[Bideoa eta galeria] Pentsio minimoak emakume aurpegia du
Lehen astelehenero bezala, ekainean ere kalea hartu dute Duintasunako jubilatu eta pentsiodunek bizitza duinen alde.
Kalea hartu du beste behin ere Duintasunak, ekainean. Duintasuna elkarteko jubilatu eta pentsiodunek kalea hartu dute beste astelehen batez. Elkarretaratzea egin dute eta informazioa zabaldu lehenik, manifestazioari ekiteko ondoren. Pentsio minimoek, emakume aurpegia dute. Askotan salatu du hori pentsiodunen mugimenduak, eta gaurko protestan ere lehen lerrora ekarri du gaia.
Hego Euskal Herrian 219.024 pertsona bizi dira 1.080 eurotik beherako pentsioekin; Duintasunak gaur nabarmendu duenez, “gehiengo zabala emakumeak dira, emakumeen aurpegia du pentsio minimoak”. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Gasteizera egindako martxaren balorazioa egin du. Martxa igarotako herri guztietako udaletxeen aldetik jasotako babesa eta arreta nabarmendu du Duintasunak, “Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak EHPM beste behin ere gizartearekin konektatzeko gaitasuna, duen indarra, eta iniziatiba berriak antolatzeko erraztasuna agerian gelditu da. Herrietako pentsiodunak harro daude egiten ari direnarekin, egunetik egunera ilusio handiagoz bizi dugu gure borroka”.
Gutxieneko 1.080 euroko pentsioa “ezinbesteko” jo dutela herri guztietan nabarmendu du bestalde, “erabateko babesa du gure eskaera horrek, alkate, musikari, jubilatuen egoitzak… denak bat datoz eskaera horrekin. Euskal jendartea etorkizuna eraikitzeko subjektu aktiboa izan nahi duen zalantzarik ez da, egin beharreko aldaketa sozialen agente aktibo izan nahi du”.
Egindako oinezko martxaren helburua, pertsona guztientzat duina izango den pentsioa bermatzea izan dela nabarmen utzi dute gaurko elkarretaratzean. Argi du mugimenduak jendarteak itxaropena duela pentsiodunek duela bost urte abiatutako borrokarekin, “erakutsi dugu gure dinamikak gai direla fruituak emateko, eta horregatik handitzen ari da jasotzen ari garen babesa”.
Arduraz hartu dutela egitekoa gaineratu dute pentsiodunek, “ardura maila handia dugu babesa jasotzen segitzeko. Batasuna landu behar dugu, errealitatea zorrotz behatu, arretaz entzun, eta lau haizetara zabaldu gure borroka, elkarrekin aurrera egiteko”.
Erdialdeko kaleetan barrena manifestazioa egin dute ondoren pentsiodunek. %100eko alarguntza pentsioa, pentsio eta lan duina, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, genero arrakala ezabatu, eta osasungintza publiko duinaren aldeko oihuak nagusi izan dira ibilbide osoan zehar.
Bihar hitzaldia
Duintasunak hitzaldia antolatu du bihar —hilak 6—. Mugimendu sozialak izango dituzte hizpide eta Pedro Ibarra izango da hizlaria. Ibarra Administrazio eta Politika Zientzietan Katedraduna da, eta Informazioaren Zientzietan doktorea.
Reina aretoan izango da hitzaldia, 18:00etan hasita.
