[Elkarrizketa] “Herrikide askori ez diegu inoiz ireki atea”
‘Euskal Herria, harrera herria’ lelopean antolatu du Bixi-Bixik aurtengo Gora Herriak jardunaldi politikoa, hegoaldeko migranteak hizpide (eta hizlari). Pasaitar denen «gu berri bat» eraiki nahi dute.
Helburu politikoa al du Gora Herriak-ek?
Herrien arteko elkartasunaren izenean zerbait egin nahian hasi ginen. Bai Euskal Herriaren egoera politikoa mahai gaineratzeko, gure borrokez hitz egiteko, eta baita helburu antzekodun gatazkak bizi eta borrokatu izan dituzten beste herri batzuk ezagutzeko, eta horiengandik ikasteko ere.
Iruditzen zitzaigun, diskurtso ofizialen garaietan, eta onak eta txarrak saltzen dizkiguten garai hauetan, kontra-errelatoen goratze bat egin behar genuela. Kubarekin hasi ginen, eta ez genuen aurreikusten halako bilakaerarik izango zuenik proiektuak, baina izaten ari da. Kapitalismo basatiaren eta inperialismoaren garaiotan, borrokatzearen zilegitasunaren inguruan kontakizun bat inposatu nahi zaigun honetan, iruditzen zitzaigun haiengandik asko ikas genezakeela. Eta, gainera, irabazi zuen herri baten itxaropen horretatik tira eginda gure gatazka ere mahai gainean jarri genuen.
Bada hor saiakera bat politikaz hitz egiteko ohitura berreskuratzeko, oso espazio gutxi baitaude gure inguruan politikaz hitz egiteko, eztabaidatzeko, formakuntza jasotzeko… eta plaza hori sortu nahi genuen.
Gero, elkartasun kutsu handia hartu du Gora Herriak-ek urteekin. Hasieran gatazketan oinarritzen zen zerbait, batez ere Sahararen aukeraketarekin, non oraindik bortxa ikaragarri zital eta basatiak jasaten diren, beste ildo bat sortu zen. Ez zen bakarrik politikaz hitz egitea eta herri horiek ezagutzea, baizik eta babes sareak sortzea, elkartasuna egituratzea, ahaztuta dauden gatazkak, zapalduta dauden herriak, gogoratzea…
Nik uste hor bidea aldatu zela eta horrek ekarri gaituela ere aurtengo gaira, herri bat-borroka bat dikotomia hautsi, eta gehiago elkartasunetik jardutera.
Aurten, herrialde bat aukeratzetik harago jo eta migrazioa hartu duzue hizpide. Zehatzago, zeharkaldiak hegoaldetik egiten dituztenen biziak. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, 50.000 pertsona hil dira munduan zeharkaldietan 2014tik. Mugak, bere horretan, ez dira hilgarriak, baina jendea hiltzen dute. Beharrezkoa da gaiaz hitz egiten jarraitzea.
Nik uste beharrezkoa dela, edonon. Eskuinetik eta faxismotik inposatutako beldurraren diskurtsoaren eta pertsona hauek jasaten duten estigmaren aurrean, prentsan jende honen inguruan irakurtzen jarraitzen dugun kakaren aurrean, migrazioak delinkuentzia dakarrela ziurtatzen dutenen aurrean… Diskurtso horien aurrean oso beharrezkoa da kontraerrelatoak sortzea, eta uste dut zor hori badugula herri bezala, europar bezala, eta kolono izan den herri bat bezala, hori ere gogoratu behar baitugu.
Gure biziak horrela izan daitezen beraienak horrela izan behar izan dute. Afrikarrek ere badituzte migratzeko mila arrazoi: ikasteko, maitemindu direlako edo esperientzia bila datoz asko, baina gehienak ez datoz nahi dutelako; eta hor badugu arduraren zati bat. Eta egia da aurten ez dugula planteatu gure ardurez hitz egitea, baizik eta, gehienbat, haiei ahotsa eman nahi diegu. Pasaia migrazio asko jasotzen duen langileen herria da, eta iruditzen zait herrikide askori ez diegula ireki inoiz atea, ez diegu inoiz behar duten espazio hori eman; eman baino, ez zaie baliabiderik jarri ere eurek espazio horiek hartu ahal izateko.
