[Bideoa eta galeria] Olatua hartzera doaz
Hibaika Arraun Elkarteak senior traineruak aurkeztu zituen atzo. Indarrez datoz bi eskifaiak eta saretuta, gainera, Errenteria-Oreretako beste eragileekin konplizitatea josita olatua hartzeko prest, "herria egiten segitzeko intentzio osoarekin".
Hibaika Arraun Elkarteak senior traineruak aurkeztu zituen atzo. Ez zen nolanahiko aurkezpena izan, indarrez datoz bi eskifaiak eta saretuta, gainera, Errenteria-Oreretako beste eragileekin konplizitatea josita olatua hartzeko prest, baina batez ere, Jon Otaegi presidenteak nabarmendu zuen moduan, “herria egiten segitzeko intentzio osoarekin”.
Zumardia aukeratu izan du Arraun elkarteak traineru seniorretako arraunlariak aurkezteko agertoki gisa, “elkargune garrantzitsua delako herrian, harreman sozialetarako espazioa delako”. Atzokoa baina, berezietan bereziena izan zen zalantzarik ez da: Fanderia Futbol zelaia. Badu arrazoi bat; mendeurrena beteko du aurten Touringek —hilaren 22an izango da hori— eta aurtengo denboraldiko Hibaikako bi eskifaien aitabitxi izango da. Hantxe jarri zituzten, beraz, aurten ere herritarrei ospakizunerako arrazoi bat baino gehiago emango dieten bi traineruak futbol zelaiaren erdian.
Jon Gonzalok gidatutako ekitaldian hitza hartzen lehena Jon Otegi, Hibaikaren presidentea izan zen. Gerturatutako herritarrei eskerrak eman zizkien lehenik. Une garrantzitsua izaten dela urtero bi traineruen aurkezpen ekitaldi garaia aitortu zuen Otegik, “zalantza eta urduritasun unea da, eta aurkezpen honekin erakutsi nahi diogu jendeari zalantza horiek uxatu eta ditugun erronkak gainditzeko prest gaudela. Gazteek eta haurrek batel denboraldia bukatuta, traineruen txanda heldu da orain”. Touring Kirol elkartea zoriondu zuen eta herriko haur eta gazteekin egiten duen lana aitortu: “Ehun urte egin dituzue kirola bultzatzen, haurrak eta gazteak hezten eta hazten, herria egiten. Hori da gure helburua ere”.
36 urte daramatza Hibaikak lanean, eta bide hori, elkarlanean jarraitu nahi duela egiten nabarmen jarri zuen atzo arraun elkarteko presidenteak, “kirol arloan haur eta gazteak, hazi, hezi eta herria egiten”.
Asier Yerobi Touringeko presidenteak hartu zuen hitza ondoren. Eskertuta azaldu zen Yerobi, “jakin badakigulako zein garrantzitsua den zuentzako ekitaldi hau. Hibaikaren aitabitxi izateak ilusio bizia eragin digu”. Atzo itsaso berdea bilakatu zen Fanderiako zelaitik egunero 500 haur eta gazte pasatzen dira futbol elkarteko kideak azaldu zuenez, “kirola egitea eta herria egitea dira gure baloreak. Guretzako herriko bi kirol talde inportanteenetakoek halako elkarlan bat abiatzea, Ereintza Dantza taldeko ordezkariak ere hemen dira ekitaldian parte hartzen, herria egitea da, eta gurea herri bizia da”. Elkarlan hori “ohorea” dela esanda Hibaikari zorterik onena opa zion, “badakigu denboraldi guztiak zailak direla baina badakigu ere herriaren izena goi-goira eramango duzuela”.
Oparien txanda ere heldu zen. Arrauna, bertsoa eta guzti jaso zuen Touringek Hibaikaren eskutik. Bertso hori, Jare Antzizar arraunlariak abestu zuen atzoko ekitaldian. Zorion mezua bertsoan mendeurrenagatik, baita bi taldeak eskutik bidea urratzeko gonbidapena ere. Touringek ere egin zion oparia Hibaikari: Touringeko kamiseta, Hibaikaren izenarekin eta plaka bat. Agurra Ereintza Dantza Taldearen eta Mikel Lersundi txistulariaren eskutik heldu zen.
