"Kontaktu erronda" egingo du EH Bilduk alderdiz alderdi
Pasaiako indar nagusiak ziurtatu du dagoeneko lanean ari direla ordezkariak, lehen seihilekorako promestutako konpromisoak betetzeko.
Oraindik udalbatzetako ardura eta aginte makilak banatu gabe badaude ere (hilaren 17an gertatuko da hori), herritarrek emandako gehiengo babesari men eginez, hasia da lanean EH Bildu. Ziurtatu dute lehen seihilekoan betetzea hitzemandako konpromisoen alde lanean ari direla jada.
Epe motzekoekin batera, herrian estrategikotzat dituzten epe ertain-luzeko “erronka handiei” ere heldu nahi diete Pasaiako bilkideek. Jakin badakite helburu horiek beste instituzioekin elkarlana eskatuko dutela, eta zentzu horretan elkarlanerako prestutasuna adierazi dute. Horregatik, datozen egunotan, lehen indar gisa, kontaktu erronda abiatuko du Pasaiako EH Bilduk herrian ordezkaritza lortu duten beste hiru alderdiekin (EAJ, PSE-EE eta Ahal Dugu).
Bukatzeko esker onez zuzendu zaizkie hautetsiak herritarrei, bozka bidez emandako babesagatik. Abstentzioarekin, ordea, kezkatuta jarraitzen du Teo Alberro buru duen zerrendak: “Uste dugu indar politikooi hausnarketarako tartea eskatuko digula horrek”.