Ez genituen, aurreko batzuetan bezala, Euskal Herria eta beste herri bat alboan jarri nahi, gu eta beraiek, gutasun bat sortu nahi genuen, gu berri bat. Gu horretan, Euskal Herri berri horretan, Pasaian, gu bat badagoelako, eta beraiek gu horren parte direlako. Eta horretarako haiei hitz egiten utzi behar diegu, ez genuen guk azaldu nahi zer den immigrazioa eta zein klabetan ematen den.
Horregatik, eta ezberdintasun gisa, aurtengo egitarauaren zati handi bat oso pertsonala da; oso bizipenetatik sortua. Beste urte batzuetan baino teorizazio gutxiagotik egin nahi genuen ariketa
bat zen.
«Pasaporte batzuek balio dute mugak gurutzatzeko, eta beste batzuek ez»
‘Migrante’ terminoa entzuten dugunean ez datorkigu burura, adibidez, azal zuriko finlandiar edo alemaniar bat. Azal beltzeko norbait irudikatzen dugu. Uste duzu existitzen dela ‘migrante on’ eta ‘migrante txar’ dikotomia hori?
Migratzea arriskutsua eta hilgarria da soilik batzuentzat. Nik uste migranteez hitz egitean ari garela mugak arau eta lege guztien kontra, eta dena kontran edukita gurutzatzen dituzten horietaz. Hemen mundu guztiak migratzen du, gure herritik gazte askok migratzen dute, baina ez baldintza horietan.
Zergatik? Lehen kolonialismoa zena, orain inperialismoa dena… klabe horietan gaudelako oraindik ere. Pasaporte batzuek balio dutelako mugak gurutzatzeko, eta beste batzuek ez. Eta jende honek migratu behar du beraiek sortu ez dituzten gerra eta gatazken ondorioz. Eta hona datozenean, badirudi gu beste batzuen arazo bat jasaten ari garela, baina kontua da arazo horiek guk sortu ditugula. Guk, Europa bezala, mendebaldeko zibilizazio zuri, kapitalista eta patriarkal bezala. Haien baliabideak ustiatu ditugu, haien eskulana baliatzen dugu, baina gero ez gaude prest horrek guztiak haiengan sortzen dituen ondorioak baretzeko minimorik emateko.
‘Migrante’ hitza kategoria bat da, eta horrek pertsonak deshumanizatzen ditu. Bixi-Bixin saiakera egiten duzue izen-abizenak dituzten norbanako horiek euren bizipenak kontatzera ekartzeko.
Saiatu gara aurpegiak jartzen, izenak jartzen, eta ez kategoriak ezartzen. Eta saiatu gara, aldi berean, ekiditen ekartzea oso aurpegi publiko bihurtu den norbait, eta tira, egia da aurpegi ezagunak ere izan direla: Joseba Sarrionandia etorri da, Amets Arzallus… baina saiatu gara herrian bertan ditugun eta gure bizilagun diren horien bizipenak jasotzen. Bada, Matar [Ndiaye Seck] motorako gidariak parte hartu du, Albaolan lanean eta ikasten dabiltzan gazteek ere…
Agian larunbat honetan egin dena izan da horren adibide garbiena. Hitzaldi bat baino, solasaldi bat izan zen, bertako gazteekin, luntx baten inguruan… gutasun hori sortzeko, eta ez hainbeste gu entzule, baizik eta elkarrekin bizipenak partekatzeko aukera bezala.
Bihar Afrika Bibang eta Kawadeni taldeak kontzertu nagusia eskainiko dute. Afrika, bereziki, aipatzen ari nintzen horren isla da: guraso afrikar migranteetatik jaiotako emakume bat da, Euskal Herrian jaio, bizi eta hazi dena. Hura gonbidatu genuen uste genuelako badela gutasun horren isla. Ez dela, hain zuzen, beraiek eta gu, Euskal Herria eta migranteak, baizik eta, justu, Euskal Herri migrante hori.
«Gutasun bat sortu nahi genuen, gu berri bat»
Hain zuzen, emakume migranteengan jarri duzue arreta berezia.
