Taldean urratu dute bidea
Urdaburu Mendizale elkarteak ipar martxako SL-GI 56 ibilbide inauguratu du gaur. 60 lagunek hartu dute parte inaugurazio martxan.
Urdaburu Mendizale elkarteak ipar martxako SL-GI 56 ibilbide inauguratu du gaur. Ez du elkarteak bakarrik egin, herritar mordoa batu da deialdira, homologatu berri den bederatzi kilometro eta 130 metroko desnibela dituen ibilbide zirkularra egiteko. Bidea, hortaz, taldean urratu dute. 17:00etan elkartu dira Iztieta pasealekuko zubiaren ondoan.
Errenteria-Oreretako auzoetatik pasatzen da udalerriko ipar martxako lehenengo ibilbidea denak, parkeak lotuz. Diseinuaren atzean, Urdaburu Mendizale elkartea. Oztoporik gabea da ibilbidea, eta inklusiboa, maila guztietako kirolariei zuzenduta dago, eta urte osoan zehar gozatzeko moduko ibilbidea da, gainera.
Irteera eta amaiera Iztieta pasealekuan ditu ibilbideak. Oinezkoentzako zubi ondoan, informazio guztia biltzen duen panel bat jarri dute, eta ibilbidea sei gezirekin eta hiru zutoinekin seinalatuta dago, bidearen bereizgarriak diren bi marraz –bata berdea eta bestea zuria– gain.
Jaione Karrikiri Urdaburuko lehendakariak egin ditu aurkezpen lanak. Ibilbideak Iztieta pasealekuko zubi ondoan jarritako panelean du abiapuntu, eta bertan amaitzen da ere. Karrikirik azaldu duenez, gaur ez dute osorik egingo ibilbide hori, homologazioa ospatzeko luntxa prestatu dutelako Urdaburu Mendizale Elkartearen egoitzan.
Maite Gartzia jarduneko kirol zinegotziak parte hartu du martxa horretan, eta Karrikirik bere bidez eskerrak eman dizkio Errenteriako Udalari ibilbidearen homologaziorako bidean eskainitako laguntzarengatik.
Aurkezpen saioan Marijo Villalba monitore tituludunak kirol hau praktikatzeko oinarrizko azalpenak eskaini dizkie parte hartzaileei. Azalpenak emanda eta beroketa saio laburraren ostean, bideari ekin diote.