen dizuet.
Eskerrak eman dizkiet –dizkiegu- urte hauetan guztietan udal gobernuaren parte izan diren PSE-EEko kideei.
Eskerrak eman nahi dizkiet bi legegintzaldi zinegotzi izan diren pertsona guztiei, indar politiko guztietakoei.
Eta eskerrak bereziki, udaleko funtzionario eta langileei. Zuen lana eta gogoa eskertu nahi ditut, espresuki. Zuek gabe, Lezo ez litzateke den bezalakoa izango.
Alkate honek eta Euzko Alderdi Jeltzalearen taldeak alkatetza eta udal-gobernua hartu genuenean baino Lezo hobea uzten dugu. Bide onetik doan herria, pertsonengan inbertitzen duena. Zorrik gabea eta aberatsagoa. Emaitzak begi bistan dira eta proiektu berriak martxan.
EAJ-PNVk horren alde, Lezo hobe baten alde, lanean segituko dugu. Lezoren zerbitzura eta Lezo osatzen dugun lezoar, emakume eta gizon guztien zerbitzura gara.
Ekainaren 17an udalbatza berria osatuko da. Egun horretatik aurrera, alkatetza eta udal-gobernua utzita, lanean segituko dugu udalbatzan.
Eusko Alderdi Jeltzalea gara, talde sendoa gara, udalbatzaren %40a gara eta elkarlanerako prest gara. Jakin badakigu gehiengo absolutu baten aurrean gaudela, 5 zinegotzi 7ren aurrean.
Guk, gehiengo absolutua izan dugunean, zein izan ez dugunean, elkarlanerako aukera eman izan dugu. Azken bi legealdiak horren lekuko dira. Orain oposiziotik eskuak zabalik eta guztion ongiaren alde lanean jarraituko dugu, lankidetzatik eta irekitasunetik.
Elkarlanerako prest. Eta hala jakinarazten diogu EH Bilduko udal talde berriari.
Gure helburua Lezo hobetzea da eta horretan jarraituko dugu, Lezori emanak baikara.Jesus Mari Martiarena Jaka