KAE1 Liga eta Euskotren Ligari eustea, erronka
Atzoko ekitaldiko protagonista ziren bi arraunlari taldeen aurkezpenak hartu zuen lekukoa. Emakumeen ontzian eskifaia bikaina: Ane Aiestaran, Zuriñe Alberdi, Paula Amutxastegi, Garazi Arabiotorre, Claudia Armora, Leire Arrojeria, Nerea Deobarro, June Galardi, Amaiur Garcia, Maddi Insausti, Goiatz Iza, Ihintz Larrañaga, Judith Llanes, Lisa Maciel Mancebo, June Mikeo, Itxaso Murcia, Nerea Orena, Jone Pastor, Uxue Rodriguez, Natalia Tubio, Nora Urbe, eta Laia Urretabizkaia.
Iñaki Mendizabal emakumeen entrenatzaileak duela hiru urte hasi zuen bidea Hibaika elkartean, “ilusio handia zuen jende gaztearekin. Bakoitzak bere helburua zuen, eta hiru urte pasata helburu horietako bat, eta nik uste dut garrantzitsuena zena lortu dugu, Euskotren Ligara igotzea. Lehenengo aldiz zortzi ontziz osatutako Euskotren liga izango da —orain arte lau ontzikoa izan da— eta gure ontzia hor izango da”. Indartsu entrenatu dutela, eta jendeak ilusioa duela nabarmendu zuen Mendizabalak, “hastear den ligari begira buru belarri ari gara prestatzen”. Aurtengo helburua, “maila ematea denboraldian, eta datorren uretan Euskotren Ligan mantentzea” direla erantsi zuen entrenatzaileak.
Gizonen taldea osatzen duten arraunlariak ere banan bana aurkeztu zituzten atzoko ekitaldian. Honakoak ariko dira borrokan KAE2 Ligan, maila bat gora egiteko sutsu: Adur Ferradas, Alejandro Fariña, Alex badiola, Ander Andonegi, Ander Plata, Ander Urtasun, Aratz Bergara, David Correa, Erik Puy, Gaizka Ormazabal, Iker Rodriguez, Iraitz Lamana, Javier Erro, Jon Morillo, Jon Torres, Jose Antonio Pereira Da Silva, Oier Gallastegi, Raul Brion, Unai Del Rio, Xabier Agirre, eta Liher Saiz.
Josetxo Arrizabalaga gizonen entrenatzaileak bigarren urtea du Hibaikan eta aurreko denboraldian helburuak bete zituzten sentsazio betea azaldu zuen, “pena, azkeneko momentuan bigarren postu hori ez zuela balio izan igoerarako, eskubide guztia izanda kanpoan utzi ziguten”. Aurten, beraz, asmo bera gizonen ontziarena, “goiko aldean borrokan ibiltzeko intentzio guztiarekin, nahiz eta etsai gogorrak izan. Badakigu aurten izango ditugula Orio, Donostiarra bigarren ontziarekin, eta aurreko denboraldiko Astillero, Portugalete eta… Etsai gogorrak dira, baina guk aurten osatu dugun plantillarekin lehengo urtean bezalaxe arituko gara. Ea zorte apur bat gehiago dugun eta lortzen dugun helburua”.
Txalo zaparrada jaso zuten bi traineruetako arraunlariek Fanderiako zelaiko harmailetara bildu ziren herritarren aldetik.
Ekitaldia amaitzeko, berriz, harrobia batu zitzaien senior arraunlariei. Hibaikako Haur mailako arraunlariak, Kadeteak, eta Gazte Mailakoak ezinbesteko direlako Hibaika egiteko. Haike ere txalo zaparrada jaso zuten. Ezinbestekoa da harrobiko lana, hala nabarmendu zuen aurkezleak, “Hibaikak lan handia egiten du haur eta gazteekin. Harrobia da Hibaikaren etorkizuna eta sekulako lana egiten dute haur eta gazteek urtean zehar”.
Ereintzako batelerek eta familia argazkiak jarri zioten ginga atzoko ekitaldiari.
Taldeak prest ditu Hibaikak hilaren 24an hasiko den KAE2 Ligan eta Uztailaren 1ean abiatuko duten Euskotren Ligan onena emateko. Eskaera zuzena herritar eta zaleei: bi traineruak animatzeko deia. Zalantzarik ez da, biek ala biek sua piztuko dute uretan.