Errenterian sortutako lehen boleibol kluba aurkeztu dute
Oarso Bolei Taldea aurtengo maiatzean sortu dute ofizialki, Errenteria-Oreretako guraso talde baten iniziatibaz.
Ilusioz eta aspaldiko eskaera bati azkenean, erantzuna emango dioten sentsazio betearekin aurkeztu dute Oarso Bolei Kluba. Errenteria-Oreretan sortutako lehen boleibol elkartea izango da honakoa, eta atzo arratsaldean eman zuten haren berri, Nerea Lizeaga lehendakariak, eta Vicente Holgado elkarte sortu berriko kirol zuzendariak. Bolei jokalariak ere izan zituzten ondoan aurkezpenean, baita Maite Gartzia jarduneko Kirol zinegotzia ere.
Argi azaldu zuen helburua Lizeagak: “Gure helburua aspalditik zegoen eskaera bati erantzutea, eta kirol honen zale sutsua den komunitatea osatzea da”. Boleibola sustatu nahi dute udalerrian, “modu baikor eta motibatzailean egin gainera”.
Horretarako, boleibolean aritu nahi duten gazteei materiala, instalazioak, entrenamenduak eta beste klub batzuekin lehiatzeko aukera jarriko die eskura Oarso Bolei Klubak. Berehala hasi nahi dute, gainera, eta hurrengo denboraldiari begira, irailean hasiko dituztela entrenamenduak jakinarazi zuen atzoko agerraldian Holgadok, “lehiaketak berriz, urrian hastea aurreikusi dugu beste herrietako taldeekin”.
Jaio berria da elkartea, joan den hilabetean sortu zuten ofizialki. Atzean, Errenteria-Oreretako guraso talde bat dago, eta haien inspirazio, berriz, Hernani Kirol Elkarteko Eusebio Lizarazu izan omen da. Klub berriak, Errenteriako Udalaren, Orereta Ikastolaren eta Koldo Mitxelena Batxilergo Institutuaren laguntza duela jakinarazi zuten arduradunek atzoko agerraldi horretan. Izan ere, Koldo Mitxelena institutuan egingo dituzte entrenamenduak, eta partidak, berriz, Orereta Ikastolan jokatuko dituzte.
Oarso Bolei Klubaren ateak parez pare zabalik daude proiektuarekin bat egin nahi duten guztientzat, eta horri begira, ate irekien jardunaldia egingo dute hilaren 27an (asteartea) 19:30ean Galtzarabordako Kiroldegian. Bertan, izena emateko prozesuaz, eta haur, kadete eta gazteen kategorietako taldeak osatzeko moduaz ariko dira. Harremanetarako eta klubak antolatuko dituenak jarraitzeko Instagram, facebook eta webgunea jarri dituzte martxan.
Sortu berria, baina eskarmentu handiarekin
Sortu berria da Oarso Bolei Kluba baina zerbait argi badago ez dela hutsetik hasiko da. Sortu berria bai, baina esperientzia handia ere badu soinean elkarteak. Kirol zuzendaria, Vicente Holgadok ibilbide luzea du boleiaren munduan eta lotura sendoa. 1980. hamarkadan Errenteria-Oreretan une hartan zen bolei talde bakarraren desagertzea salatu zuen. Taldea desagertu bai, baina pasio zuen hura garatzen jarraitu zuen beste bide batzuk hartuta. Ordutik, Entrenatzaileen Euskal Eskolako presidente, Arbitroen Euskal Batzordeko presidente, eta Boleiboleko Euskal Federazioko Kadete eta Senior kategorietako hautatzaile izan da. Atzoko aurkezpenean nabarmendu bezala, gainera, Gipzukoako boleibol talde bat Estatuko lehen mailara eraman du lehen aldiz.
40 urte joan direnean, Errenteria-Oreretan boleibola bultzatzeko aukera izango du berriro Holgadok, klubeko kirol zuzendari eta entrenatzaile gisa: “Oarso Bolei Kluba harro dago Holgadoren esperientziaz”. Zumeak badituzte; orain, denboran iraungo duen proiektua sendo sustraitzea dute jomuga.