Egia da, saiakera egin badugu ere, ez dugula lortu nahi bezainbesteko protagonismoa ematea emakume horiei. Egia da, oraindik, pentsatzen dugunean Afrikako zeharkaldiak egiten dituen migrante horretan beti gizonak datozkigula burura; familia aurrera ateratzera datorren figura hori. Baina badakigu emakume askok egiten dituztela zeharkaldiak, umeez arduratzen direnak direla, bidean gehien hiltzen direnak direla, behin hona etorrita, arrazakeriaz eta xenofobiaz harago, matxismoa ere jasaten dutela, lan oraindik eta esklaboago eta zapalduagoak dituztenak direla…
Egia da saiatu garela, baina kosta egin zaigula ahots horiek ekartzea. Eta oraindik badugu arantzatxo eta gogo hori, eta badugu buruan, agian, hurrengo urteetara begira, ariketa bat egitea bereziki hegoaldetik edo Afrikatik datozen emakume horiekin; ahots bat zor diegu.
Egia da egon dela erreakzio bat «nik zer daukat kontatzeko» modukoa. Emakumeetan are gehiago, baina oso orokorra izan da. Eta uste dut gerora oso pozik hartu duten aukera bat izan dela, eta oso pozik egin duten ariketa bat izan dela, baina lehenengo erantzuna beti izan da: «Nik zer kontatuko dut?». Eta horrek ere erakusten du zenbateraino dauden isilduta kontakizun horiek.
Herriak babesteko instituzioen neurri eta baliabideak, gehienetan, herri mugimendutik jaiotakoak dira. Batze kolektibo horren aldeko saiakera al da, hein batean, Gora Herriak?
Sahararekin ikusi genuen bezala, herri mugimenduak bide bat martxan jartzen duenean eta elkartasun sareak zabaltzen dituenean, gero administrazioari presio pixka bat eginda babes bat lortzea errazagoa da. Pasaiako Udalak, adibidez, parte hartzen du egun saharar umeak udan ekartzeko programetan, behintzat babes ekonomikoa lortu dugu. Askoz gehiago ez da, baina tira, bada zerbait. Horren adibide dira ere Irungo Harrera Sarea, edo Aita Mari egitasmoa plano askoz zabalago batean.
Esango nuke Euskal Herriko militante ezkertiar eta feministok badugula zor bat arrazakeria eta xenofobiarekin. Eta iruditzen zait Pasaia hain herri arrazializatua eta hain herri langilea izanda, ez dagoela oraindik gai honen inguruko mugimendurik herrian, ez dagoela horretan dabilen talderik. Migrante batzuk bai ibiltzen direla talde batean edo bestean, eta emakume migranteek badute espaziotxo bat udalaren aterkipean-eta, baina bai iruditzen zaigu herrira ateratzeko eta presio hori egiteko lehenengo ariketa gisa balio dezakeela honek.
Gure intentzioa da hau abiapuntu izan dadin bertan eragiteko, eta presionatzeko mugimendu eta bide berriak sor daitezen Pasaian. Hori guztia ez da hamabost eguneko ariketa bat, baina balio dezake herrian espazio berriak sortu eta jende gehiago anima dadin gai hauen inguruan lan egitera. Gero instituzioak iritsiko dira; iristen badira…
- EGITARAUA, GAURTIK AURRERA:
- Ekainak 10, larunbata
- 19:30. Juanba Berasategin. Kontzertu nagusia. Afrika bibang eta bere taldea. Kwadeni taldea, perkusioa eta dantza.
- Ekainak 12, astelehena
- 19:30. Kultur Aterpean. Hitzaldia: Migrazioa eta egungo inperialismo egiturak. Haizea Solagurenbelaskoa eta Andrea Bartolo, Askapenako kideak.
- Ekainak 14, asteazkena
- 19:30. Kultur Aterpean. Mahai-ingurua: Estranjeria legea hautsi! EH, Harrera Herria. Mikel Zuluaga (Artea herria), Arantza Chacon (Zehar elkartea) eta Aita Mari ontziko ordezkari bat.
- Ekainak 15, osteguna
- 19:30. Kultur Aterpean. Solasaldia: AMAZIGH herria gurean. Aziz El Quardy eta Khalid Amzir: testigantzak. Joseba Sarrionandia: Moroak gara behelaino artean?, liburuaz.
- Ekainak 17, larunbata
- Azken festa handia.
- 12:00. Meipitik plazara, Mazedonia kalejira. EH 11 kolore.
- 14:30. Herri bazkaria, Meipin.
- 17:00. Ekitaldia. Gu berri bat osatze bidean. Lintxua dantza taldea, musika, bertsolariak, testigantzak…
- 18:00. EH 11 kolore: batukada.
- 19:00. Elektrotxufla.
- 21:00. Dj Sound System: musika afrikarra.