Garraiolari bat hil dela jakinarazi du LABek, "istripu ez-traumatikoan"
Oiartzungo garraio enpresa batean lan egiten zuen langileak. Sektorean hil zen seigarrena da aurten; baldintza txarrak salatu ditu sindikatuak.
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, garraiolari bat hil zen atzo —igandea, hilak 4— “istripu ez-traumatiko” batean. Transportes Insausti enpresan egiten zuen lan.
Sindikatuaren arabera, lan-istripuen %33 dira ez-traumatikoak. Garraiolarien kasuan, ehuneko hori %75eraino hazten da.
“Horrek argi erakusten du garraiolarien lan baldintzek istripu kardiobaskularretan duten eragin zuzena, lanpostuen prekarizatze etengabea tarteko”, adierazi dute.
Gaineratu dutenez, laneko istripu gehienetakoa dituen sektorea da garraioarena, eta salatu dute horiek lan baldintza txarrek eta segurtasun ezak eragiten duela.
Garraiolarien lan eskubideak bermatu eta errespetatzeko neurriak jartzeko “borondate politikoa” eskatu dute, baita erakunde zein enpresen inplikazioa ere.
LABen arabera, sei garraiolari hil dira aurten. Lanagatik bizia galdu duen 25. langilea da Euskal Herrian.