Ekintzaile berrientzako diru laguntzak abiarazi ditu Lanbidek
Proiektu berriak abian jarri nahi dituzten ekintzaileei, nahiz horiek martxan izanda sendotu nahi dituztenei emango diete finantziazioa.
Beren proiektuak abian jarri nahi dituzten ekintzaileentzako nahiz horiek martxan izanda sendotu nahi dituztenentzat diru laguntzak emango ditu berriz ere Lanbidek. Eskaerak aurkezteko epea urriaren 31n bukatuko da.
Euskal enplegu zerbitzuak bi diru laguntza lerro jarri ditu abian: bata, jarduera norberaren konturako langile gisa hasteko inbertsioak egin nahi dituztenentzat, eta bestea dagoeneko martxan den enpresa proiektua finantzatzen laguntzeko, enpresaren ezarpenaren lehen faseetan. Alegia, laguntza eman nahi zaie, orobat, jarduerari berriki ekinik, gutxieneko errentagarritasun bat bermatzeko bultzada ekonomikoa behar duten pertsonei, proiektua finkatze aldera.
Hasiak diren proiektu berrietako arduradunek finantziazioa jaso dezakete eskaera egin aurretik gauzatu dituzten inbertsioak ordaintzeko, bai eta datozen 10 hilabeteetan egingo dituzten sustapen, funtzionamendu eta kudeaketa gastuak diruz laguntzeko.
Onuradunek jaso ahalko dituzten diru-laguntzak ondorengoak dira:
- Aktibo finkoetan jada egindakoa inbertsioengatik (gutxienez 5.000 eurokoa izan bada). Onuradun bakoitzak, gehienez ere, 3.500 euro jasoko ditu (%15 gehiago gaztea bada, eta beste %15 gehiago emakumea bada). 2023ko urtarrilaren 1etik eta 2023ko urriaren 31 arteko epean EJZan eta Gizarte Segurantzan altan emandakoak atxiki ahalko dira multzo honetara.
- Datozen 10 hilabeteetan egingo diren gastuengatik (autonomoen kuotak, komunikazio gastuak, web eta sare sozialen mantentze kuotak, aholkularitza, prestakuntza eta errentamendu gastuak). Onuradun bakoitzak, gehienez ere, 2.500 euro jasoko ditu (%15 gehiago gaztea bada, eta beste %15 gehiago emakumea bada). 2022ko azaroaren 1etik eta 2023ko urriaren 31 arteko epean EJZan eta Gizarte Segurantzan altan emandakoentzat da laguntza hau.
Eskaerak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira. Zalantzaren bat duena edo laguntzarik behar duena Oarsoaldea Garapen Agentziarekin jar daiteke harremanetan, bai posta elektroniko bidez eta bai telefonoz dei eginda: 943 49 41 29.