'Lur urratua'-ren estreinaldi orokorra, ostiralean
19:30ean jasoko du Gezala Auditoriumak Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren taldearen ekimenez egin den ikus-entzunezkoa.
Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Taldeak ostiralerako programatu du Lur urratua dokumentalaren estreinaldi orokorra. 19:30ean hasiko da emanaldia, Gezala Auditoriumean. Herrian izan ziren frankismoaren esklabo edo trabajadoreen gaineko dokumentala da, Katiuskak estudioko Gurutze Susperregik eta Kepa Gonzalezek egina.
1936ko altxamendu faxistaren ondoren ezarri zen diktadura erregimenak herrian utzi zuen arrastoaren gaineko ikus-entzunezkoa da Lur urratua, 58 minutukoa. Bertan, gaurko lezoarren ahotsarekin, gertatu zenaz hitz egiten da, berriz ere gerta ez dadin.
Ostiralekoaren aurretik, hainbat aurre-estreinaldi egin dituzte, pribatuak horiek. Maiatzaren 18an parte hartu duten 64 lezoarrei egin zieten gonbita haiek agertzen diren lana ikusteko; hilaren 2an eta 3an, berriz, Iparragirreko barrakoien eremua garbitzen lagundu dutenek (30etik gora auzolan egin dira), eta Etxetxo babesten dutenek ikusi ahal izan zuten sorkuntza hurrenez hurren. Ostiralean, publiko orokorrari begirako estreinaldia da.